II. Mundu Gerra

Mugarri gogoangarria

Kanadako, Frantziako, Erresuma Batuko, AEBetako eta beste hainbat herrialdeetako agintariak bildu dira Normandiako Lehorreratzea oroitarazteko. II. Mundu Gerrako bataila horren 75. urteurrena da gaur.

jarraia167357.jpg
2019ko ekainaren 6a
07:03
Entzun

Ia 10.000 hilarri zuri daude Frantziako Commonwealth kanposantuan. II. Mundu Gerran Normandiako batailan hil ziren soldaduen hilobiak dira, AEBetatik, Erresuma Batutik, Kanadatik, Frantziatik eta beste hainbat herrialdeetatik etorritako soldaduenak Alemania naziari mendebaldeko frontea irekitzera etorri ziren. 1944ko ekainaren 6an gertatu zen E eguna, eta 75. urteurrena da gaur. Normandiako Lehorreratzearen urteurren esanguratsuak izan direnetan, mundu osoko estaturik boteretsuenetariko agintarien topagune izan da Normandia. Bilgune horrek munduko egoera geopolitikoa deskribatu izan du, eta horrela gertatu da gaurkoan ere: agerian geratu da gerra irabazi zuten estatuen arteko arrakala. Izan ere, Txina eta Errusia, gerraren beste bi irabazle handiak, ez dira Normandian izan, Mendebaldearekin dituzten tirabiren isla argia.

II. Mundu Gerran lagun izan baziren ere, AEBak eta SESB ez ziren bata besteaz fio. Aliantza bazegoen, baina mesfidantza ere begi bistakoa zen. Gerra bukatu ondoren hasi zen Gerra Hotza, tentsio handiko garaia. 1991n desegin zen SESB; haatik, 28 urte geroago, tentsio katea ez da eten potentzia nagusien artean.

Vladimir Putin Errusiako presidentea E egunaren 70. urteurreneko ospakizunean izan bazen ere, ez dute aurtengo ekitaldira gonbidatu. Agintariek hitzaldi handi eta gogoangarriak egiteko baliatu izan dute egun hori. Gaurkoan, inork ez dio Putini aipamenik egin, eta herrialdeen arteko batasunean eta loturan ardaztu dira agintariak. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Donald Trump AEBetako presidenteari zuzendu dizkio hitzaldiko hitz gehienak. Trumpi eskatu dio bi herrialdeen arteko adiskidetasuna berritzeko, eta Normandiako promesari eusteko: "Ez ahaztu herrialde askeak elkartzen direnean erronka guztiak gaindi ditzaketela". Horretaz gain, besteen askatasunaren alde borrokatzeko esan dio: "AEBak handiagoak dira besteen askatasunarengatik borrokatzen dutenean".

Trumpek estutu nahi izan du AEBek gainerako herrialdeekin duten lotura, eta ziurtatu du hautsezina dela elkartzen duen soka: "Gure lagun eta kidei guztiei: gure aliantza preziatua batailaren berotasunean sendotu zen, eta gerrako zailtasunei aurre eginez probatu zen. Bakearen bidez frogatu genuen aliantza hori. Gure arteko lotura hautsezina da".

Mugarri esanguratsua izan zen Normandiako Lehorreratzea. II. Mundu Gerrako gertakari garrantzitsuenetariko bat izateaz gain, beste lehia baten abiapuntua ere izan zen. Bataila hori gertatzen ari zenerako, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Poloniara bidean zegoen, eta haren helburua zen Berlin hartzea. Ekialdeko nahiz Mendebaldeko potentziek zuten xede haien legea ezartzea Europan, eta, horretarako, etsai komuna garaitu behar zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.