Garai hartan, Muxiako arrantzale kofradiako patroi nagusia zen Javier Sar. 2002ko azaroaren 13a zen: izugarrizko denboralea zeukaten, eta itsasoa oso harrotuta zegoen. Egoera hartan ez zegoen askorik egiteko; beraz, Sar eta haren tripulazioa kafe bat hartzen ari ziren Marina tabernan. Hango telebistan ikusi zuten petroliontzi batek arazoak zituela trafiko korridorean. Hala ere, ez zioten garrantzi handirik eman albisteari, nahiko normala baitzen halakoak gertatzea.
Gau hartan, hilaren 14ko goizaldeko lauretan, itsasoratzea erabaki zuten, bareago zegoela ikusita. Handik bi ordura, petrolio usain izugarria hartu zuten, eta ontzia aztertzen hasi ziren. Usaina ikaragarria zen, baina itsasotik zetorren. Ez zekiten zer gertatzen ari zen. Arraroa zen: ontzi handi batzuen oihartzuna entzuten zen radarretik. Arrantzaleak lurretik 16 miliara zeuden, eta seinale horren jatorria Touriñango lurmuturretik hiru milia eta erdira zegoen.
Geroxeago, argi erraldoi batzuen isla ikusi zuten, eta konturatu ziren albistegian azaldutako petroliontzitik zetorrela soinua, eta hiru atoiontzi zituela inguruan. Ezin zuten sinetsi zer gertatzen ari zen.
Ontzien hotsak lokalizatzea lortu zuten satelite bidezko irratia erabilita, eta ohartu ziren Galiziako kostaldeari gainera zetorkiola arazoa. «Prestige petroliontziaren neurriko barku batek orduko hiru milia egiten ditu jitoan», azaldu du Sarrek. «Beraz, gertagarria zen trafiko korridoretikkostatik 27 miliara dago atera eta kostaldetik hiru miliara geratu izana 13ko arratsaldean edo 14ko goizaldean».
Eguneko lehen eguzki izpiak agertzean, are gehiago harritu ziren. Ohartu ziren galipot geruza lodi baten gainean nabigatzen ari zirela. Itsasoa bare zegoen, eta haien ontziak ez zuen mugiarazten orbana. Ordubete behar izan zuten gasolio gainean nabigatzeari uzteko. Beraz, erregaiak estalitako itsas eremuak gutxienez bi milia eta erdiko zabalera zuen petroliontziak egindako bide osoan: trafiko korridoretik hasi eta atoiontziek mugiaraztekoa zuten lekura. Komunikabideek ematen zuten informazioa ez zetorren bat Sarrek eta haren tripulazioak bertatik bertara ikusia zutenarekin. Hedabideek esaten zuten kostaldetik 15 miliara zegoela petroliontzia, baina haiek bazekiten egia askoz ere kezkagarriagoa zela: Galiziako kostaldetik hiru milia eskasera zegoen Heriotzaren Kostako hondamendi beltza.
Goizeko hamarretan, Enrique Lopez Veiga Galiziako Itsaso kontseilariak Sarri deitu zion. Zer gertatzen ari zen sinetsi ezinik, kontseilariak bizpahiru aldiz galdetu behar izan zuen ea ontzia lurrera iristeko zorian ote zegoen. Egun horretan bertan, kostaldera galipot orbanak iristen hasi ziren. Asteburuan, 2002ko azaroaren 16an, dena beltz zegoen.
Sarrek salatu duenez, atoiontziak irrigarriak ziren petroliontziaren aldean. Hasieran, pentsatu zuen atoiontziek gertu zegoen portu bakarrera eraman behar zutela barkua, Curcubiongo portura, alegia. Atoiontziak hego-mendebalderantz joan ziren, baina, handik ordu gutxira, norabidea aldatu, eta iparraldera hartu zuten, Frantziako Estatuak protesta egin zuen arte. Buelta eman zuten, hego-mendebaldera, eta Portugal ere kexatu egin zen segituan. Norabidea aldatu zuten berriz, ontzia itsas zabalera eramateko, eta, azkenean, etengabe bueltaka ibili eta gero, hondoratu egin zen azaroaren 19an.
Errealitatea ezkutatzea
Soledad Mendez sorterrian zegoen, Gatako mendilerroan (Extremadura), turismorako landetxe bat baitzeukan han. Prestige-ri buruzko albisteen berri izan zuenean, Galiziako lagunekin harremanetan jarri zen, arazoaren berri jakiteko; izan ere, hara ez zen iristen informaziorik.
Kontatu ziotena ez zetorren bat Espainiako kate publiko eta pribatuetako albistegietan entzuten zuenarekin, eta, beraz, erabaki zuen Interneten bitartez eta Portugalgo irratia entzunez informatzea. Politikariek zioten ez zela ezer gertatzen eta ez zela marea beltzik izango, eta ez kezkatzeko esaten zioten gizarteari. Ikusita jasotzen zuen informazioak ez zeukala zerikusirik errealitatearekin, Galiziara joatea erabaki zuen, laguntzeko.
Xurxo Souto musikari eta idazleak ere berretsi du informazioa ezkutatu zela garai hartan, eta gogora ekarri du bere amona Manuela Vello. Hauxe esaten zuen Vellok: «Manuel Fraga jaunak [Galiziako Xuntako orduko presidenteak] esaten du ez dagoela galipotik, eta galipota ikusi egiten da». Alderdi Popularraren, hau da, garai hartan Galiziako Xuntan eta Espainiako Gobernuan agintean zegoen alderdiaren boto emaile bat haren kontra jarria zen, agerian geratzekoak ziren gezurren eta isilarazte operazioaren harira.
Francisco Vazquez Vizosok, hondamendia gertatu zenean Pontevedrako Ospitale Guneko Medikuntza Prebentiboko burua eta ikertzaile medikoa zenak, konparazio bat egin du: parekatu egin ditu Pirenaica irratiak diktadura frankistan izandako garrantzia kanal klandestino bat izan zen, erregimenak ematen ez zuen informazio alternatiboa emateko sortua eta Prestige-ren garaian Portugalgo irratiak izandakoa. «Portugalgo irratia informazio elementu ezinbestekoa zen; izan ere, Galizian gezurretan aritzen ziren inongo lotsarik gabe, bai estatuko komunikabideak eta bai Galiziakoak», ziurtatu du medikuak.
Alfredo Lopez Itsasoko Ugaztunak Aztertzeko Koordinakundeko (Cemma) biologoak dioenez, hedabideek gaiari emandako trataerak kalte egin zion mugimendu ekologistari ere. Haren ustez, Nunca Maisen gisako kolektibo transbertsal batean sartua zegoenez neurri batean, Galiziako ekologismoa gehiago isilarazi da Galiziako prentsan bertan eta Espainiakoan, Galiziatik kanpoko beste erakunde batzuk baino.
Lehen protestak
Viki Rivadulla artista eta aktibistaren hitzetan, Muxiako herritarren erantzuna emozionala izan zen, erraietakoa. Arroketan galipota zegoela ikusten zuen etxeko leihotik, eta, aldi berean, telebistako albistegietan esaten zuten ez zela ezer larririk gertatzen. Negu hura ikaragarria izan zen, eta haren etxe ondoko plaza ere erregai beltz horrekin estali zuen itsasoak. Gero, Fragak esan zuen diru zorroa beteta joango zela Muxiara, eta horrek are gehiago haserrearazi zuen Rivadulla. Panpinak egitea zuen lanbide, eta horretarako erabiltzen zituen oihalekin pankartak egiten hasi zen. Lehena balkoian zintzilikatu zuen, eta honela zioen: Heriotzaren Kosta ez dago salgai. Etxeak aldarrikapenez bete ziren pixkanaka.
Bisitan agertutako Espainiako Gobernuko lehen politikaria Miguel Arias Cañete izan zen, Nekazaritzako eta Arrantzako ministroa, eta herritarrek erabaki zuten egun hartan pankartak balkoietara ateratzea, hari harrera egiteko. Rivadullaren esanetan, Alberto Blanco udalerriko alkateak, zeina PPkoa baita, herritarrak konbentzitu nahi izan zituen pankartarik jar ez zezaten. Gehienek, ordea, protestan segitzea erabaki zuten, eta herriko hainbat tokitan zintzilikatu zituzten kartelak.
Ministroak erabilitako helikopteroak hegan aterarazi zituen pankartak, eta han zeuden herritarrak, alkatearen pertsuasioa zela-eta beldurtuta bazeuden ere, pankartei heltzen hasi ziren berehala, haizeak eraman ez zitzan; izan ere, ez zuten galdu nahi kartelak Arias Cañeteri erakusteko aukera. «Ez ginen Nunca Mais, baina baginen jada; momentu hori funtsezkoa izan zen gero Muxian gertatu zena gerta zedin», azaldu du. Sarrek dioenez, Nunca Mais plataforma oraindik sortu gabea zen herri horretan lehen manifestazioa egin zutenean. Egun hartako pankarta erraldoia gogoratu du: zuria zen, eta letra gorriak zituen; ez zen gero memoria kolektiboan iltzatuta geratu den hori bezalakoa.
Horrela sortu zen Nunca Mais plataforma. Soutoren ustez, Galizia garaikidean izandako mugimendu sozial eta politikorik handiena da. Xaquin Rubio biologoak gogoratu du Arousako itsas sektorearen eta Itsas kontseilariaren arteko bilera batean egon zela, Arousako Itsasadarraren Aldeko Plataformaren izenean. Kontatu duenez, politikariak ukatu egin zuen arazoa, eta, bera konturatu ere egin gabe, horrek eragindako asaldurak bultzatu zuen mugimendua Nunca Mais sortzeko deialdia egitera, Santiago de Compostelan.
Hamazazpi egun baino ez ziren pasatu istripua izan zenetik 2002ko abenduaren 1ean Nunca Maisek manifestazio historikoa egin zuen arte. Rubidoren ustez, Prestige-ren hondamendiak barren-barreneraino hunkitu zituen herritarrak, eta, horregatik, Galiziako herritarrek lortu zuten aldarrikapenak Madrileraino eramatea eta han mobilizazio jendetsu bat egitea, inoiz ez bezalakoa. Otsailaren 23an, ehunka mila lagunek egin zuten protesta Espainiako hiriburuan, tragediaren inguruan egindako kudeaketa politikoaren aurka.
Jose Maria Aznarrek Espainian gidatutako gobernuaren eta Manuel Fragak Galizian gidatutakoaren gaitasunik eza salatu zuen plataformak. Horrez gain, zenbait proposamen egin zituen hondamendia hobeto kudeatzeko eta Galizian itsasoko segurtasuna bermatzeko.
Nahiz eta tragedia horrek berebiziko garrantzia duen eta Galiziako herritarrek gogor erantzun zuten, Soutoren ustez isilarazteko operazio handi bat dago abian gaur egun ere.
Aukera galdu bat
Galiziako gizarteko kolektibo mota askok parte hartu zuten Nunca Maisen. Baita medikuntzako talde batzuek ere. Haietako batean aritu zen Francisco Vazquez Vizoso, eta, haren iritziz, istripu hura aukera paregabea zen azterketa epidemiologiko serioak egiteko.
Jende asko aritu zen galipota biltzen, eta horrek modua ematen zuen neurtzeko zer ondorio ekartzen dizkien pertsonei erregai horren eraginpean egoteak. Xuntak eta Espainiako Gobernuak errealitatea ezkutatu nahi izan zutenez kosta ahala kosta, gobernuek ez zuten kasurik egin, eta, horren ondorioz, aukera galdu zuten inoiz ez bezalako esperimentu bat egiteko eta emaitza horietan ikusteko osasunari nola eragiten dion hidrokarburoekiko esposizioak.
Ingurumen arloan ere informazioa ezkutatu zieten ikertzaileei, eta oztopoak jarri, Cemmako biologo Alfredo Lopezen hitzetan. Kontatu duenez, hildako animalien organoen analisiak Frantzian egin zituzten; izan ere, arlo zientifikoan ere, Galizian eta Espainian zentsuratu egiten zuten Prestige-ren hondamendiarekin zerikusia zuen guztia. Lopezek salatu duenez, boluntarioek garbiketa lanak egiteari utzi ziotenean bezalaxe dago gaur egun kostaldea.
«Eremu hori ez dute lehengoratu: hondartza gune batzuk orain dela hogei urte zeuden bezalaxe daude, berdin-berdin. Itxuraz, ezin hobeto daude, baina, harriak altxatzen hasita, ikus daiteke lur zati batzuk asfaltoz estalita daudela; beraz, gure itsasoan kutsadura kronikoa dago», azaldu du Lopezek.
SERIEA. 'Prestige'-ren hondoratzeak 20 urte (eta IV). Nunca Mais plataformaren sorrera.
Mugimendu sozial eta politikorik handiena
2002ko azaroaren 13an, 'Prestige' petroliontzia noraezean zebilen. Galiziako Xuntak eta Espainiako Estatuak istripua kudeatzeko izan zuten moduaren ondorioz, Galizian izandako hondamendi ekologikorik handiena bilakatu zen. Horri aurre egiteko, Nunca Mais sortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu