Munduko %0,1 dirudunenek 3.500 milioi txiroenek adina kutsatzen dute

Enpresarik kutsatzaileenei eta dirudunenei zergak handitzeko eskatu du Oxfam erakundeak, eta Hegoalde Globalaren klima finantzaketa handitzeko, haren zorra handitu gabe.

Hegazkin pribatuen kontrako ekintza bat, klima protesta batean, Bruselan. LAURA P. GUTIERREZ / EFE
Hegazkin pribatuen kontrako ekintza bat, klima protesta batean, Bruselan. LAURA P. GUTIERREZ / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 27a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutsaduraren eta karbono isurien alorrean, arrakala handiak daude. Arrakala horiek sexuaren araberakoak izan daitezke, herrialdearen araberakoak, eta klasearen araberakoak, frogatuta baitago batez beste gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela eta Iparralde Globaleko herrialdeek Hegoaldekoek baino karbono gehiago isurtzen dutela atmosferara. Bada, arrakalarik ezagunenetako bat dirudunen eta txiroenen artekoa da, eta hori bera berretsi du Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak: munduko %0,1 dirudunenek —zortzi milioi pertsonak— 3.500 milioi txiroenek adina karbono isurtzen dute atmosferara.

Urtero aztertu ohi du erakunde hark zer-nolako desoreka dagoen karbono isuriei dagokienez, eta, azaldu dutenaren arabera, 1990. urtetik hona munduko %1 dirudunenek isuri guztien %20 eragin dituzte. Kalkulatu dutenez, %1 horien urtebeteko isuriek sortu duten gehiegizko beroaren ondorioz ia bi milioi pertsona gehiago hil dira; 1,9 milioi horietatik %78 errenta ertaineko eta baxuko herrialdeetan hil dira. Klima larrialdiari buruzko COP31 goi bileraren aurretik argitaratu du txostena GKEak.

Klima larrialdia areagotzen duten eta aldi berean klima aldaketarako prestatze, moldatze eta berreraikitze proiektuak dituzten 217 enpresa identifikatu ditu Oxfamek, Suntsitu eta Berreraiki Indizea deitzen dioten horretan. Eta horien atzean inbertsio funtsak daude: Black Rock eta Vanguard funts pribatuek, munduko handienek, 217 enpresa horietako %92tan inbertitzen dute.

Sofia del Valle Oxfameko Klima Justizia arduraduna da, eta nabarmendu du baliabide gehien dutenak hobeto babestu daitezkeela klima larrialdiaren inpaktuetatik, batez ere aseguru pribatuen bidez. Bestalde, haien etxebizitzak hobeto prestatuta daudela ere nabarmendu dute, kokalekuagatik eta materialengatik, besteak beste. Kontrara, txiroenek etxeak, uztak eta bestelako baliabideak gehiago galtzen dituztela nabarmendu du, baita berreskuratzeko zailtasun handiagoa dutela ere.

Desoreka hori nazioartean ere ikusten da: herrialderik industrializatuenek gehiago kutsatzen dute biztanleko, eta kalte gutxiago jasaten dituzte. Horrez gain, baliabide gehiago dituzte ez soilik jasandako kalteak konpontzeko, baita azpiegiturak eta ekonomiak prestatzeko galera eta kalte gutxiago sufritzeko.

Tresna fiskalak

Beste behin, Oxfamek gobernuei eskatu die tresna fiskalak erabiltzeko gehien kutsatzen duten enpresak eta pertsonak zigortzeko. Uste dute krisi klimatikoan erantzukizunik handiena dutenek egin behar dutela krisi hori bera konpontzeko ekarpenik handiena; horregatik, erregai fosilen enpresei zergak handitzeko eskatu dute, baita karbono asko isurtzen duten luxuzko ondasunei ere, hegazkin pribatuei bereziki.

Halaber, diru bilketa hori Hegoalde Globalarentzako klima finantzaketara bideratzeko eskatu dute, zuzeneko diru laguntza moduan. Izan ere, gaur egun laguntza eta mailegu bidez egiten da klima finantzaketa, eta maileguek zorra handitzen dute, eta hartzekodunen irabaziak handitu. Uste dute klima aldaketarako moldaketak egiteko baliabideak hirukoiztu egin behar direla 2035erako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA