Mugako hainbat pasabide berriro irekitzeko eskatu die Mexikok AEBei

Blinkenek eta Lopez Obradorrek elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute, migrazio krisiari aurre egiteko; bi herrialdeen arteko ezohiko bilkuran hartu dute erabakia. Joan den hilabete amaiera bitarte, 2,2 milioi etorkin saiatu dira AEBetara sartzen.

(ID_13453247) MEXICO MIGRATION CRISIS
Mexikoko eta AEBetako ordezkariak migrazio krisiari buruzko ezohiko bilkuran, atzo, Mexiko Hirian. MEXIKOKO GOBERNUA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 28a
12:30
Entzun

Gaur egun, migrazioaren afera da AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren kezka handienetako bat, eta, horren inguruan hitz egiteko, ezohiko bilkura batean bildu ziren atzo bi herrialdeetako zenbait ordezkari; horien artean, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Alejandro Mayorkas Segurtasunekoa, eta Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko estatuburua. Ia hiru orduko eztabaidan adostutakoez xehetasun handirik eman ez duten arren, Mexikok zer lehentasun dituen nabarmendu zuen herrialde horretako kantziler Alicia Barcenak, bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan: «Guretzat lehentasun bat da, eta garrantzi handikoa, mugako zenbait pasabide berriro irekitzea».

Etorkinen etenik gabeko iritsieraren ondorioz, horien eskariak prozesatzea izan dute lanik handiena AEBetako mugazainek, eta, haien lana murrizteko asmoz, Washingtonek Mexikoren eta AEBen arteko mugako pasabide batzuk itxi ditu hilabeteotan. Baina asilo eskatzaileek eta migratzaileek ez ezik, AEBetako hegoaldeko hainbat enpresak ere nozitu dituzte itxiera horien ondorioak; Texaskoek, batez ere. Mexikoren eskaera horri oraindik erantzun irmorik eman ez dion arren, Blinkenek irekita utzi du atea, haren bulegoak gaur baieztatu duenez. «Blinken idazkaria prest dago eztabaidatzeko AEBek eta Mexikok nola kudea dezaketen mugako segurtasunaren erronka, baita zenbait ekintza ere, hala nola bien arteko mugako zenbait sarrera berriro ere irekitzea».

Lopez Obradorrek esan du «laguntzeko prest» dagoela delako «erronka» horiei aurre egiteko. Hori bai, argi utzi nahi izan du «aurrerapausoak» ikusi nahi dituela AEBek Kubarekin eta Venezuelarekin dituen harremanetan —Kubakoak eta Venezuelakoak dira Mexiko igaroz AEBetara sartzen saiatzen diren migratzaile asko—, eta Etxe Zuriak garapenerako laguntza gehiago eman behar lituzkeela Erdialdeko Amerikarako.

Bilkuraren ondoren, bi herrialdeen arteko batasuna adierazi nahi izan zuten Lopez Obradorrek eta Blinkenek, X sare sozialean idatzitako mezuen bitartez. «Gure estatuentzat onuragarriak izango diren akordioak adostu ditugu. Orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da elkarbizitzan oinarritzen den politika», esan zuen Mexikokoak. «Mexikorekin lan egiteko konpromisoa hartzeko prest gaude, biok ditugun erronkei erantzuteko», idatzi zuen ondoren Blinkenek.

Joan den hilabete amaiera bitarte, 2,2 milioi etorkin saiatu dira AEBetara sartzen, herrialde horretako Aduanen eta Mugako Babesaren Bulegoaren arabera.

Joan den hilabete amaiera bitarte, 2,2 milioi etorkin saiatu dira AEBetara sartzen, herrialde horretako Aduanen eta Mugako Babesaren Bulegoaren datuen arabera. Eta, oraingoz, ez du irudi migrazioaren gorakada horrek etenik izango duenik. Eguberri egunean, esaterako, ia 10.000 etorkinez osaturiko karabana batek oinezko ibilbidea hasi zuen Huixtlan (Mexiko), eta AEBetako mugara bidean dira orain.

Migrazioaren krisia da, hain justu, AEBetako presidente Joe Biden agintaldian jasaten ari den presio handiaren eta kritika gehienen sorburua. Batetik, Alderdi Errepublikanoa eskatzen ari zaio 2024ko aurrekontuetako kopuru handiago bat erabiltzeko hegoaldeko mugarako —Ukrainarentzako laguntza militar gehiago onartu beharrean—, eta migrazioaren aurkako neurri gogorragoak hartzeko; bestetik, agerian geratzen ari da agian ez dela gai izango hauteskundeak irabazi zituenean egindako promesa betetzeko, hau da, «migrazioaren kudeaketa justuago eta gizatiarrago bat egitea».

Autobusen kontrolak New Yorken

Aurrerantzean, hegoaldetik New Yorkera iristen diren autobusen iritsierak mugatuko dituzte, atzo New Yorkeko alkate Eric Adamsek iragarri zuenez. Neurri horren arabera, etorkinez osaturiko autobusek hirirako bidea hasi baino 32 ordu lehenago abisatu beharko dute horretaz, eta ezingo dira edonoiz iritsi; astelehenetik ostiralera, 08:30etik gauerdira arte baizik. Gainera, autobus guztiek geltoki berean gelditu beharko dute, Manhattanen.

Neurri horren asmoa da, hain justu, autobus horietan iparraldera bidaiatzen duten migratzaileen iritsierak kontrolatzea. Hori bai, Adamsen araabera, egitasmoaren helburua ez da migratzaileen iritsiera galaraztea, baizik eta «pertsona horien segurtasuna bermatzea, eta modu koordinatuan, kontrolatuan, eta ordenatuan iristen direla bermatzea». Gehienetan, hegoaldeko gobernadore errepublikanoek betetzen dituzte autobus horiek migratzaileekin, eta estatu demokratetara bidaltzen dituzte gero, horiei presioa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.