Munduan 200 milioi neskato eta emakumeri egin diete ablazioa

Jone Amonarriz
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Unicef erakundeak jakinarazi du gutxienez 200 milioi neskato eta emakumeri egin dietela munduan ablazio motaren bat. Ablazio genitalen aurkako zero tolerantzia aldarrikatzeko nazioarteko egunaren harira argitara emandako txostenak zehazten du 30 herrialdetan dagoela indarrean praktika hori; bereziki, hiru herrialdetan: Egipton, Etiopian eta Indonesian. Txostenaren arabera, 2014an, 70 milioi neskatori egin zieten ablazioa; Gambian, Mauritanian eta Indonesian oso zabalduta dago ablazioa neskato txikiei egitea —44 milioi neskatori egin zaie ablazioa—.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du egungo joerak jarraitzen badu, 2030erako 86 milioi neskato ingururi egingo dietela ablazio motaren bat inoiz. OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, aldiz, urtero hiru milioi haurri eta emakumeri erauzten dizkiete genitalak. Azken urteetan, Afrikako eta Asiako migrazioa dela eta, praktika areagotu egin da Europan, Australian, Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Eskubideen kontrakoa

NBEk emakumeen giza eskubideen aurkako praktikatzat jotzen du ablazioa. Hemorragia larriak, infekzioak, ugalkortasunaren galera eta osasun arazo ugari eragiten ditu; baina, hala ere, kalkulatzen da osasun arloko profesionalek egiten dituztela ablazioen %18, eta herrialde batzuetan portzentajeak %74 gainditzen du. Praktika hori desagerraraztea zailtzen du horrek, eta, besteak beste, OME asko kezkatzen du. Hala, osasunaren sektorearen erantzuna indartzea eta ablazioaren kausa eta ondorioen inguruko ikerketak sakontzea ditu erronka nagusiak OMEk.

Mundu mailako helburu berriak betetzen, ablazioa deuseztatzearen bidez. Lelo hori aukeratu du aurten NBEk; 2008an jarri zuen abian genitalen erauzteari etena jartzeko proiektua, baina erakunde ugari ere lanean ari dira datuak iraultzeko eta praktika hori deuseztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.