Dotie Joseph (1979) Haitin jaio zen, eta Florida (AEB) estatuko Ipar Miami hirian hazi zen. Eskola publikoetan ikasi zuen, eta, ondoren, Yale Unibertsitatean Politika Zientzietako lizentzia eskuratu zen, eta Georgetown Unibertsitatean Zuzenbidean doktoretza egin zuen. Komunitatearen ahalduntzearen alde borrokatu da Joseph, eta eskubide zibilen eta giza eskubideen defendatzailea izan da bizitza osoan. Kalitatezko hezkuntza, osasun arloko zerbitzu onak, eremu publikoko segurtasuna, eta, besteak beste, garapen ekonomiko egokia ditu helburu, Floridako Ordezkarien Ganberan hark ordezkatzen duen barrutian bizi diren guztien bizitza hobetzeko. 2018tik da Alderdi Demokrataren diputatua.
Zure ustez, zer egin behar da AEBen eta Mexikoren arteko mugako arazoa konpontzeko?
Uste dut mugan immigraziorekin lotuta dauden arazoak konpon daitezkeela, muga inguruko herrialdeetako gobernuek behar beste baliabide ematen badituzte beharrei modu humanitarioan, diskriminaziorik gabe, erantzuteko. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuak dira [NBEren] Errefuxiatuen Estatusari Buruzko Hitzarmenaren kide —hori Ameriketako Estatu Batuetako Errefuxiatuen Legean txertatuta dago—, baita Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor ere.
Nazio Batuen Erakundearen zenbait agentziak hainbat gomendio egin dituzte, zeinak errefuxiatuei, emakumeei eta haurrei buruzko betebeharrak betetzeko lagungarri izango liratekeen, diskriminaziorik gabe. Horretarako, beharrezkoa da baliabide egokiak eskaintzea etxebizitzari, osasun arretari, elikadurari eta garraioari lotutako beharrak bete daitezen, urte luzez estatuko eta tokiko gobernuekin batera komunitate hauei laguntzen aritu diren irabazi asmorik gabeko erakunde fidagarriekin lankidetzan. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak immigrazioren erreforma integrala onartu behar du, migranteak diskriminatu gabe, pertsonek horrela beren estatusa arautzeko bide esanguratsu bat izan dezaten.
Demokrata gisa, zer iritzi duzu klima aldaketari buruz? Zer proposamen dituzue?
Klima aldaketa gizateriaren arazorik handienetako bat da. Kolonialismoaren ondorengoak diren ereduetatik, eta baliabide humanoak eta naturalak agortuz onura bila dabilen kapitalismo purutik urrundu behar dugu. Horren ordez, gure jardueren eragina zazpi belaunalditan aintzat hartzen duten ekonomia modelo eta praktika berriak behar ditugu, soldata duin bat irabazteko aukera izan dezaten, gaurko lan indarraren beharrizanei benetako arreta emanez. Honek esan nahi du enpresen irabaziak nola banatzen diren berrikustea —zuzendarien, jabeen eta besteen artean—, ardura korporatiboa ingurumena babesteko modu hobeak bilatzea, ekoizpen praktika iraunkorrak ezartzea. Pertsonak gizaki gisa tratatzea, ez finantza kontu bateko gastu huts gisa.
«Klima aldaketa ukatzearen iruzurra elikatzea komeni zaio [Trumpi], erregai fosilen enpresetatik irabaziak lortzeko»
Nola lortu Donald Trumpen alde bozkatu duten pertsona horiek klima aldaketaz arduratzea?
Nola lortuko duzu eguzkia aurpegian diz-diz izanik ere eguzkia gezurtatuz irabazten duen pertsona batek eguzkia existitzen dela sinestea? Badaki existitzen dela. Tenperaturen, urakanen eta tornadoen markak ditugu hori egiaztatzeko. Baina politikan klima aldaketa ukatzearen iruzurra elikatzea komeni zaio, erregai fosilen enpresetatik eta ingurumena gutxi errespetatzen duten beste enpresetatik irabaziak lortzeko. Zeren, kanpainetarako diru poltsak eta beren kontu pertsonala betetzen dituzte. Ez dago inolako pizgarririk jendeari egia irakasteko edo diru iturri horrekin bat egiten duen ezer egiteko.
Uste duzu AEBetara iristen diren komunitateak —latinoamerikarrak, haitiarrak...— indartsuagoak bilakatzen ari direla? Uste duzu hurrengo hauteskundeetan funtsezkoak izan daitezkeela?
Komunitate horiek garrantzi handia dute hauteskunde hauetan.
Zer iritzi duzu Palestinan gertatzen ari denaz?
Israel genozidio bat egiten ari da Palestinan, urriaren 7an Hamasek egindako ekintzak justifikazio gisa erabilita. Bizitza asko suntsitzen ari da, eta ezin da justifikatu egiten ari dena. Bere asmoa da lurraldea zabaltzea; ez bakarrik Palestinan, baita Libano eta beste estatu arabiarretan ere, lurrak erreklamatzeko. Palestinarrek eta juduak ez diren israeldarrek apartheid teokratiko horretan bizi dituzten injustiziak ezin dira justifikatu; gehiengo globalak ere hori pentsatzen du. Behin betiko bakea nahi dut eskualdean, baina ez dadila bake faltsu bat izan, zeinean ez den errealitatea aitortzen; pertsona batzuek gerra gehiago nahi dute, errentagarria delako haientzako, politikoki erosoa delako edo juduak ez direnen eskubideak onartzen ez dituztelako.