Mukuru kwa Njenga, justiziarik ezaren hiriburua

Kenyako hiriburuan 42 emakumeren gorpuak agertu dira. Poliziak 33 urteko gazte bat atxilotu du hilketen erantzule delakoan, baina auzokoek bestelako susmoak dituzte: uste dute gobernua egia ezkutatzen ari dela.

Emakumeen gorpuzkiak agertu diren zabortegiko irudi bat, Mukuru kwa Njengan, Nairobin. OSKAR EPELDE JULDAIN
Emakumeen gorpuzkiak agertu diren zabortegiko irudi bat, Mukuru kwa Njengan, Nairobin. OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Poliziaren arabera, 42 emakume gazteren gorpuak jaurti dituzte Kwareko zulora. Mukuru kwa Njengako gazteek bederatzi berreskuratu dituzte orain arte. Duela 11 egun, Ikerketa Kriminalen Zuzendaritzak (DCI) jarduera eteteko agindu zien. Zabortegiaren ertzetik urrunago dauden zaku susmagarriak jasotzeko garabia ekarri behar zuen Poliziak. Baina Justizia Zentroko komunitate antolatzaile Anami Gaudi Tureken esanetan, harrezkero DCIk ez ditu hartzen komunitatearen telefono deiak: «Deiaren zain gaude; bihar agian».

Poliziak 33 urteko gizonezko bat atxilotu du hilketen erantzulea delakoan. Iturri ofizialen arabera, gizonak berak onartu du 42 emakumeak hil izana, eta aitortu du bere emaztea izan zela guztietan lehena. Haren abokatuak, ordea, salatu du atxilotua torturatu egin zutela deklarazioa sinatu zezan —fiskaltzak ez du adierazpenik egin salaketa horren inguruan—. Bien bitartean, kezka da nagusi komunitatean; izan ere, auzokoek ez zekiten zabortegira hilotzak botatzen zirenik. Hori dela eta, Poliziak sekretu bat ezkutatzen duela susmatzen dute.

«Zeren zain daude?», esan du Immaculate Mothonik, bizilagun gazte batek: «Gorpuak berreskuratzen laguntzeko helikopteroren bat edo beste zerbait ekarriko dute? Eskuekin egin dugu lan guztia. Gazteek bizitza arriskuan jarri dute zuloan sartzeko, eta orain debekatu egin digute [gorpuak jasotzea]. Zergatik?». Aste honetan bertan Kenyako Gobernuak iragarri du bitarteko gehiago bidaliko dituela gorpuak jasotzeko eta aditu talde bat ere gerturatu da bertara. Komunitateak bazuen itxaropena lanak hasiko zituztela, baina atzo Poliziak aitortu zuen ez dutela nahikoa baliabiderik horretarako.

Poliziaren esanetan, frogak galtzeko arriskua dagoelako debekatu diete zabortegira sartzea, baina, bien bitartean, gorpuzkiek usteltzen jarraitzen dute, eta ur azalean dauden zakuak hondoratu egin daitezke, zabor meta bat baitago ur azpian. Bitartean, gazteak kexu dira, eurak egin dutelako Poliziarena den lana, eta egindako lanaren ordaina eskatzen dute.

Emakume gazte bakarra identifikatu dute orain arte. Haren gorpua, Roselyne Akothena, zatituta agertu zen, baina haren amak identifikatu ahal izan zuen. Haren poltsa atxilotutako gizonezkoak alokatzen zuen gelan aurkitu zuela jakinarazi zuen Poliziak. Roselyne Akotheren ahizpak azaldu du poltsa harekin ikusi zutela azken aldiz, ekainaren 28an. Bi egun lehenago desagertutako beste neska baten ahizparen ametsagatik deskubritu omen zen Kware hilotzez beteta zegoela. Haren familiak aurkitutako aztarnen artean Josephine Mulongo alaba identifikatu zutela uste zen, baina DNAk baztertu egin du hura dela.

«Ez digute informazio egokirik eman, istorioak besterik ez», dio Silviak, Mukuru kwa Njengako psikologo gazteak. Hark ikusi zituen gazteek lehorrera eramandako gorpuetan zeuden ebakiak, eta ez du uste DCIk atxilo hartutako gizonaren gelan aurkitutako matxete zaharrarekin egindakoak direnik. Ez dute sinesten psikopata bakar baten lana izan denik ere.

Zabortegia dagoen harrobiaren ondoko etxoletan bizi da Mothoni, eta, haren ustez, ezinezkoa da inork handik gertu hilketak egin eta gorpuak bertan gordetzea bizilagunek jakin gabe. Amaren etxera alde egin berri du, gazteek William Ruto presidenteari erreformak eskatzeko antolatutako protestetan parte hartu ondoren.

Jatorri bera

Protestak eta sarraski honek duten loturari buruz ez dute froga garbirik, baina abiaburu bera dutela uste dute Justizia Zentrokoek. Poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak oso eskasak izan dira bilaketa lanak hasiz geroztik. Auzokoek salatu dute gazteek ateratako zakuak eraman besterik ez duela egin aginteak. Gazteek, haserre, polizia etxearen aurrean utzi zituzten zabortegitik ateratako azken bi gorpuak. Istiluak eragin zituen horrek, eta hiru egun iraun zuten. Protestetan, hamahiru pertsona balaz zauritu zituzten. Batzuk erietxean daude oraindik.

Silvia Poliziaren gogorkeriaren biktimei laguntzen aritu da Justizia Zentroan, boluntario. Uste du hilketen inguruko egia ez dela jakingo, gobernuak «informazioa ezkutatzeko ahalegin ugari» egin baitu.

Kwareko komisaria harrobiaren sarreraren ondoan dago. «Ez zuten ezer ikusi; krimenari buruz ez zekiten ezer, baina gure gazte bat motorrean bi bidaiarirekin handik igarotzen bada, berehala harrapatzen dute. Zergak biltzeko gune bat besterik ez da»,  salatu du Mothonik. Auzotarrak ez dira joaten komisaria horretara, ezta segurtasun arazoak dituztenean ere. Tureren esanetan, Mukuru kwa Njenga da justiziarik ezaren hiriburua: «Gailurrean daude Poliziaren ankerkeriak, estortsioak, atxiloketa arbitrarioak, eta baita kargu faltsuak ere».  

Duela ia hiru urte, harrobiaren inguruko Mukuru kwa Njengako hiru auzunetako egiturak eraitsi zituzten gobernuaren aginduz, eta milaka pertsona etxegabe utzi. Bertan bizi zen Amos Omongo, eta zera dio: «Errepide bat egin nahi zutela esan ziguten hasieran, baina dena txikitzen hasi ziren. Ez zen jakinarazpenik egon, ez parte hartze publikorik ere». Orduan ere istiluak sortu ziren. Gutxienez bi hildako izan ziren. Familiak pixkanaka itzultzen ari dira auzora, baina erabat prekario bizi dira, justiziarik eta laguntzarik gabe. Omongo bertako nesken futbol taldeko burua da, eta baloien fabrika txiki bat sortu dute neskek diru apur bat irabaz dezaten. Euren talentuak eta ahalmenak dauzkate bakarrik.

Bizilagunek ez dute gizarte zerbitzurik, ez segurtasunik, ez enplegurik. Gehienak, Mothoni eta haren semeak bezala, egunean egunekoarekin bizi dira, nekez. Komunitatean metatutako oinaze horretatik dator gazteen protestek hartu duten indarra. Banan bana agertu dira iraultzaren alde, egiaren alde, eta aginteak ez du oraindik aurkitu protestak behin betiko isilarazteko modua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.