Fidel Castroren heriotza. Agur ekitaldiak

Mundu baten irudia, Habanan

Mendebaldeko herri gehienek bidali dituzte ordezkariak Fidel Castroren agur ekitaldira, baina ez lehen lerrokoak. Latinoamerikako ordezkaritza zabala izan da; Maduro eta Morales, besteak beste

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Mundua Kubara begira dago, baina munduaren zati bat falta da han. Aipatzekoa da Mendebaldeak izan duen jokaera: kortesiari huts egin gabe, ordezkariak bidali dituzte herri gehienetatik, Fidel Castrori azken agurra emateko, baina ez lehen lerrokoak. Han egon nahi du Europak, Karibeko herrialdearekin harremanak hobetzen ari den seinale —abenduaren 12an sinatuko dute EBk eta Kubak akordio berria—, baina Castroren «giza eskubideen urraketa» jarri dute gobernuburu gehienek aitzakiatzat. Atzo, esanguratsua zen Habanara EBko gobernuburu bakarra joan izana: Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa.

Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ordezkaritza zabala izan da, berriz. Eskualdean Fidel Castro bidelagun eta inspirazio iturri izan duten guztiak hantxe izan dira: Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, Evo Morales Boliviakoa, Rafael Correa Ekuadorkoa eta Daniel Ortega Nikaraguakoa —Enrique Peña Nieto Mexikokoa ere han izan da—. Venezuelan Hugo Chavez hil zeneko antzeko irudia eman du Habanak: XX. mendeko bigarren aldian suspertu eta itzaltzear den munduaren dolu eta mina. Etsipenik ez da ageri, baina, Maduroren eta gainerakoen hizketan. «Gure herrien XX. mendeko askatzailea izan da, eta XXI. menderako proiekzioa eman digu».

Afrikatik ere ordezkaritza zabala heldu da, Kubarekin izandako harreman onaren ondorio, batez ere Europako deskolonizazio garaian. Hego Afrikako Jacob Zuma, Zimbabweko Robert Mugabe edota Ekuatore Gineako Teodoro Obiang, besteren artean.

AEBak Ben Rhodes segurtasun nazionaleko aholkulari ondokoak ordezkatu ditu. Barack Obama jarduneko presidenteak dolumina azaldu du «historiak bere lekuan jarriko» duela esanez. Donald Trump presidente hautatua, berriz, Miamiko anticastristen euforiak elikatuta dabil. Mehatxu egin du bertan behera utziko duela Obamak Raul Castro Kubako presidentearekin egindako akordioa, «hitzarmen hobea» egiten ez badute.

Errusiako presidente Vladimir Putinek ere nahiago izan du ordezkaria bidali, Trumpekin duen harremana ez kaltetzeko. Baina ez dator bat Trumpek mandatariaz dioenarekin, Putinentzat «Errusiaren benetako laguna» izan baita Castro, eta «etsenplua» herri askorentzat. Txinaren izenean, berriz, Li Yuanchao presidenteordea joan da «Txinako herriaren dolumin sentituenak» adieraztera. «Iraultzaile handia eta Txinaren lagun handia» izan dela nabarmendu du.

Mundu baten argazkia eman du atzokoak. Gaurkoak beste bat emango du, Kuba barrualdeko herritarrena. Komandantearen errautsak daramatzan Askatasunaren Karabana abiatuko baita Santiagoraino.

Otegiri, debekua

Joan nahi, baina utzi ez diotenik ere izan da. Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiari ez diote utziMiarritzen hegazkinera igotzen, debekatua duelako AEBetako aire eremuan sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.