Moskuko auzitegi batek Dubrovka aretoko auziaren ikerketa itxi du

Erreskate operazioak 130 zibilen heriotza eragin zuen; senideen abokatuak ikertzen jarraitzeko eskatu du

Erredakzioa
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
2002an Dubrovka Moskuko antzokian Errusiako armadaren esku hartzeak eragin zituen heriotzen inguruko ikerketa ixtea erabaki du Moskuko Udal Auzitegiak, eta, hala, epaitegi batek ikertzeko emaniko agindua baliogabetu du. 2002an berrogei gerrillari txetxeniarrek 912 pertsona bahitu zituzten antzokian. Bahituak askatzeko Errusiako armadak egin zuen esku hartzeakgerrillari guztien heriotza eta 130 bahiturena eragin zuen. Erreskate operaziorako gai ezezagunez konposaturiko gas lo-eragile bat erabili zuten. Gasa arnasteagatik hil ziren gehienak, eta senideek operazioaren arduradunak identifikatzea eta zigortzea galdegin dute.

Operazioa prestatzeko eta egiteko orduan arduragabekeriarik izan bazen, horiek epaitzeko eskatu zuen Igor Trunov senide talde baten abokatuak. Fiskaltzak auzia baliogabetzeko eskatu zuen joan den azaroaren 2an, epaitegiak ikerketako materiala ez zuela ez eskatu ezta ikertu ere argudiatuta, eta, ondorioz, auzia legez kanpokoa zela esanda. Epaitegiak ez zuen fiskalaren eskaria onartu, eta auziak aurrera egiteko bidea eman zuen. Agindu hori bertan behera utzi du, ordea, Moskuko Udal Auzitegiak. Erabakiaren berri jakin ostean, Trunov abokatuak azpimarratu du auziarekin aurrera jarraitu behar dela , «datu gehiago baitaude».

2011ko abenduan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat biktima eta senitartekori 1,24 miloi euro ematera zigortu zuen Errusia. Auzitegiak operazioa oker prestatu eta egi zela erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.