Moskurengana hurbildu ostean, AEBek Europako potentziekin negoziatu dute Ukrainako gerraz

Ukrainako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko ordezkariak Etxe Zurikoekin batzartu dira, Eliseo jauregian. Errusiak Europari leporatu dio gerra gelditu nahi ez izatea; aldiz, uste du AEBek bakea nahi dutela.

Macron, Witkoff eta Rubio, hurrenez hurren, gaur Parisen. LUDOVIC MARIN / EFE
Macron, Witkoff eta Rubio, hurrenez hurren, gaur Parisen. LUDOVIC MARIN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 17a
18:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Ordu luzez aritu dira Ukrainako gerraz Parisen. Otsailean hiru urte betetako gerraren inguruan mintzatu dira Ukrainako ordezkariak, Frantziakoak, Erresuma Batukoak eta Alemaniakoak, Eliseo jauregian. Gaur, baina, elkarrizketetan parte hartu dute AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko ordezkariek ere. Urtarrilean Donald Trump AEBetako presidente kargura heldu zenetik, Etxe Zuria aldendu egin da Kieven aliatuengandik, eta Errusiarekin elkarrizketak edukitzen hasi da. Eliseoaren zabaldutako ohar baten arabera, gaurko bilera errondan parte hartzaile guztiek bat egin dute, eta Ukrainarako «bake sendo» bat aldarrikatu.

Goizean, Ukrainako ordezkaritza Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako gobernuetako aholkulariekin batzartu da. Andrii Yermak Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren kabineteburuak sare sozialetan kaleratu duenez, «bake justu eta behin betikoa» lortzeko aukera posibleez aritu dira hizketan, baita erabateko su etena ezartzeaz eta Ukrainarentzako segurtasun bermeez ere. Yermarkek, Rustem Umerov Defentsa ministroak eta Andri Sibiga Atzerri ministroak osatu dute Kieven ordezkaritza.

Geroago batu dira bilkuretara Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria eta Steve Witkoff Etxe Zuriaren mandatari berezia. Frantziako presidente Emmanuel Macronen bulegoak kaleratu duen egitarauaren arabera, Macron Rubio eta Witkoffekin batzartu da 13:30ean. Macronen bulegoak ohar batean jakinarazi duenez, Frantziako presidenteak Zelenskirekin hitz egin du aurrez, telefonoz. Gainera, oharraren arabera, Frantziako presidentearen eta Etxe Zuriaren ordezkarien bilkuran «Errusiaren erasoa amaitzeko bake negoziazioez» hitz egin dute. Eta Jean-Noel Barrott Frantziako Atzerri ministroak eta Emmanuel Bonne Eliseoko aholkulari diplomatikoak ere hartu dute parte.

Bestalde, Macronen bulegoak gogorarazi du Frantziako presidentea aurreko asteetan ere aritu dela Ukrainaren inguruan negoziatzen. Esaterako, Trumpekin elkarrizketak izan ditu, eta boluntarioen koalizioa bultzatu du Erresuma Batuarekin elkarlanean. Koalizio horretan, gehienbat Europako herrialdeak daude, baina Kanadak, Australiak eta Turkiak ere hartu dute parte bilkuretan. Ukrainarako su etena negoziatzea du helburu talde horrek, baina, batez ere, menia lortuz gero Ukrainari etorkizunerako segurtasuna bermatzea du xede. Horretarako, Ukrainara tropak bidali ala ez aritu izan dira eztabaidatzen.

Alemaniako misilak

Asteon, Kieven beste aliatu batek, Alemaniak, Ukrainara arma gehiago bidaltzeko aukera jarri du mahai gainean. Olaf Scholz egungo kantzilerrak uko egin izan dio irismen luzeko Taurus misilak bidaltzeari. Scholzen agintaldia, baina, amaitzear da, eta Friendich Merz —hurrengo kantzilerra izateko aukera gehien duena— ez da iritzi berekoa: astelehenean, ARD Alemaniako telebista publikoan ziurtatu zuen prest dagoela Kievi misil horiek emateko. Eta gehitu zuen Taurus misilak erabilita Ukrainak «suntsitu» ahal izango lukeela, «adibidez», Errusia eta Krimea lotzen dituen zubia.

Gaur, Merzek iradokitakoei erantzunez, Kremlinek ohartarazi du Alemania gerran «zuzenean parte hartzen» arituko dela Kievek Taurus misilekin Errusiako azpiegiturei eraso egiten badie. Eta Berlinek «horrek dakartzan ondorio guztiak» pairatu beharko dituela jakinarazi du gaur Maria Zakharovak, Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, prentsaurreko batean.

Antzera mintzatu da Dmitri Peskov Kremlinen bozeramailea, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Eta, gehitu duenez, ez du espero Parisen «aurrerapausorik» emango dutenik Ukrainako gerra amaitzeko. Izan ere, Peskoven arabera, «europarrek gerrak jarraitzea nahi dute». Kontrara, Kremlineko bozeramailearen ustez, AEBek «bakeaz hitz egiten dute», eta gogorarazi du aurreko astean Witkoffek «elkarrizketa luze bat» izan zuela Errusiako presidente Vladimir Putinekin, San Petersburgon.

Horren ostean, astelehenean, Witkoffek Fox AEBetako telebista katean iradoki zuen Errusiak Ukrainan anexionatutako lurraldeak funtsezkoak izan daitezkeela menia akordio bat adosteko orduan. Gaur, «Errusiaren errelatoa» zabaltzea egotzi dio Zelesnkik Witkoffi. Odesan (Ukraina) emandako prentsaurreko batean gogorarazi du ukrainarrek baino ezin dutela Ukrainako lurraldeez hitz egin.

Kazetariek Ukrainak dituen mineralak ustiatzeko akordioaren inguruan ere galdetu diote, eta Zelenskik bide onetik doala iradoki du. Eta Trumpek akordioa hurrengo ostegunean sinatzea espero du, gaur Etxe Zurian egindako prentsa agerraldian esan duenez.

80

Ukrainak zenbat aldiz urratu duen instalazio energetikoetarako menia. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak gaur prentsaurreko batean esan duenez, Kievek 80 bider urratu du martxoaren 18an adostutako azpiegitura energetikoetarako menia. AEBen bitartekaritzarekin, 30 egunez instalazio energetikoei eraso ez egitea adostu zuten bi aldeek, baina, ordutik, Kiev eta Mosku elkarri menia urratu izana egozten ibili dira. Atzo amaitu zen epea, baina ez alde batek eta ez besteak ez dute ofizial egin menia bertan behera geratu denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.