Mosul mendebaldeko borroka

Irakeko hiri handietan bigarrena da Mosul. Estatu Islamikoak han aldarrikatu zuen kalifa herria. Irakeko armadako eliteko tropek hiriaren ekialdea askatu dute, eta orain, mendebaldea askatzeko borroka bizian ari dira soldaduak. NBEk ohartarazi du 500.000 zibil daudela han harrapatuta.

PABLO COBOS.
Mosul
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ustel usaina dago Al-Muthana auzoan. Kirats melenga batek hartu ditu kaleak borrokaren ondoren. EI Estatu Islamikoko borrokalari bat, lurrean hilda. Txakurrak haren erraiak jaten. Haur bat txakur horiekin jolasten. Hondakinen artean sakabanatutako hilotzak azkar batean usteltzen eta puzten dira. Amorru gau baten hondarrak dira. Urrezko Dibisioaren —Irakeko armadako eliteko tropa— gaua lasaia izango zela zirudien, baina Mosulen inoiz ezin da jakin.

Parte Zaharreko Al-Nuri meskitaraino iritsi nahi du dibisioak. Abu Bakr al-Bagdadi EIko buruak hortxe bertan aldarrikatu zuen kalifa herria. Irakeko hiri handietan bigarrena da Mosul. Ekialdea askatu eta gero —2014az geroztik zegoen jihadisten esku—, armada mendebaldea askatu nahian ari da. 500.000 zibil inguru daude han harrapatuta; gehienak, 400.000, Alde Zaharrean. Gune zailena da: borrokak kalez kale egiten dituzte, lurperatutako lehergailuekin, gerrillekin eta lubakiekin. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du zibil horiek bihur daitezkeela gatazka honek izandako «giza hondamendi» handiena. Lise Grande NBEko Irakerako koordinatzaileak esan du ez dagoela «zibilak babestea» baino ezer garrantzitsuagorik: «Ikaragarria da Mosulgo zibilek bizi dutena; tirokatu egiten dituzte, balaz eta artilleriaz, eta baliabiderik gabe daude, botika eta urik gabe».

Soldadu batek makila batekin urrundu ditu gorpu bat mokokatzen ari diren hegazti sarraskijaleak. «Batzuetan, zenbait egunez uzten ditugu, jendeak ez ahazteko; besteetan, zutoinetan sartzen ditugu, ohartarazpen gisa; edo, besterik gabe, zutoin batetik zintzilikatzen ditugu, hezurdura soilik geratu arte». Ohartarazpenak dira, askatutako guneetan itzaletik zelatatzen duten otso lokartuentzat, suizidentzat eta espioientzat.

Urrezko Dibisioa 2005ean sortu zuten, «terrorismoaren aurka» borrokatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako eta Jordaniako indar bereziek prestatu zituzten. Garai hartan, ordea, ez zuten egungo armamenturik eta prestakuntzarik. 2014ko Mosulgo inbasioaren ondoren —soldaduek ihes egin zuten, armak EIren esku utzita—, Irakeko armadako eliteko tropak bere gain hartu du hiria berreskuratzeko ardura.

Eguna goiz hasi da. Humvee batzuek —AEBetako ibilgailu blindatuak— basamortua zeharkatu dute, hustutako eta suntsitutako etxeen artean. Al-Muthada distrituan borrokak basatiak ziren duela ordu gutxira arte. Orain, bakea urduria da. Hirugarren batailoiko jenerala, Abdulwehab, garaipenaren ibilaldia egiten ari da kaleetan. Bizilagunak kalera ateratzen ari dira, jenerala besarkatzeko.

Soldadu batek airera tiro egin du. Bakea eten da. Drone bat ikusi duela dio. Denak babesera. Soldaduak arma zerura begira du, laino artean helizeak ehizatzeko prest. Hegazkinik gabe, droneak dira EIren arma hiltzaileenetakoak. Lehergailuekin kargatzen dituzte. Dibisioko dozenaka soldadu hil dira droneen erasoetan azken asteetan. Zenbait minutuko tentsioaren ondoren, denak etxeetatik kalera berriro. Guztiak lasai dirudi. Zenbait irakiarrek, garaipena ospatzeko, EIkoek teilatuetan utzitako bandera beltzak erakusten dituzte.

Harrapatuta

ISOF Irakeko Operazio Berezietarako Indarrak patruilan dabiltza inguruan. Zenbait tiro parrasta bota dituzte; atzetik tiro egiten ari dira. Itzuli egin behar da. Humveearen barruan, beroa itogarria da. Gidaria bere kidearekin eztabaidan ari da. Galduta dirudite, bakarrik, kale baten erdian. «EI da! EI da!», oihukatzen ari dira. Ibilgailuaren leihoetako burdinazko hesietatik ikus daitezke haien buruak muinotik ateratzen. Azkar mugitzen dira. Segada bat da. Aurrera egiten ari dira, eta tiroka hasi dira. Humveea geratu egin da. Duska, ibilgailuaren sabaiari lotutako metraileta, su egiten ari da, ihesbide bat zabaldu nahian. Kartutxoak erortzen ari dira. Kea darie; erre egiten dute. Zarata jasanezina da.

«Zenbat jasan dezake blindatuak?». Eskarmentu handiko argazkilari arabiarrak honela dio: «Fusilekin ez dago arazorik, baina morteroak eta RPGa dira kezkagarrienak. Hemen jarraitzen badugu, laster izango dira hemen».

Urrezko Dibisioa mendi magalean dago. Guda hasi da. Zenbait duska tiroka ari dira. Ez dago tankerik, kaleak estuegiak baitira haiek aurrera egiteko. Bazuka bat eraman dute arrastan horma baten izkinaraino. Soldadu batek kargatu du, eta korrika aldendu da pasabide batetik. Makurtu da, eta tiro egin du. Tximista itxurako argi gorri batek zeharkatu du zerua. Beste izkina batetik, suziriak botatzen ari dira. Humvee bat dago gurutzatuta, ezkutu lanak egiteko. Bi soldadu txandaka ari dira M16 fusilarekin tiro egiten. EIren tiroak ondoko hormara iristen ari dira, zentimetro gutxira. Hautsa. Korrika, estropezuka, zilipurdika. Abdulwehab jenerala dator, Ray Ban betaurrekoak jantzita: «Lasai, ez da ezer gertatzen».

Soldadu batek granada bat du lepotik zintzilik: «Bi bihotz ditut, bata haragizkoa eta bestea burdinazkoa», dio, lehergailua seinalatuz. «EIk inguratuta banengo, eraztunetik tira egingo nuke. Nahiago dut hil, txakur basati horiek harrapatzea baino. Animaliak dira, piztiak».

Eraikinetako terrazetan daude frankotiratzaileak. Horietako bat tiro egiten ari da bere Dragunov fusilarekin. Haren balak kilometro batera iristen dira. Terrazaren beste aldean, ke laino bat baino ez. Frankotiratzailea lekuz aldatu da. Tiro egiteko prestatzen ari da. Segundo batzuk geroago, lurrean etzanda dago, kuzkurtuta, geldirik. Hilda. Odol putzu bat du buruaren inguruan. EIren frankotiratzaile batek hil du. Haren ondoko frankotiratzaileak, izututa, begiak ateratzeko zorian, ihes egin du lau hankatan. Jaisteko ordua da.

Hegazkinak iritsi dira. Hiru aldiz bonbardatu dituzte EIkoak. «AEBetako ehiza hegazkina da; ziurrenik, Rockwell B-1 Lancer bat, Sukhoi errusiarra bezain hilgarria», zehaztu du Urrezko Dibisioko soldadu batek. Ondoan, metro batzuetara, AEBetako ofizial bat oharrak hartzen ari da, eta gertatutakoa grabatzen, bai kamera batekin, bai kaskoan jarritako GoProarekin. Itzultzaile bat du une oro ondoan. Ez dauka armarik. Txostenak egiten ditu, eta mapak begiratzen ditu. Batzuetan, irratiz hitz egiten du.

Ihesa

Jendea ihes egiten ari da. Saldoka ihes egiten dute, soinean daukatenarekin, ez besterik. Haurrak ere badaramatzate, patata zakuen gisan. Etsi-etsian kilometro bat oinez egin eta gero, egoera lazgarria: milaka familia erditik puskatutako zubi bat gurutzatu nahian, batzuen eta besteen suaren erdian, balek joko ez dituzten itxaropenez. Balen txistukadak entzun daitezke inguruan. Gizon bat gurpil aulki bati bultzaka. Aulkian, emakume edadetu bat, hortzak estututa aulkiari helduta, zezelka eginez. Malda malkartsuak ez du lana errazten. Emakumea nahasmenduaren erdian utzi dute, begirada galduta, etsita. Iheslariek saihestu egiten dute, ez diote laguntzen.

Batzuk zubiaren azpian babestu dira. Besteek elkar topo egin dute berriro, kaosaren ondoren. Emakume bat xiitenen moduko kantu bat abesten ari da, negarrez. Besteak zubia gurutzatu nahian ari dira. EIk zartatu zuen zubia, mendebaldera ihes egin zuenean. Aita batek ilaran jarri ditu seme-alabak, zubiaren hormaren kontra, belauniko. Neskato bat negarrez; bestea isilik. Maskara bat dauka aurpegian.

Ibaia utzita, zaurituak nonahi. Asko hilzorian daude. Guztiak Gogjaleeko ospitalera bidean. Berez, baina, ospitalea lau horma hondatu eta lurrean botatako zenbait koltxoi baino ez da. Ez higienerik, ez langilerik. Erdibideko ospitale bat, gangrenak tratatzeko, odol isuraldatzeak egiteko, zauriak sendatzeko eta gorputz atalak anputatzeko. Beti ez daude anestesistak eta erreminta elektrikoak horiek egiteko. Harategi bat da, sufrimendua arintzeko hiltegi bat. Bizirik irauteko aukerak dituztenak Bartellako anbulantzien postura eramaten dituzte.

«Ez diogu begiratzen ea zibila edo etsaia den. Ez dugu bereizketarik egiten. Lehenengo kontrol postuan identifikatu eta bereizi egiten dituzte, baina guk berdin-berdin tratatzen ditugu». Suleyman da estazioko burua. Anbulantzia baten zaratak eten du elkarrizketa. Lerratzen iritsi da. Zauritu bat darama. Rally-a hasi da anbulantziaren barruan. Viyanek loturak ipini dizkio buruan eta hanka batean. Metrailak bularrean egindako zuloak ere estali dizkio. Sirenaren hotsa karrankaria da. Laguntzaileak serumari eusten dio eta gazak ematen dizkio. Lurra odolez beteta dago. Zaurituaren gorozkiak eta txiza ere badaude. Zauritua ez da mugitzen. Batzuetan, beso bat altxatzen du. Medikuak hodi bat sartu dio eztarrian, eta odola, listua eta pasmoa atera dira.

Anbulantzia bat-batean geratu da Khazergo errefuxiatuen eremuan. Zenbait pexmergak anbulantzia ireki dute, eta barruan daudenak identifikatu dituzte, EIko soldadurik edo armarik ez daramala ziurtatzeko. Ordu laurden inguru pasatu behar izaten da baimena ematen eta hesia altxatzerako. Bidea ireki dute, eta paperak bota dituzte anbulantziara. Lasterketak jarraitzen du. Viyanek hatz lodia altxatu du abiatu berritan. Zauritua egonkortzea lortu du. Zauri kezkagarrienak, burukoak, odola isurtzeari utzi dio. Bihotz taupadak egonkorrak dira. Bizirik aterako da.

Futbol gehiagorik ez

Erbilgo larrialdietarako ospitalean, gehienak emakumeak eta haurrak dira. Nurak 5 urte ditu. Hanka gaiztotua du, eta lotura ipini diote. Loturatik aterata, zenbait iltze. Amak erradiografiak ditu eskuetan. Nura berriro ere ibili ahal izango duela espero du.

Beste gela batean, zenbait gorputz atal anputatuak dituzte haurrek. Batek bi hankak galdu ditu. Baita zenbait anai-arreba ere. Besoa igeltsatua du, eta zenbait hatz falta zaizkio. Bere ondoan dago Amir. Apenas egiten duen keinurik. Eskuineko hanka galdu du. Metrailaren orbainak ditu bularrean eta besoan. Bartzelona futbol taldearen galtza motz laranjak ditu soinean. Haren azala gorputzaren zati batzuetan morea da; besteetan, horixka. «Nola nahi duzu irribarre egitea ezingo banaiz berriro futbolean jolastu?». «Ospitalean jarraitzen dugu», dio Luqman aitak, «hemen, behintzat, botikak ematen dizkigutelako, Mosulera bueltatzen baldin bagara, ez dugu ezer edukiko». Protesirik ez dute lortu. «Gure etxeak gure seme-alaben hilobi bihurtu dira».

Erdingo ospitaletik 90 kilometrora, Al-Muthanan, borrokak jarraitzen du. Suizidek gidatutako hiru motorrek jo dituzte balizak. Jihadistak atzera egiten ari dira. Abdulwehab jenerala tropak ikuskatzen ari da, soldaduei bizkarrekoak emanez. Aholkulariari esaldi bat xuxurlatu dio: «Esan dizut irabaziko genuela».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.