GERRA UKRAINAN

Mosku bonbardatzea egotzi dio Errusiak Ukrainari

Kievek ukatu egin du goizaldeko aire erasoaren atzean dagoela, baina «atseginez» hartu du gertatutakoa, eta molde horretako eraso gehiago iragarri ditu. Ukrainako hiriburua hirugarrenez bonbardatu du Errusiak azken 24 orduetan, eta zibil bat hil da.

Segurtasun eremu bat ezarri dute Moskun, drone baten hondakinek kaltetutako etxebizitze bloke baten inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 30a
12:22
Entzun

Mosku bonbardatu dute goizaldean, eta Errusiako Gobernuak Ukrainakoa egin du gertatutakoaren erantzule. Errusiako indarrek Kiev maiatzean hamazazpigarrenez, azken 24 orduetan hirugarrenez, bonbardatu duten egunean heldu da, hain zuzen ere, Kremlinek «eraso terrorista» deitutakoa. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Moskuren aurka jaurtitako zortzi droneak —hango hedabide batzuek esan dute hamar eta hogei artean direla— erorarazi dituzte aireko defentsa sistemek, eta Errusiako hiriburuko alkateak azaldu du suntsitutako droneen hondakinek «kalte arinak» eragin dituztela zenbait eraikinetan. Horietan bizi diren herritarrak ebakuatu behar izan dituzte, baina ez dago zauritu larririk. Ukrainako Gobernuak jakinarazi du ez duela zerikusirik erasoarekin.

Iazko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, Errusiako lurretan —Ukrainarekin muga egiten duten eskualdeetan, batez ere— aire eraso batzuk izan dira, eta horiek ugarituz joan dira azken hilabeteetan. Kremlinek Kiev egiten du horien erantzule. Moskun, aldiz, ia-ia ez da halakorik gertatu. Hori bai, maiatzaren 3an Kremlinen eraikina bera bonbardatu zuten, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea hiltzen saiatzea egotzi zion Moskuk Kievi.

Ikusi gehiago: Putin hiltzen ahalegindu izana egotzi dio Moskuk Kievi

Kievek ukatu egin zuen, baina AEBetako Gobernuko iturriak aipatuz The New York Times egunkariak aurreko astean kaleratutakoaren arabera, «ziurrenik» Ukrainako armadaren unitate militar berezi batek edo zerbitzu sekretuek antolatu zuten erasoa. AEBek ez dute nahi Ukrainako indarrek Errusiako lurrei eraso egitea Mendebaldeak emandako armekin. Izan ere, Kremlinek egiaztatuz gero NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko herrialderen baten armekin eraso egin diotela Errusian, interpretatu lezake zilegitasuna duela gerra Ukrainako mugetatik harago zabaltzeko.

Horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek nabarmendu du «atseginez» hartu duela Moskuri egindako erasoa, eta iragarri du halako gehiago gertatuko direla. Youtubeko kanal batean egin dioten elkarrizketa batean adierazi du, dena den, Kiev ez dagoela bonbardaketen atzean.

Eta, Moskun bezala, Kieven ere bonbardaketa bat gertatu da goizaldean. Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Errusiak hogei drone jaurti ditu, eta aireko defentsa sistemek hogeiak erorarazi dituzte. Hori bai, suntsitutako drone baten hondakinek etxebizitzen bloke bat jo dute, eta horrek eragindako sutearen ondorioz pertsona bat hil da, Vitali Klitxko alkateak adierazi duenez. Gainera, lau pertsona zauritu dira.

Gune desmilitarizatu bat

Eta, fronteetik harago, gerra bukatutzat emango duen akordio bat negoziatzekotan, Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako lurretan 100-120 kilometroko zabalera edukiko lukeen gune desmilitarizatu bat ezartzea proposatu du Podoliakek, Twitterreko bere kontuan idatzitako txio batean. Uste du «ezinbestekoa» litzatekeela itun bat egiteko, eta horren bidez «etorkizunean erasoak gertatzea» eragotziko litzatekeela.

Zehaztu du Errusiako Belgorod, Briansk, Kursk eta Rostov eskualdeetan ezarri beharko luketela. «Beharrezkoa izango da Kharkiv, Sumi, Zaporizhia, Txernihiv, Belgorod, Luhansk eta Donetskeko herritarrak bonbardaketetatik babesteko eta haien benetako segurtasuna bermatzeko». Iruditzen zaio, bide batez, ezarriz gero nazioarteko «kontingente batek» egin beharko lituzkeela kontrol lanak aurreneko fasean.

Negoziatzen hasteko, Kievek eskatzen du Errusiako indarrak atera daitezela Ukrainan okupatutako lurretatik. Inbasioa hasi eta gero, iazko martxoan, bi aldeek elkarrizketak abiatu zituzten, baina ez zuten fruiturik eman.

Horrekin guztiarekin lotuta, Wagner talde paramilitarraren buru Yevgueni Prigozhinek proposatu du Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako eskualdeetan 30 kilometroko zabalera duten «segurtasuneko eremuak» sortzea, eta horien kontrola milizia errusiazaleen esku geratzea. Prigozhinentzat, Errusiako armadak ez ditu muga babesteko behar beste soldadu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.