Kataluniako erreferenduma

Mossoek ez dute onartu Espainiako Gobernuaren erranetara paratzea

Kataluniako fiskaltzak polizia autonomikoari erran dio urriaren 1era arte Barne Ministerioak hartuko duela segurtasun politika «koordinatzeko» ardura. Udaletxeen parean protestara deitu dute gaurko

Mossos d'Esquadrako hiru agente zaintza lanetan, atzo, Bartzelonako erdigunean. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilariak herenegun ohartarazi zuen Espainiako Gobernua Mossos d'Esquadra polizia autonomikoaren kontrol zuzena hartzeko asmotan zela. Biharamunean, bada, berretsi zen Fornek errandakoa, Kataluniako fiskaltzak mossoei agindu baitzien Barne Ministerioaren aginduetara paratzeko. Fornek erantzun du, ordea, ez dutela agindu hori onartuko: «Ez dugu onartuko estatuaren esku hartze hau. Katalunian segurtasuna koordinatzeko egungo esparru juridikoak ezarri dituen organo guztien gainetik pasatzen da». Alderdi eta eragile independentistek atzo ez zuten protesta deialdirik egin, eta urriaren 1eko erreferendumerako kanpainarekin jarraitu zuten. Hala ere, eskatu zuten dozenaka eragilek udaletxe guztien aitzinean erreferendumaren alde eta Espainiako Gobernuaren neurrien aurka gaurko deituta dituzten elkarretaratzeetara agertzeko.

Fiskaltzak joan den ortzegunean bilera batera deitu zituen Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta mossoen buruak, La Vanguardia egunkariak jakinarazi duenez. Erreferenduma eragozteko hartutako neurriak azaltzea eta urriaren 1a arteko plan bat egiteko deitu zituen poliziaburuak, baina bilera horretan Jose Maria Romero de Tejada fiskalak proposatu zuen Barne Ministerioak hartzea urriaren 1a arte segurtasun politika «koordinatzeko» ardura. Fiskalak proposatu zuen Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronel eta Barne Ministerioko aginte mailan hirugarrena denak hartzea «une baterako» aginte hori —1992an Kepa Urra euskal herritarrak salatutako torturen auzian akusatuetako bat izan zen Perez de los Cobos, eta 1997an Bilboko Lurralde Auzitegiak absoluzioa eman zion—. Josep Lluis Trapero mossoen buruak erabakiaren aurka zegoela erran zion fiskalari, eta agindua idatziz emateko eskatu zion. Romero de Tejadak atzo goizean berretsi zuen erabakia.

«Ezin dugu onartu koordinazioaren aitzakian saiatzea segurtasun indarra zuzentzen», azaldu zuen Fornek atzo, Traperorekin batera egindako agerraldian. Fornek salatu zuen «finantzekin egin bezala» hartu nahi izan duela Madrilek mossoen kontrola. Generalitatearen zerbitzu juridikoek neurriak hartu dituztela erran zuen, eta lasai egoteko eskatu zien herritarrei. Mossoek Twitterreko kontu ofizialetik adierazi zuten «orain arte bezala» beteko dituztela haien eskumenak. Kataluniako Poliziaren sindikatu nagusiak, SAP-FEPOLek, Barne Kontseilaritzaren erabakia babestu du. La Vanguardia-ren arabera, mossoen buruzagitzak polizia-etxeetan banatu duen oharrean dio fiskaltzaren aginduetara segituko duela, nahiz eta ez duen onartzen «ekintzen zati bat Barne Ministerioaren organo batek zuzentzea». Fiskaltzak biharko bertze bilera batera deitu ditu poliziaburu guztiak.

«Haien probokazioen, gehiegikerien, zurrumurruen eta lelo faltsuen gainetik, gu lasai eta baketsu beti. Gure aktiborik handiena da», idatzi zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Twitterren atzo. Herenegun eskuin muturreko ehunka kide ibili ziren Bartzelonan Espainiaren alde manifestazioan, eta hainbat herritarri erasoak eta irainak egin zizkieten. Sare sozialetan hedatu ziren horietako anitzen bideoak, eta gutxienez eraso bat ikertzen ari direla adierazi dute mossoek.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak erran du erreferenduma egiteko ahaleginekin jarraitzea «irrigarria» dela, eta «zentzuzkoena, arrazoizkoena eta demokratikoena» gelditzea dela. Hauteskunde Batzordea desegin ondoren ez dela erreferendumik eginen erran du Rajoyk, baina urriaren 1ean «bertze gauzaren bat» egoteko aukera aipatu du. «Ez, ordea, kontsulta hori». Palman (Mallorca, Herrialde Katalanak) eman zuen hitzaldia Rajoyk, eta ehunka lagun elkartu ziren erreferendumaren aurkako neurriengatik protesta egitera.

Espainiako oposizioko alderdi nagusiak, PSOEk, Katalunian bertan egin zuen ekitaldi bat atzo, hiriburuan. Orain arteko diskurtsoa zertxobait aldatu zuten Pedro Sanchez idazkari nagusiak eta Miquel Iceta PSC Kataluniako adarreko buruak. «Zertarako balio du gobernu batek Espainian, funtzio guztiak auzitegiei uzten badizkie?», galdetu zuen Sanchezek. Erran zuen Rajoy «behartu» eginen duela Kataluniarentzako konponbide bat negoziatzera. Icetak, berriz, legitimotzat jo zuen estatua erreferenduma eragozten saiatzea, baina galdeketaren aldekoei sedizio delitua egoztea gehiegizkoa dela erran zuen. «Ezin dugu agertu eskubideak murriztu nahi dituztenen ondoan».

Mila traktoreren martxa

Mobilizazio handiak gaurko dituzte deituta, baina atzo ere izan zen halakorik. Lleida eta Vic artean, adibidez, mila traktore inguruk martxa bat egin zuten erreferendumaren alde, eta Bartzelonako Unibertsitatean, 300 ikasle inguruk arratsa igaro zuten errektoretzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.