Munduarekin zorretan

Hemendik gutxira bi planeta beharko dira egungo bizi estiloa mantentzeko. Hori adierazi du WWF erakundeak argitara eman duen txostenean.

2008ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ia 40 urte pasatu dira Apollo 8 espaziontziko astronautek Lurraren egunsentia izeneko argazkia atera zutenetik. Argazkian Lurraren lehen panoramika ederra ikus zitekeen. Bi belaunalditan, ordea, mundua kreditutik defizit ekologikora pasatu da.

WWF Naturarentzako Mundu Funtsa talde ekologistak 2008 Planeta Bizia izeneko txostena plazaratu du, eta bertan ohartarazi du gizakiak baliabide naturalak oso azkar kontsumitzen dituela -berriztatzea kostatzen dena baino abiadura handiagoan-, eta horrek ondorio latzak ekarriko ditu. Txostenean bildu dutenez, azken 35 urteetan soilik, Lurraren basa-bizitzaren herena galdu da.

Munduko biztanleriaren hiru laurdena baino gehiago zordun ekologikoak diren lurraldeetan bizi da, hau da, herrialde horrek behar baino gehiago kontsumitzen ditu baliabide naturalak. Ondorioz, «gutako gehiengoak egungo gure bizitza estiloa eta gure igoera ekonomikoa munduko beste tokietako kapitalaren ateratzean oinarritzen dugu».

WWFk egindako ikerketak argi uzten du: kapital naturalaren ardura gabeko kontsumoak planetaren goraldia arriskuan jarriko du kolpe ekonomikoekin; elikagaien, uraren eta energiarenkostu goratuekin, besteak beste. «Ekologikoki finantza erakundeak bezala jaduten dugu: berehalako sariak bilatuz ondorioak kontutan hartu gabe. Krisi ekologiko mundial baten ondorioak gaur egungo ekonomia krisia baino larriagoak dira», azaldu du Jonathan Loh, Londreseko Zoologia Elkarteko kideak.

Bi munduren beharra

Munduak bere onera itzultzeko behar duen abiadura baino azkarrago kontsumitzen dela ohartazi du James Leape Naturaren Mundu Funtsako zuzendariak: «Horrela jarraituz gero, 2030. urtearen erdialderako bi mundu beharko ditugu gure bizitza estiloa mantentzeko».

Planeta gehien ustiatzen duten herrialdeak Amerikako Estatu Batuak eta Txina dira. Bi horiek dira mundua gehien higatzen dutenak.

Hala eta guztiz ere, egoerari buelta emateko berandu ez dela adierazi du Leapek: «Oraindik baditugu bitartekoak kreditu ekologikoaren krisia lehengora itzultzeko.Ekosistemak kudeatzeko modua hobetu behar dugu. Naturak eskaintzen duenaren arabera kudeatu behar dira baliabideak, besteak beste».

Apollo 8-ak Lurraren egunsentiaren argazkia atera zuen bezala, espaziora abiatzen den hurrengo Apollo espaziontziak ez dezala Lurraren iluntzearen argazkia atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.