Mugabe presidentearen aurkako zentsura mozioa jarriko du haren alderdiak

Zimbabweko Batzar Nazionalak mozioaren inguruan hitz egingo du gaur. Mnangagwa da Mugaberen alderdiko lider berria

Mugabe, Shiri komandanteari eskua ematen, militarrekin eginiko bilera baten ostean, herenegun. THE HERALD / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Zimbabweko presidente Robert Mugaberen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko du haren alderdiak, ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoak. Dimisioa emateko ultimatumari Mugabek erantzunik ez eman ostean hartu dute erabakia. Mugabek dimisioaz hitz egitea saihestu zuen igandean, telebistan eginiko diskurtso batean.

«Mugaberen aurkako zentsura mozioa aurrera eramateko eskatu dio alderdiak talde parlamentarioko buruari», azaldu du Khaya Moyo alderdiko bozeramaileak. ZANU-PFk atzo 12:00ak —11:00 Euskal Herrian— arteko epea eman zion Mugaberi dimisioa aurkezteko, eta zentsura mozioarekin mehatxatu. Halakorik egin ez zuenez, alderdiko talde parlamentarioa atzo arratsaldean bildu zen, eta mozioa adostu.

Zimbabweko Batzar Nazionala gaur bilduko da zentsura mozioaren inguruan hitz egiteko. ZANU-PFk du gehiengoa han, baina senatuaren eta parlamentuaren bi herenen aldeko boza beharko luke aurrera ateratzeko. Ez litzateke Mugaberen aurka jartzen den lehen mozioa izango, baina bai aurrera ateratzeko aukera duen lehena.

Mugabe ez zen dimisioaren inguruan mintzatu igandeko diskurtsoan, eta alderdiaren abenduko kongresua zuzentzeko borondatea azaldu zuen. Asteartean abiatutako armadaren matxinadak inolako mehatxurik sortu ez duela ere gehitu zuen, militarrez inguratuta emaniko hitzaldian.

Alderdiaren kongresura iritsiko balitz,bere lekua Emmerson Mnangagwari, berak kargugabetu zuen presidenteorde ohiari, uzteko izango litzateke. ZANU-PFko Batzorde Zentralak, herenegun eginiko bileran, Mnangagwa alderdiko lider izendatu zuen, eta 2018ko hauteskundeetarako hautagaia izango da. Erabaki hori, ordea, kongresuan berretsi behar dute. Armadako buru Constantine Chiwengak azaldu zuenez, Mnangagwa eta Mugabe atzo hitz egitekoak ziren.

Batzorde Zentralak Grace Mugabe eta G-40 fakzioko hainbat kide, tartean hainbat ministro ohi, alderditik kaleratzeko erabakia ere hartu zuen. Grace Mugaberen eta bere aldeko fakzioaren nahia gutxiengo zuriaren erregimenaren aurkako gerrako beteranoak goi karguetatik kentzea izango litzeteke, armadaren esanetan. Fakzio horretako hainbat kide jada atxilotuta daude, eta ZANU-PFk azaldu du epaituak izango direla.

Mnangagwa gerrako beteranoa da, eta Mugabek hura kargugabetzeak —azaroaren 6an— eragin zuen armadaren matxinada. Ustez, Grace Mugabek zuzendutako fakzioa izan zen erabaki hori aurrera eramateko presio egin zuena. Mnangagwa eta Grace Mugabe presidente kargura iristeko bi hautagai nagusiak ziren, 37 urteko Mugaberen lidergoari jarraipena emateko.

Protestak aurrera doaz

Mugaberen aurkako protestek ere aurrera jarraitu dute. Handiena larunbatean egin zuten, milaka lagun bilduz Harareko kaleetan. ZNLWA Zimbabweko Askapen Gerrako Beteranoen Elkarte Nazionalak kalean jarraitzeko deia egin die herritarrei. «Ez dugu Harare utziko Mugabek alde egin arte. Mezua garbia da», azaldu du elkarteko buru Chris Mutsvangwak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.