Herrialdeko Hauteskunde Auzitegi Gorenak debekatu egin dioEvo Morales Boliviako presidente ohiari Senaturako hautagai izatea, ez dituelako «baldintzak betetzen, ez baita era erregularrean Bolivian bizi». Maiatzaren 3an dira bozak.
Legearen arabera, barruti bakoitzeko hautagaiek gutxienez azken bi urteetan bizi behar dute ordezkatu nahi duten barruti horretan bertan. Morales Boliviatik kanpo dago iazko azaroaren 11tik. Herrialdea utzi eta Mexikora joan zen, babes bila. Izan ere, bezperan, kargua utzi zuen militarren presioz eta bere aurkako estatu kolpea salatuz. Abenduan Mexikotik Argentinara joan zen, eta han da gaur egun.
Auzitegiaren erabakiari erantzun egin zion Moralesek: «Demokraziaren kontrako kolpea da, badakitelako hautagai izateko baldintza guztiak betetzen ditudala». Presidente ohiaren iritziz, sakoneko beste asmo bat dago debekuaren atzean: «MAS Sozialismorako Alderdia debekatzea da azken helburua».
Morales bozetara aurkeztearen kontrakoek txalotu egin dute erabakia. Batzuen ustez, Morales senatari balitz, boterera itzultzen saiatuko litzateke, konstituzioan jasota dagoen ondorengotza mekanismoaren bidez: Boliviako presidenteak kargua uztean presidenteordeak hartuko du haren lekua, eta, presidenteordeak ere uko eginez gero, Senatuko presidenteak. Horrela izendatu zuten presidente Jeanine Añez, egungo estatuburua.
Moralesi debekatu egin diote Senaturako hautagai izatea
Hauteskunde Auzitegi Gorenak dio presidente ohiak ez duela baldintza betetzen, ez baita azkeneko bi urtez Bolivian «segidan» bizi izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu