GAZAKO SARRASKIAK URTEBETE

Munduak ez ditu Gazako herritarrak ahaztu

Israelek Gazako oldarraldia gogortu zuenetik urtea igarotzear dela, protestak egin dituzte nazioartean; Palestinako eta Libanoko erasoak gaitzetsi dituzte.

Palestinako herritarren aldeko manifestazioa, Amsterdamen. RAMON VAN FLYMEN / EFE
Palestinako herritarren aldeko manifestazioa, Amsterdamen. RAMON VAN FLYMEN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 5a
20:12
Entzun

Munduan zehar, milaka eta milaka herritar atera dira kalera Gazako herritarrei elkartasuna adierazteko. Etzi beteko da urtebete Israelek Gazako oldarraldia gogortu zuenetik. Hori dela eta, nazioarteak erakutsi du gogoan dituela hango biztanleak. Asiatik hasi eta Ameriketan amaitu, tartean Ozeania, Afrika eta Europa igarota.

Elkartasun oldeak mundua hartu du, eta herritarrek hirietako kaleak hartu dituzte. Milaka lagun batu dira Palestinako herriari babesa adierazteko Zeelanda Berrian, Thailandian, Hegoafrikan, Erresuma Batuan eta Txilen. Gazako herritarrak ahaztu ez dituztela jakinarazi eta Palestinari elkartasuna adierazteaz gainera, gogoan izan dute azkenaldian Israelen erasoak pairatzen ari den Libano ere.

Halere, elkartasun oihuak baino gehiago, gaitzespen garrasiak nagusitu dira manifestazioetan. Israel eta hura babeste duten herrialdeen kontrako mezuak zabaldu dituzte manifestariek. AEB Ameriketako Estatu Batuek duten jokabidea salatu dute batez ere, baina baita Europaren jarrera ere. Parisko protestetan Israeli boikota egiteko deia egin diete gobernuei. Horrez gainera, zenbait hiritan, Berlinen esaterako, une berean egin dituzte Palestinaren aldeko protestak eta Israelen aldekoak. Alemaniako hiriburuan, antisemitismoa salatuz atera dira kalera ehunka herritar, eta milaka, Palestinaren alde.

Protesta gehienak modu baketsuan egin badituzte ere, poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak ere egon dira batzuetan. Erroman, esaterako, Poliziak debekatu egin zuen Palestinaren aldeko manifestazioa egitea. Halere, milaka lagun batu dira, eta istiluak egon dira haien eta poliziaren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.