Munduan geroz eta ur geza gutxiago dago eskuragarri

'Munduko baliabide hidrikoen egoera' txostena argitaratu dute ur gezaren egungo egoeraren berri emateko. Urtean hilabete batez, 3.600 milioi lagunek baino gehiagok ez dute gutxieneko ur gezarik; litekeena da 2050ean 5.000 milioi izatea.

Muga ibaia, lehorturik, Peralada inguruan (Herrialde Katalanak), iazko abuztuan. DAVID BORRAT / EFE
Muga ibaia, lehorturik, Peralada inguruan (Herrialde Katalanak), iazko abuztuan. DAVID BORRAT / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 7a
15:40
Entzun

Azken bost urteetan, munduko ibaiek ohi baino ur gutxiago eraman dute, eta horrek kolokan jarri du ur gezaren hornidura. Hala adierazten du Munduko Meteorologia Erakundearen State of Global Water Resources (Munduko baliabide hidrikoen egoera) txostenak. Are gehiago, txostenaren egileek ohartarazi dutenez, urtean hilabete batez 3.600 milioi lagunek baino gehiagok ez dute gutxieneko ur gezarik. Gainera, kopuru hori 2050ean 5.000 milioira helduko dela aurreikusi dute.

Celeste Saulo Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak salatu du ur gezaren krisian ez direla hartzen «beharrezkoak diren neurriak». Erakunde hori NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia bat da. «Baliabide hidrikoak klima aldaketak dituen arriskuen adierazle garrantzitsuenetarikoak» direla nabarmendu du Saulok, eta, horregatik, kaleratu berri duten txostenaren garrantzia nabarmendu du: «Oso gutxi dakigu ur gezaren inguruan, eta neurtzen ez duguna ezin dugu kudeatu». Hori baita txostenaren xede nagusia: munduko ur geza gaur egun zertan den jakinaraztea.

Txostenak zehazten duenaren arabera, ur gezaren gabeziaren arrazoietako bat «muturreko gertakarien areagotzea» da. 2023a inoizko urterik beroena izan zen, batez beste, eta horrek eragin zuzena izan zuen. Txostenaren egileek jaso dutenez, muturreko gertakari horiek —uholdeak eta lehorteak, adibidez— Afrikan hil zituzten pertsona gehien. Libian, adibidez, uholdeen eraginez bi urtegi apurtu eta 11.000 lagun hil zituen urak iazko irailean. Gainera, herritarren %22ri kalte egin zien nolabait.

Afrika, hala ere, ez da izan kaltetutako gune bakarra. Hego Amerikan iaz gertatutako lehorteen eraginez, Amazonas ibaian inoizko ur mailarik baxuena neurtu zutela ohartarazi du txostenak. Lehorteek, bestetik, eragin zuzena izan zuten ekonomian, batez ere Argentinan. Herrialde horren BPG barne produktu gordina %3 txikitu zen lehorteengatik.

Saulok azaldu du zergatik ugaritu diren hondamendi klimatikoak: «Tenperaturen igoera dela medio, uraren zikloa azkartu da, eta askoz irregularragoa eta iragarrezinagoa bihurtu. Atmosfera bero batek hezetasun gehiago metatzen du, eta eurite bortitzagoak eragin. Bestalde, lurruntzea ere azkartu da beroagatik, eta, horrekin batera, lehorteak pairatzeko aukerak handitu dira».

Glaziarrak urtzen ari dira

Munduko ur gezaren %68,7 egoera solidoan dago; hau da, glaziarrak eta elurra dira munduko ur gezaren ia bi heren. Baliteke, ordea, kopuruak behera egitea luze gabe, eta ur baliabideen krisia areagotzea. Izan ere, txostenak dioenez, 2022ko irailetik iazko abuztura egindako neurketek erakusten dute glaziarrek iaz izan zutela azken 50 urteetan izan duten galerarik handiena: 600 gigatona ur galdu zituzten. Glaziarren urtze hori bereziki kaltegarria izan zen Alpeetan: Suitzako glaziarren tamaina %10 txikitu da azken bi urteetan. Europatik at dauden glaziarretan ere joera antzekoa dela adierazten du txostenak. Elurrari dagokionez ere antzera gertatzen ari dela adierazi dute ikerlariek, aurreko urteetan baino elur gutxiago pilatu baitzen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.