Txistuka hartu dute Kairoko Tahrir plazan bildutako ehunka mila herritarrek Hosni Mubaraken mezua. Iraileko hauteskundeetan hautagai izango ez dela iragarri eta trantsizioa gidatzeko asmoa erakutsi du Egiptoko presidenteak. Protestekiko nolabaiteko ulermena erakutsi nahi izan du, nahiz eta manifestazioen atzean oposizioaren eskuhartzea salatu duen. Keinua alferrikakoa izan da. Diktadoreak kargua ez ustea espero bazuten ere, «ospa, ospa» oihuekin erantzun diote herritarrek, oso haserre.
Mubaraken mezuak ez zion amaierarik eman protesta egun luzeari. Kairon goizetik bildutako jendetzak etxeratze aginduari entzungor egin eta kalean geratzea erabaki baitzuen. Polizia ez zen egun osoan agertu ere egin, eta plazan eskuz esku egon ziren manifestariak eta militarrak.
«Bi mila lagun» eskas
Oposizioko Apirilaren 6a mugimenduak deituta, eta azken astean egunero egin duten bezala, erdialdeko Tahrir plazara abiatu ziren goizetik herritarrak. Atzo, ordea, inoiz baino jende gehiago atera zen kaleetara.
«Milioi bat pertsonaren martxa» egin nahi zuten, eta aurreikuspenak bete dituzte, izan ere Tahrir plazak eta inguruko kaleek gainezka egin dute. Agentzien eta nazioarteko hedabideen arabera milioi bat lagunetik gora bildu dira Mubaraken aurkako protestan. Egiptoko telebista eta irrati kateetan, aldiz, «bi mila pertsona inguru» bildu direla esan dute.
Hedabideen zentsurarekin nazkatuta Ghada Nabil kazetari egiptoarrak Al Goumhuriya egunkarian idazteari utzi dio. «Ez dira gertatzen ari dena kontatzen ari», azaldu du. Eta gezurrak kontatzeko nahiago du ezer ez kontatu. Esaterako, iragan astean protestetan zauritutako manifestariei egiaz gertatutakoa Egiptoko ezein hedabideetan irakurri ez duela aipatu du. Asko ospitale publikoetara eraman zituzten, baina artatu aurretik poliziek atxiki eta galdetegi gogorrak egin zizkieten. Nabilek bere gertuko askori gertatutakoa dela kontatu du, eta hori ezin izan duela inon irakurri.
Hiriaren erdigunera heltzeko hainbat kontrol igaro behar dira. Herritarrek eurek antolatu dituzte kontrol guneak, eta bertan goitik behera miatzen dituzte herritarrak. «Barkatu, baina zuen segurtasunerako da», azaltzen dute. Kalea zaintzen dabiltzan herritarren patruilak ere etxeratze agindua amaitu ostean erdigunetik urrun aurkitzen dituzten guztiei ere paperak eskatzen dizkiete eta nora doazen galdetzen diete. Besteak beste, espetxeetatik ihes egin duten ehunka presoen beldur dira.
Tahrir plazan, baina, festa giroa da nagusi. Batzuk ura banatzen dute, eguzkiak gogor jotzen baitu. Besteek tea eta datilak. Eta guztiak guztien lagun dira. Apaiz koptoak musulmanekin besarkatzen dira, eta elkar hartuta Mubaraken aurka oihu egiten dute.
Orduak aurrera joan ahala jendetza geroz eta handiagoa da. 15:00etan, Etxeratze-agindua indarrean sartzearekin bat iritsi da jende kopurua gorenera, izan ere ez dute errespetatzen.
Ingelesez zein arabiarrez bakoitzak bere mezua darama karteletan. Afixa batean «Esan Obamari ahal dugula» irakur daiteke; beste batean, «Askatasuna nahi dugu»; baina gehienetan «Mubarak kanpora» idatzi dute. Gizon batek azken egunotan poliziak herritarren aurka jaurti dituen gas potoak erakusten dizkio hurbiltzen den edonori. Horietan, «Made in USA» jartzen du eta Israelek palestinarren aurka erabiltzen dituen berberak direla azaltzen die jakin minez gerturatzen direnei.
Etorkizunean zer?
Guztiek lelo bera, «Mubarak kanpora», oihukatzen duten arren, bakoitzak etorkizunerako ideia propio bat dauka. Lehentasuna, dena den, diktadorea boteretik kentzea da.
«Hau ez da iraultza islamikoa» argitu du unibertsitateko ikasle batek, «herritarren iraultza baizik». Oposizioko alderdiekiko atxikimendurik ere ez dute adierazten gehienek. Asko ordea, bat datoz Mohamed El Baradei IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren presidente ohi eta Nobel Sariduna euren gidari izatea nahi ez dutela esaterakoan. «Irakiarrei ez zien lagundu», dio herritar batek El Baradeiren izena entzuterakoan. «Oportunista bat da», adierazi du bigarren batek.
Mubarakek alde egin artean kalean jarraituko dutela azaldu dute herritarrek, behin eta berriz. Tahrir plaza euren gotorleku bilakatu dute eta asko dira gauak bertan igarotzen dituztenak. Noiz arte ez dago iragartzerik.
Protestak herrialde arabiarretan
Mubarakek botereari eutsi nahi dio, trantsizioa kontrolatu ahal izateko
Kairon bildutako ehunka mila manifestarik haserre hartu dute diktadorearen iragarpena, eta berehala alde egiteko exijitu dioteEgiptoko presidenteak esan du ez dela hautagai izango iraileko hauteskundeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu