Kairoko Tahrir plazan Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen aurka egunotan entzun zitekeen aho batezko oihua zatitu egin zen atzo. Diktadoreak hemendik sei hilabetera egingo diren hauteskundeak pasatu bitartean botereari eutsiko diola iragarri izanak eta trantsizioa gidatzeko asmoa erakutsi izanak eragin zuen zatiketa.
Aurreko egunetan bezala, ehunka mila manifestari bildu ziren Kairo erdigunean, Mubaraki agintea lehenbailehen uzteko eskatzeko. Dena den, aurreko egunetan baino gutxiago ziren kalera atera ziren egiptoarrak. Tahrir plazan bildutako hainbaten arabera, herritar askok ontzat eman zuten presidenteak aurreko gauean igorri zuen mezua, eta, ondorioz, manifestazioetara ez itzultzea erabaki zuten.
«Oraindik ere presidentearekiko uste ona dutelako onetsi dituzte haren hitzak», azaldu zuen Hassanek. «Ni kalera atera naiz, izan ere, azken 30 urteotan gezurra esan badigu, eta orain, ez du zertan aldatu», gaineratu zuen goizean goizetik protesta gunean zen gazteak.
Bitartean, diktadorearen aldekoak biltzen hasi ziren, Tahrir plazakoen harridurarako. «Mubaraken alde euren interes propioengatik egiten dute», zioen batek. «Behartsuak dira, heziketa gutxi jaso dute, eta ez dakite besterik egiten», adierazi zuen beste batek oso haserre. Indarrean dagoen gobernuaren aldekoek protesta baketsuak lehertzen saiatzeko kalera jo zuten, lehen aldiz, atzo.
Hain zuzen ere, diktadorearen aldeko herritarren kopuruak gora egiten zuen bitartean, plaza barruan bildutakoen errezeloa eta mesfidantza handituz joan zen.
Azken egunotan bezala, Tahrir plazan manifestari taldeak harathonat zebiltzan, bakoitza bere leloa oihukatuz. Baina asko giza lerroak eratzen hasi ziren, Mubaraken aldekoei euren gotorleku bilakatu den plazako sarrera ixten saiatzeko.
Goiz osoan armadak itxita eduki zuen Egiptoko Museoa inguratzen duen kalea, bi bandoak bananduta mantentzeko ahaleginean. Baina presidentearen aldekoak gehituz joan ziren, eta kalea hartzea lortu zuten azkenik. Molotov koktelen ondorioz, museoa inguratzen duten lorategiek su hartu zuten. Mubaraken aldekoek eta kontrakoek elkarri harriak jaurtitzeari ekin zioten, eta Kairoko erdigunea gudu zelai bilakatu zen. Inguruko eraikinetatik ere zernahi botatzen zuten kalean bildutako jendetzaren aurka. Armadak berandu erreakzionatu zuen. Kea bota zuen tankeetatik, jendea sakabanatzeko eta egoera apur bat baretzeko asmoz. Azkenik airera tiro egin zuten soldaduek jendea uxatzeko.
Istiluak hasi aurretik armadak manifestariei etxera joateko erregutu zien. Herriaren eskariak entzun zirela eta horiek beteko zirela adierazi zuten, herritarrak etxera itzul zitezen. Horietako askok, baina, Mubarakek agintea utzi artean kaletan jarraituko zutela adierazi zuten.
Liskarrak hasi eta berehala, harri kolpeekin zaurituta itzuli ziren plaza barrualdera Mubaraken aurkakoak. «Poliziak dira! Poliziak dira!» oihukatzen zuten larrituta. Izan ere, erasotzaileak gobernuak bidalitako isileko agenteak zirenaren susmoa berehala zabaldu zen manifestarien artean.
«Mubarakek ordaindu eta bidali ditu, kaosa eragin eta batasuna hausteko. Egunotan ez dugu gure artean inolako iskanbilarik izan», zioen Mustafa Shaat unibertsitateko ikasleak. Mubaraken helburua herritarren artean zatiketa eragitea dela azaldu zuen Shaatek, eta eurak diktadorearen tranpan erori zirela zioen.
Ahmed Ali lantegi bateko nagusiak hauteskundeetako iruzurra salatzeagatik kartzelan egona dela azaldu zuen. «Berriz itzultzeko prest nago, beharrezkoa bada». Beste askok bezala, presidentea oraintxe bertan joatea du desira eta ez hemendik sei hilabetetara, hark iragarri bezala. Haserre zegoen Mubaraken alde ari zirenekin. «Badirudi askok dagoeneko ahantzi dituztela polizien esku hil diren herritar guztiak. Gure errespetua merezi dute eta ez dutuste horiek guk amore ematea onartuko luketenik. Ez Mubaraken mezuagatik eta ezta haren aldeko manifestariengatik ere».
«Ez joan oraindik»
Plazaren kanpoaldean bildutakoek «Mubarak oraindik gure presidentea da» oihukatzen zuten, bitartean. Eta Poliziaren helikoptero bat igarotzen zen bakoitzean «Ez joan oraindik» erregutzen zuten zeruari begira, horietako batean presidenteak ihes egin zezakeelakoan.
«Mubarak Sadaten laguntzailea zen eta agintera heldu zenean heroi bezala hartu zuten denek» zioen Egipton turisten gidari lanak egiten dituen Shaditek, Anuar el Sadat presidentearen hilketari erreferentzia eginez. «Egia da AEBekin bat egiten duela, baina gure arazoak konpontzeko ere hor dago», gaineratu zuen. Pobreziaren eta krisi ekonomikoaren inguruan galdetuta, pobreak mundu guztian daudela erantzun zuen Shaditek, ez soilik Egipton.
Haima gizonezko erretiratuak plazakoei «traidore» deitzen zien, behin eta berriz. Horiek egin zuten iraultzarekin fio ez zela zioen. «Poliziaren bortizkeriaren aurka protestan dabiltza, baina eurek ere badakite Polizia beharrezkoa dela», gaineratu zuen. «Mubarak izan zen Israelen aurka borrokatu zena 1973an. Badirudi Israelekin harreman baketsua izateak izorratzen diela», kexu zen, Mahmud langabetua.
Egunean zehar soldadu bat hil zen atzo, eta zaurituak 400dik gora ziren iluntzerako. Hainbat unetan egoerak baretzera egin zuela zirudien arren, liskarrak behin eta berriz pizten ziren Mubaraken aldekoen eta kontrakoen artean.
Protestak herrialde arabiarretan
Mubaraken aldekoak protesta baketsuak lehertzen saiatu dira
Diktadorearen aurkako manifestariei eraso egin dietenak Egiptoko Gobernuak bidalitako poliziak direla uste daJendetza bildu da, berriz ere, Mubaraki lehenbailehen alde egiteko exijitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu