Larissa izeneko hiria Greziako erdialdean dago, kostaldeko herri turistikoetatik urrun. Errepideetan ez ezik, hiriaren inguruan ere ez dago ia mugimendurik. Atenaserako bidean dagoen errepidetik ehun metro barrena, kometa batzuk ikus daitezke hegan. Isilunea da nagusi; zaila da imajinatzea bertan errefuxiatuen kanpamentu bat egon daitekeenik. Lesbos, Idomeni, Pireo eta Kios, halako errefuxiatuen guneek oihartzun handia dute. Hau ez da hedabide gehienetan agertzen, baina errefuxiatu kanpamentu bat da. Kutsokhero dauka izena.
Hesiz inguratuta dagoen arren, errefuxiatuak nahi dutenean atera daitezke bertatik. Ez dute nora joaterik, mendiz eta errepidez inguratuta baitago gunea. Irudia tristea da, oso: gobernuak jarritako denda ugari hutsik daude. Guztira 800 errefuxiatu inguru daude, horietako 650 afganistandarrak. Gainerakoak Siriatik, Iraketik edo Palestinatik iritsi dira. Guztiek, euren jaioterrian, Turkian edota Grezian, mafien eskuetatik pasatu behar izan dute.
Greziako kanpamentu guztietan gertatzen den bezala, Kutsokheron ere afganistandarrak dira egoera latzenean dauden errefuxiatuak: hizkuntza eta ikasketa maila eskasak izateaz gain, kanpamentuetako pertsona pobreenak dira. Orain dela aste batzuk, siriar ugarik etxera bueltako bidea planteatzen hasi ziren: «Bonbak erortzen dira, baina ohorea mantentzen dugu. Gutxienez, ogiaren bila geure kabuz joan gaitezke. Hemen, txakurren moduan tratatzen gaituzte» adierazi du siriar jatorriko emakume batek. Afganistandarrek, berriz, argi dute: egoera jasanezina den arren, ez dute etxera bueltatu nahi. Afganistanera bueltan eramaten badituzte, torturen eta erailketen beldur dira.
Kazetariei mugak
Greziako Gobernuak kontrolatzen du kanpamentua. Militarrek kazetariei galdeketa laburrak egiteaz gain, pasaportea gordetzen diete barruan dauden bitartean. Kutsokhero bisitatzera edota haren berri jasotzera joaten direnek denbora tarte mugatua dute; militarrak ez daude eroso, eta lehenbailehen alde egitea nahi dute. Txikienei irribarre bat atera nahi dieten pailazoak ere ezin dira sartu. Ez dago gobernuz kanpoko erakunderik barruan: mugimendurik ez duten hiru karpa baino ez daude, baina ez da boluntariorik ikusten. Militarrek kudeatzen dute errefuxiatuen eguneroko bizimodua. Kanpamentu mota hauetan nahi dituzte errefuxiatu guztiak, errazago kontrolatzeko, eta, deportazioak egin behar izanez gero, prozedura azkartzeko.
Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan dagoen Idomeniko kanpamentuak izan du oihartzuna azken hilabeteotan. Hau, Kutsokherorekin alderatuta, kanpamentu ez-ofiziala da; alegia, nahiz eta Greziako Poliziak errefuxiatuek Mazedoniarako muga ez zeharkatzea kontrolatu, trenbidearen alboan inprobisatu den kanpamentua da. Gobernuz kanpoko erakundeek karpa txiki batzuk jarri dituzte Idomenin; ez nahikoak, ordea; ez da denda militarrik ikusten. Apirilaren 26an, Greziako Poliziak, eguraldi txarra baliatuta, Idomeniko kanpamentua atzean uzteko gonbita egin zien errefuxiatuei ohar baten bidez: Grezian zehar banatuta dauden Kutsokhero bezalako kanpamentu militarizatuetan kokatu nahi dituzte errefuxiatuak, errazago kontrolatzeko.
Grezia osoan zehar dauden errefuxiatu gehienek bezala, Kutsokheron ere kazetariekin hitz egin nahi dute; behar dute. Hala adierazi du kanpamentuan berrogei egun daramatzan emakume siriar batek. Homs hiriko familia baten ama da; senarrarekin eta bi alabekin dago kanpamentuan. Nabarmena da etsipena, baita haserrea ere. Ez du aurpegia eman nahi; izan ere, litekeena da Siriara itzuli behar izatea, eta segurtasun arrazoiengatik, nahiago du familiaren nortasuna ezkutuan mantendu. Hizketan ari den bitartean, behin baino gehiagotan eutsi behar izan dio negarrari senarra eta alabak alboan dituela. Oztopoz betetako bidaia egin behar izan du, hesiz inguratutako kanpamentu batean bukatzeko.
Haserrea eta etsipena
Aldi berean, errudun sentitzen da emakumea. «Nire alabek gezurra esatea leporatzen didate. Nik ez nien etorkizun hau agindu». Orain dela sei urte munduko herrialde onenen artean kokatu du Siria. Sinetsita dago, segurtasunagatik ez ezik, bizi kalitatea onena zela, «guda iritsi zen arte».
Martxoaren 10ean sartu zen Europako Batasunean, eta ez zuen imajinatzen horrelako harrera egingo zietenik. Lotsaren akordioa izenekoa indarrean sartu aurretik iritsi zen Greziara, beraz, uhartean hilabeteak daramatzaten errefuxiatu guztiek bezala, ez daki zein den bere familiaren etorkizuna. Ez daki noiz arte iraungo duten. Hala ere, argi dauka: alabengatik jarraitzen du kanpamentuan; bestela, ahal izanez gero, Siriarako itzulerako bideari ekingo dio ahal bezain pronto. Egungo egoeraren errudunen inguruan galdetuta, argi eta garbi adierazi du: «Giza eskubideak eta askatasuna hitzekin ahoa betetzen duten horiek mugak itxi dizkigute gure muturren aurrean».
Mugen barruko hesiak
Greziako errefuxiatuentzako kanpamentu batzuk guztiz militarizatuta daude. Gobernuak bertan bildu nahi ditu iheslariak deportazioak kontrolatzeko; Kutsokhero da horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu