Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Muga-zerga gehiago

2024ko urriaren 20a
05:05
Entzun

Zorionez, Europako Batasunaren merkataritza politika Europako Batzordearen eskumena da. Eskumen hori Bruselaren esku egongo ez balitz, ia ezinezkoa izango litzateke Europako Batasunaren merkatua babesteko babes-neurriak onartzea, hala nola muga-zergak, horretarako herrialdeen gehiengo zabala beharko litzatekeelako. Gehiengo hori lortzea ia ezinezkoa da herrialde bakoitzak bere interes ekonomikoak dituelako. Txinan egindako kotxe elektrikoen aurkako muga-zergak ezartzeko bozketan, adibidez, hori argi ikusi da: ez da gehiengorik egon ez alde, ez kontra; eta, gauzak horrela, Europako Batzordeak muga-zergekin aurrera egitea erabaki du. Txinako Gobernua, bitartean, buru-belarri ibili da herrialde bakoitzarekin banan-banan negoziatzen muga-zergak geldiarazteko helburuarekin.

Frantziak kotxe elektrikoentzako muga-zergen alde bozkatu eta gero, koñak edariaren aurkako muga-zergak ezarri ditu Pekinek. Alemanian, kotxeen eta saltxitxen industria lasai egon daitezke, oraingoz, muga-zergen kontra bozkatu eta gero Txinak ez baitu Berlinen kontrako neurririk hartu. Espainiaren kasuan, Espainiako txerrikien aurkako muga-zergen proposamena airean geratu da Pedro Sanchez buru duen gobernuak abstentzioa eman duelako. Kontra egin edo abstenitu direnek ez dute zertan kezkatu. Are gehiago, Txinaren aldeko joera erakutsi duten herrialde horietan Txinako autogintza enpresek lantokiak ireki ditzakete. Eta hori ona da Europarentzat, autogintzaren industrian lanpostuak mantenduko direlako. Txinako enpresentzat ere baikorra da: muga-zergen mehatxurik gabe euren produktuak saldu ahal izango dituzte Europan eraikiko dituzten fabriketatik.

Txinan barne kontsumoa behera egiten hasi zenetik, hango enpresak etxean saldu ezin dutena esportatzen hasi dira. Jakin, badakite, AEB Ameriketako Estatu Batuetan jai dutela, bertan Joe Biden presidentearen gobernuak ibilgailu elektrikoei %100eko muga-zergak ezarri eta gero. Muga-zergak hain handiak izanik, praktikan, AEBetako merkatua itxita dago Txinan egindako ibilgailu elektrikoentzat. AEBen ondotik, Txinarentzat bigarren merkaturik handiena Europako Batasuna da, eta hori, oraindik, erdi irekita dago. Washingtonek ez du Txinako kotxe elektrikorik bere lurraldean sartzerik nahi; Europako Batasunak, ordea, Txinatik datozen ibilgailuen kopurua murriztu nahi du etxeko autogintza elektrikoa garatzen den bitartean.

Azkenean, litekeena da Txinako kotxe elektrikoen muga-zerga batzuk bertan behera geratzea Europara ekartzen diren ibilgailuen prezioak edo kopuruak murriztearen truke

Azken urteotan ikaragarri handitu da muga-zergen eta beste babes-neurrien erabilera; hein handi batean, Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak Munduko Merkataritza Erakundeari jaramonik ez egitea erabaki dutelako eta euren industriei estatu laguntza masiboak ematen ari direlako. Europako Batasunak 2023an, esaterako, 186 neurri zeuzkan indarrean, aurreko bost urteetan baino %40 gehiago.

Ez Europako Batasunak, eta ezta Txinak ere ez dute nahi merkataritza gerrarik, diru eta lanpostu asko jokoan daudelako batean eta bestean. Azkenean, litekeena da Txinako kotxe elektrikoen muga-zerga batzuk bertan behera geratzea Europara ekartzen diren ibilgailuen prezioak edo kopuruak murriztearen truke. Europako Batasunak muga-zergak ezarri izan ez balitu, eta Txinak beste muga-zerga batzuekin erantzun, bi aldeek ez lukete beste irtenbide bat negoziatzeko pizgarririk izango. Auto elektrikoen borroka honetan, beste hainbat arlotan bezala, Europako Batasunak ez dauka beste irtenbiderik bien artean ahulena delako; alegia, Europako Batasunean ez bezala, Txinan estatu laguntzek ez dute mugarik, nahi izan enpresa adina salba daitezke diru publikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.