PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak Amnistia Legea onartzea behar zuen legegintzaldia aurrera eramateko, Kataluniako bi alderdi subiranista nagusiek, JxC Junts Per Catalunya alderdiak eta ERC Esquerra Republicanak, hala eskatzen baitzioten gobernuaren politikak babestearen truke. Bada hiru indar horiek akordio bat lortu zutela iragarri biharamunean, Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak amnistiari buruzko legea onartu du, gaur. Kongresura bidali du, eta datorren astean han bozkatuko dute diputatuek. JxCren Espainiako Kongresuko bozeramaile Miriam Noguerasek behe ganberan kazetariei esan dienez, «integrala» da «orain» legea, «denentzako». Urtarrilean ere adostu zuten testu bat hiru aldeek, baina JxCk, azkenean, atzera bota zuen Espainiako Kongresuan, kontra bozkatuz.
Batzordea bildu aurretik agerraldi bat egin du Felix Bolaños Presidentetzako, Jusitiziako eta Gorteekiko Harremanetako Espainiako ministroak, eta Katalunian egoera politikoa, soziala eta instituzionala normalizatzeko amnistia legea gisa izendatu du legea. Uste du «tentsio eta gatazka garaia» ixteko balioko duela, Espainian zein Katalunian, eta «munduan erreferente» izango den legea ondu dutela.
Jordi Turull JxCren idazkari nagusiaren esanetan, Carles Puigdemont alderdiaren liderrak udan itzuli ahal izango du Kataluniara —2017tik Belgikan dago erbesteratuta—. «Epaile batek eragozten baldin badu, prebarikazioa izango da», adierazi du, gaur, RAC1 irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Espainiako Gorteetako bidea eginda, aurreikusten dute maiatz erdialdean sartuko dela indarrean. Ondoren, epaileek bi hilabete edukiko dituzte aplikatzeko. Aintzat hartu behar da, nolanahi ere, Espainiako Auzitegi Gorenak agindu zuela lehengo astean Generalitateko presidente ohia (2016-2017) «terrorismoagatik ikertzea», Tsunami Demokratikoaren auziaren harira.
Espainiako eta Kataluniako hedabideek negoziazioen inguruko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, aurreko urtarrilean adostutako legea du oinarrian testu berriak, Kataluniako subiranistekin negoziatutako zenbait aldaketarekin. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak nabarmendu du, Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean, «terrorismoari» dagokion atala «ia berdina» dela, «idazkera» aldatu dela, ez, ordea, «eragina».
Aldaketarik esanguratsuenen artean dago amnistiak bere gain hartuko dituen delituen denbora tartea handitu izana; hau da, 2011ko azaroaren 11tik 2023ko azaroaren 13ra Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako ekintzak eta Espainiak legez kontrakotzat jo izan dituenak amnistiatuko ditu. Hori bai, ez denak. Argitaratutakoaren arabera, at geratzen dira «jokabide terrorista larrienak eta norbanakoen aberastea eragin duen diru publikoaren erabilera bidegabea delitua».
«Terrorismoari» dagokionez, urtarrilean aurkeztutako lege proiektuarekin alderatuta, kendu egin dituzte Espainiako Kode Penalari egindako erreferentziak. Amnistiatik kanpo geratzen dira «nahita giza eskubideen aurka egindako urraketa larriak». Horretarako, oinarritzat hartu dituzte, aurreko testuan bezala, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 2. eta 3. artikuluak, eta 2017an Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak «terrorismo» delituari buruz 2017an onartutako zuzentarau bat.
Bi urraketa azpimarratzen ditu bereziki testuak. Batetik, bizitzeko eskubidearen aurka egiten dituzten urraketak, eta, bestetik, torturarekin lotutakoak. Halere, tortura kasu denak ez dira barkamenetik kanpo geratzen. Izan ere, orain arte torturatzat hartu izan diren zenbait ekintza «ez baitziren benetan gai izan pertsonen erresistentzia fisikoa eta morala hausteko».
«Botere legegileari dagokio amnistiaren irizpideak ezartzea, eta botere judizialari dagokio legegileak ezarritako aplikazio eremuan dauden pertsona zehatzak identifikatzea», dio amnistia lege berriak
«Amnistia legeak ez ditu lagunduko soilik kausa penalak zabalik dituzten ehunka funtzionario, polizia, buruzagi independentista edo eskoletako zuzendariak; Katalunia osoari egingo dio mesede», azpimarratu du Bolañosek. Legearen inguruan orain arte jakin ahal izan denaren arabera, sei puntu garrantzitsu moldatu dituzte: terrorismoa, traizioa, torturak, fondo publikoak bidegabe erabiltzea, isunak eta epaileen eginkizuna. Azken puntuak zeresana eman dezake. Izan ere, botere judizialak erabakiko du zeintzuk diren amnistiatuak izan daitezkeen kasuak. «Botere legegileari dagokio amnistiaren irizpideak ezartzea, eta botere judizialari dagokio legegileak ezarritako aplikazio eremuan dauden pertsonak identifikatzea», dio testuak.
Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako ekintzetan parte hartzeagatik jarritako isunak ez dituzte bertan behera utziko. Testua argi mintzo da horri buruz, eta kalte ordainik ez dela egongo xedatu dute hiru alderdiek. Halere, leiho bat zabalik utzi dute; mozal legeari dagokiona, hain zuzen. Kasu horietan, epaileek ebatzi beharko dute isunen dirua itzuli edo ez.
Bolañosek argi utzi nahi izan du negoziazio politikoen emaitza den lege proiektu horrek Espainiako Konstituzioa eta Europako zuzenbidea errespetatzen dituela. Aurreko ostiralean argitaratutako Europako Kontseiluaren Venezia Batzordearen txostenaren zirriborroak hori dio.