Koronabirusa Txinan

MUNDUA ALDATU ZUEN URTEA

Hasieran, Txina pandemiako gaiztoa izan zen; orain, berriz, birusa nola deuseztatu jakiteko eredua da. Horrek sendotu egin du Asiako erraldoiak munduan daukan eragina.

Maskararen erabilera ugaritu egin du pandemiak. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun

2019ko abenduko hirugarren astean, oharkabean joan ziren lehen albisteak. Txinako Hubei probintziako prentsa, tantaka-tantaka, zenbait informazio labur argitaratzen hasi zen Wuhan hiriburuko biztanle batzuk joak zituen pneumonia atipiko baten agerraldi bitxi bati buruz. 2020ari ongietorri egiteko kanpaiekin batera, batzuk antzematen hasi ziren paralelismo xumeak zeudela kasu haren eta 2002tik 2004ra ia 800 pertsona hil zituen SARSaren artean. Ezbairik gabe, Txinak 2019ko abenduaren 31n Osasunaren Mundu Erakundeari birus ezezagun baten berri eman zionean, inork ezin zuen pentsatu ere egin mundua guztiz aldatuko zenik.

 

Hala izan da, ordea. Gaur egungo SARS-CoV-2 birus honen aldean, ahuntzaren gauerdiko eztula izan zen orain hemezortzi urteko pandemia hura. Oraingo koronabirusak, Wuhan eta Hubeiko mugak gainditu, eta bidaia tragiko bat hasi zuen Ekialdetik Mendebaldera: dagoeneko 1,7 milioi lagun hil dira haren ondorioz. Zorionez, lehen kasuak detektatuak izan eta urtebetera, mundu osoan onartzen ari diren txertoek esperantza piztu dute luze gabe itzuliko dela lehengo normaltasun hura, jendeak hain faltan daukana. Pandemiaren ondorioak, ordea, luzaroan nabarituko dira munduko ekonomian eta geopolitikan. Eta, dudarik gabe, lehen agerraldia detektatu zen herrialdeak aterako du etekinik handiena.

«Hasieran, Hubeiko probintzian hiltzen ari zenean jende gehien, gorroto gorria piztu zitzaidan Txinako Gobernuaren kontra. Beste askok bezala, pentsatu nuen tokiko agintarien betiko ilunkeriak hondamendi bat eragin zuela, herrialdeari kalte larria ekarriko ziona. Ez atzera ez aurrera geratu zen Txina, eta arriskuan ikusi nuen hurko zaharrenen bizia». Horixe du gogoan Henan probintziako gazte batek, Liao Fenghuik. «Baina bitxia da nola irauli den historia: orain, bizimodu normal-normala dugu guk, eta mundua, aldiz, paralizatuta dago, guk sufritu genuen baino askoz izugarrikeria okerragoa sufritzen. Orain, txalotu egiten dut gobernuak nola kudeatu dituen gauzak», erantsi du.

Mendebaldean, jokabide nagusia zera da, birusarekin bizitzen ikastea harik eta txertoak konponbidea ekarri arte; Txinak, ordea, hasieratik egin zuen birusa guztiz deuseztatzearen alde. «Formula sinplea da, baina ez aplikatzen erraza: herritarrak erabat eta salbuespenik gabe berrogeialdian jartzea kutsatu gehien dituzten lekuetan, zorrotz segitzea arrastoari, konfinamendua ezartzea ustez kutsatuekin harremana izan duten guztiei, eta test masiboak egitea asintomatikoak azaleratzeko», azaldu du Jian Zhouk, Shanghaiko Xuhui ospitaleko buruak. «Gainera, Txinak halako arrakasta izateko, giltzarria izan da hasiera-hasieratik erabili izana bai maskarak eta bai aztarnari segitzeko aplikazioak», erantsi du, gogoan izanik nolako eztabaidak izan ziren Europan, eta nola horrek atzeratu zuen maskararen erabilera, eta eragotzi aplikazioak masiboki erabiltzea.

Osasuna «lehentasun»

«Hasieratik, Txinak argi izan zuen herritarren osasuna babestea zela lehentasuna. Hubeiko berrogeialdian, kalean barrikadak jarri zituzten, eta ez zen salbuespenik izan, ez erosketak egiteko eta ez txakurra paseatzeko ere. Wuhan 79 egun egon zen konfinatuta. Ez da izan halako eztabaidarik, ea interes ekonomikoek osasunaren gainetik egon behar duten. Eta denborak demostratu du antzua dela horretaz eztabaidatzea, osasunik gabe ez baitago ekonomiarik», salatu du Tao Weifangek; Pekingo ingeniari bat da, eta hainbat hilabete behar izan ditu Estatu Batuetatik itzultzeko hegazkin txartel bat lortzeko.

«Alde egin dut, han arriskuan nengoela sentitzen bainuen. Hemen hamalau eguneko berrogeialdi bat egin dut, inorekin harremanik izan gabe, eta uste dut egokia dela herrialdea babesteko, zeren kalera ateratzen zarenean seguru sentitzen baitzara, nahiz eta jada ez den nahitaezkoa maskara erabiltzea».

Txinak bolada luzeak egin ditu han bertan inor kutsatzen ez zela, eta, abuzturako, Wuhango herritarrek festa jendetsuak egin zituzten ur parke batean, ez maskararik, ez urruntze sozialik. Orain, erabateko normaltasuna dago pandemiaren epizentroan, nahiz eta han-hemenka izan diren zenbait agerraldi, koronabirusa oraindik badagoela oroitarazi dutenak. Azken hilabeteetan, transmisio lokaleko multzoak detektatu dira elkarrengandik urrun, esaterako Harbinen, Pekinen eta Xinjiangen, eta orain badaude foku batzuk Chengdun eta Barne Mongolian. «Horrek guztiak erakusten du erne segitu behar dugula. Eta are gehiago orain, Txinako Urte Berria ate joka dugun honetan», azpimarratu du Jianek.

Edonola ere, Txinan izan diren berragerraldiek ez dute eraginik ekonomian. Apirilean, Asiako erraldoiaren enpresa gehienek berriz martxan zuten jarduera; udan, askok iazko fakturazio maila bertsua zuten. Estatistika makroekonomikoek argi erakusten dute egoera: lehen hiruhilekoan, BPGak behea jo zuen, %6,8 jaitsita; bigarrenean, ordea, BPGa positiboa izan zen berriro ere, eta %3,2 igo zen; hirugarrenean, abaila hartu zuen, eta %4,9 igo. Nazioarteko erakunde nagusiak bat datoz Txina izango dela 2020an haziko den herrialde indartsu bakarra.

Baina kanpo merkataritzako estatistikek hobeto islatzen dute Asiako erraldoia indartzen ari dela. Izan ere, hasieratik, pandemiak agerian utzi du munduak mendekotasun handia duela Txinan ekoizten den osasun materialarekiko: horren produkzioak sekula ikusi gabeko goraldia du orain. Oro har, datuek erakusten dute munduak orain ez duela mendekotasun txikiagoa, kontrakoa baizik: azaroan, Asiako erraldoiaren esportazioak %21,2 handitu ziren iazko hilabete berarekin konparatuta, aurreikusi baino askoz gehiago —AEBetako dolarretan kalkulatuta—. Egoera honek are gehiago zabaltzen du Txinak munduari saltzen dionaren eta kanpoan erosten duenaren arteko aldea, eta handitu egiten dio superabit komertziala, zeinak hainbeste tirabira eragiten dizkion herrialde askorekin: azaroan, 75.420 milioi dolarrekoa izan zen, iaz baino %102 gehiago.

«Egoera logikoa da, kontuan hartuta Txinak martxan duela industria sare osoa, eta munduak ez», azaldu du 2Open aholkularitza enpresaren sortzaileak, Luis Galanek. Ideia hori berretsi dute Leftpocket animaziozko lanen ekoiztetxekoek, zeinak Shanghai kanpoaldean dituen estudioak: «Hasieran, koronabirusak Txinari bakarrik eragiten zionean, eskaera asko galdu genituen, eta beldur ginen enpresak bizirik iraungo ote zuen. Langile asko berandu itzuli ziren lanera, eta hainbat proiektu ezin izan genituen garaiz entregatu. Orain, ordea, enkargu gehiago jasotzen ari gara, munduko gainerako ekoizleak daudelako egoera horretan. Aldea da Txinak hilabete pare batez baino ez zituela itxi enpresak, eta herrialde askotan, berriz, murrizketak indarrean daude zortzi hilabeteren ondoren», azaldu du enpresaren sortzaile eta kontseilari ordezkariak, Yu Xinek.

Donald Trumpek duela bi urte Txinari deklaratutako gerra komertzialak ere ez dio kalte egin munduko bigarren potentziari. Oraindik Estatu Batuetako presidentea den horrek dio ezinbestekoa dela merkataritza balantza orekatzea, Ekialdera makurtuegia dagoelako, eta horregatik erabaki zuen muga zerga andana ezartzea Txinako produktuei. Baina koronabirusak atzera lehengora ekarri du aldebiko komertzioa, 2019ko beheraldi txikiaren ostean, eta Txinaren superabita markak hautsi eta hautsi ari da: urtarrila eta azaroa bitartean, bi bilioi yuaneko superabita lortu du (256.000 milioi euro), 2019an baino %6,8 handiagoa.

Hori dela eta, koronabirusa arma bihurtu da, jaurtigai moduko bat Estatu Batuek eta Txinak munduko hegemonia lortzeko duten lehian. Horren erakusgarri da Trumpek nola izendatzen duen pandemia aldiro-aldiro: birus txinatarra edo kungflu deitzen dio, kung fu eta flu (ingelesez, gripe) hitzekin jokatuz.

Beraz, ez da harritzekoa SARS-CoV-2aren jatorria, zientziaren esparruaz gaindi, arazo politiko ere bilakatu izana, eta Txina aurrez aurre jarri izana bost begiak deritzon fronte anglosaxoiko bost kideen aurka. Fronte horren barruan, Australia izan zen lehen herrialdea pandemiaren jatorriari buruzko ikerketa bat eskatu zuena, eta larrutik ordaindu du atrebentzia: Txinak eraso egin die Australiako produktuei, muga zerga handiak ezarriz: ardoari, esaterako, %212rainoko zergak ezarri dizkio.

Kontraerasoa

Baina Txinak beste bide batetik egin du benetako kontraerasoa. Pekinek oraindik ez die baimenik eman Osasunaren Mundu Erakundeko aditu independenteei Wuhanen ikerketa bat abiatzeko baliteke urtarrilaren hasieran egitea, eta tematuta dago koronabirusaren jatorriaren inguruan zalantza pizten.

Txinako hedabideek, Alderdi Komunistak zorrotz kontrolatuta, oihartzun handia ematen diote patogenoa iazko abendutik beste herrialde batzuetan ere egon zitekeela dioen edozein informaziori adibidez, esan izan da Italian egon zitekeela—, eta agintariek zalantzarako beste bide bat zabaldu dute: inportatutako jaki ultraizoztuak.

Erregimenaren arabera, SARS-CoV-2ak kutsaturik iritsi dira produktu sail batzuk, batez ere arrainenak. Areago: Pekingo Xinfadi merkatu erraldoian ekainean izandako agerraldian, Norvegiako izokina merkaturatzeko saltoki batek piztu zituen susmorik gehienak. Zientzialarien aburuz, ez da sinesgarria garraiatutako birus izoztu batek kutsatzea janari hori esku artean darabilena, baina Txinako Gobernuak horri heltzen dio, iltze gori bati nola.

«Izan ere, herrialdearen irudia txukundu nahi dute: oraingo irudiaren arabera, Txina toki zikin bat da, eta arriskuan jartzen du mundu osoa, bertan gizakiek eta basabereek duten harremanaren ondorioz», komentatu du Kunshanen bizi den euskal enpresari batek —nahiago izan du bere izena ez eman—. «Legeak onartu dira hornidura azoketako higienea hobetzeko eta basa fauna babesteko, baina Txinak munduaren salbatzaile gisa agertu nahi du», gehitu du, gogoan izanik Txinako komunikabideek zein luze eta zabal jorratu zuten handik beste herrialde batzuetara material medikoa bidaltzeko egindakoa.

Estrategia horretan, badago nabarmentzen den kontu bat: txertoa. Asiako erraldoiak sei txerto ditu garatzeko azken fasean, eta, oraingoz, Txina da herritar gehien immunizatu duen herrialdea. Arrisku handieneko jendeari txertoa berehala jartzeko kanpaina egitea erabaki zenetik, zenbait txerto erabili ditu, eta milioi bat laguni baino gehiagori jarri.

Eta baimena eman berri du Chengdu hiriko bi milioi herritarri baino gehiagori txertoa jartzeko. Baina ez du konformatu nahi txertoak Txinan bakarrik jarrita: Sinopharmen, CanSino Bioren eta Sinovacen txertoak oso erakargarriak izan daitezke garabidean diren herrialdeentzat, merkeak direlako, eta kontserbatzen eta manipulatzen errazak.

Txerto horien ahalmen guztia ustiatzea lortzen badute, baliteke oraindik gehiago sendotzea Txinak munduan duen eragina: azken batean, munduak gero eta urrunago du potentzia kolonial tradizionalen eskema, eta gero eta hurbilago Xi Jinping presidentearen planteamendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.