David Barnea Mossadeko —Israelgo zerbitzu sekretuak— burua gaur da biltzekoa Mohammed bin Abdulrahman al Thani Qatargo lehen ministroarekin, Dohan (Qatar). Hamasek asteazken gauean aurkeztutako su-eten proposamena izango dute hizpide; hain justu, proposamen horrek barne hartuko luke Gazan dauden 116 bahituak askatzea, baita Israel egiten ari den erasoaldiaren ondoren zerrenda berreraikitzea ere, Kan Israelgo hedabideak dioenez.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo onartu zuen negoziazio talde bat bidaltzea Qatarrera: AEB Amerikako Estatu Batuekin eta Egiptorekin batera, Hamas eta Israelen arteko negoziazioetan bitartekari gisa ari da Qatar, Gazaren aurkako bonbardaketak abiatu zirenetik. Gainera, Israelgo lehen ministroak Joe Biden AEBetako presidentearekin telefonoz hitz egin zuen atzo, eta Bidenek «zoriondu» egin zuen Netanyahu, bake negoziazioak irekitzeko erabakiagatik, Etxe Zuriaren ohar baten arabera.
Netanyahu gobernuko segurtasun kabinetearekin bildu zen atzo, Itaman Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroarekin eta Bezalel Smotrich Finantza ministroekin batera. Biek Hamasen proposamen berria gaitzetsi zuten, eta mehatxu egin: hura onartuz gero gobernuko koalizioa utziko dutela esan zuten. Eskuin muturrekoak dira biak. Lehen ministroak Gazaren aurkako erasoak hasi zirenean sortutako gerra kabinetea desegin zuenetik, iragan ekainaren 16tik, segurtasun kabinetea arduratzen da gerrako afera garrantzitsuenez.
Bestalde, Israelgo negoziazio taldeko kide batek Reuters albiste agentziari baieztatu dioenez, Israelek Hamasen proposamena onartzeko aukerak «benetakoak» dira. Washingtonek, berriz, adierazi du Hamasen eskaera bat datorrela Bidenek iragan maiatzean aurkeztutakoarekin: lehen fasean, Gazako bahitu gaixo, zahar eta emakumezkoak askatzea, sei asteko su etenarekin batera; bigarrenean, beste bahitu guztiak askatzea; eta hirugarrenean, Gaza berreraikitzeko prozesua hastea.
Herritarrak, aurka
Azken asteetan, Netanyahuren aurkako manifestazioak areagotu egin dira Israeleko hainbat hiritan. Esaterako, Jerusalemen milaka pertsona bildu ziren atzo, bahituen itzulera eta gerraren amaiera aldarrikatuz. Lehen ministroak dimisioa eman dezala eskatzen duten protestak ere ohikoak izan dira azkenaldian. Maariv Israelgo egunkariaren inkesta baten arabera, biztanleen %57k hauteskundeetara jo nahi dute.
Iazko urritik, Israelek Gazaren aurkako bonbardaketak areagotu zituenetik, dagoeneko 38.000 inguru dira hildako palestinarrak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Israelgo 300 militar baino gehiago ere hil dira urriaren 7az geroztik, hainbat ikerketak diotenez.