Morales eta Arce: atzera-bueltarik gabeko liskarra

Evo Moralesek hautsi egin du Sozialismorako Mugimenduarekin, oraingo Boliviako presidente Luis Arcerekin izandako liskarren harira, eta abuztuko hauteskundeetara aurkeztuko da.

Moralesen jarraitzaile batzuk La Paz hiriburuan martxoaren 10ean, MASen egoitza nagusia margotzen. LUIS GANDARILLAS / EFE
Moralesen jarraitzaile batzuk La Paz hiriburuan martxoaren 10ean, MASen egoitza nagusia margotzen. LUIS GANDARILLAS / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Boliviako presidente ohi Evo Moralesen (2006-2019) eta gaur egungo presidente Luis Arceren —Moralesen Ekonomia ministro izan zen— arteko liskarrak ez du atzera-bueltarik. Abuztuak 17ko hauteskundeei begira, Moralesek utzi egin du MAS Sozialismorako Mugimendua, eta iragarri du hautagai gisa aurkeztuko dela. Gaur egun, Chapareko oihanean babestuta bizi da, eta neska adingabe bati sexu abusuak egitea egotzi diote.

Orain arte, MAS, bi agintarien alderdia, bi bloketan banatua zegoen. «Nire ustez, MASek okerrera egin du oro har. Hain zuzen, Boliviako mugimendu politikorik garrantzitsuenetako bat da, eta hura osatzen duten askotariko eragileek lotura estua dute Evoren figurarekin, batez ere koka laborarien sektoreak», ohartarazi du Carlos Gracia Landaeta analista politikoak. «Baina, gobernuan egindako urteetako higadura eta krisi ekonomikoa direla eta, Evok babesa galdu du, eta mugimendu sozialen antolakuntza ere apaldu da; ondorioz, Evo gero eta bakarrago geratu da».

Morales 27 urtez izan zen MASeko burua, eta hamahiru urtez gobernatu zuen alderdi horretako kide gisa. Lehen presidente indigena izendatu zuten Morales hark ez du inongo zerikusirik gaur egun agintetik kanpo dagoen eta atxilotze agindua ezarri dioten horrekin. Abusuen auzia 2019an ikertu zuten, baina ez zuten ebatzi; duela hilabete batzuk ireki zuten berriz, Moralesen eta Arceren arteko liskarrak pil-pilean zirela. Joan den urrian, Moralesek salatu zuen bera hiltzen saiatu zirela, tiroka hasi baitzitzaizkion autoan zihoala.

Gracia Landaetaren iritziz, garrantzitsua da hau gogoan izatea: «Esparru politikoa egoera kritikoan zegoelako egin zuen gora Arcek, eta ez dago argi zenbateko babes soziala daukan. Evok, ordea, oraindik ere badu denboraren poderioz sendotutako babes sozial horren parte bat». Arce 2020an iritsi zen boterearen gailurrera: Moralesek izendatu zuen, nahiz eta alderdian bertan batzuk ados ez egon. Hain justu, Morales Buenos Airesen zegoen orduan, han babestu baitzen Jeanine Añezek 2019an kolpea eman ondoren. Baina 2021. urtearen bukaerarako, argi zegoen harremana behin betiko eten zutela, eta Arcek eskura zituen baliabide guztiak erabili ditu Morales indargabetzeko. Lehenik, inhabilitatu egin zuten 2025eko hauteskundeetan lehiatzeko, eta, gero, kendu egin zuten MASen buruzagi kargutik. Alderdi hori egon da Boliviako Gobernuan etengabe 2006tik, kolpearen garaian (2019-2020) izan ezik.

«Esparru politikoa egoera kritikoan zegoelako egin zuen gora Arcek, eta ez dago argi zenbateko babes soziala daukan»

CARLOS GRACIA LANDAETAAnalista politikoa

Arce Moralesen Ekonomia ministro izan zen 11 urtez, eta, itxura guztien arabera, koka laborarien munduko politikariak gutxietsi egin zuen Arceren botere grina bere ondorengo izendatu zuenean. Moralesen eta Arceren arteko harremana orain dela urte batzuk hasi zen okertzen, eta aurtengo otsailean hautsi zen behin betiko; horrekin batera, Arceren aldeko sektoreek bere egin zuten alderdiaren kontrola. Moralesek MAS alderdia utzi eta ordu batzuetara, haren 500.000 jarraitzailek ere beste hainbeste egin zuten, eta beste ehunka mila ere joatea espero da. Moralesek iragarri du FPV Garaipenaren Aldeko Frontea alderdiarekin aurkeztuko dela hurrengo hauteskundeetara, aliantza estrategiko bat egin baitu harekin. Nolanahi ere, Auzitegi Konstituzional Plurinazionalak, 2023ko abenduan emandako epai batean, debekatu egin zion hauteskundeetan parte hartzea.

Gainera, gas ekoizpenaren beherakadak eta nazioarteko prezioek krisi ekonomiko larria eragin duten honetan gertatu da hori. Gas Energy Latin America aholkularitza enpresa espezializatuak emandako datuen arabera, 2021etik 2023ra, esportatutako gas bolumena %50 apaldu zen Bolivian. Krisiaren ondorioz, gasolina eta oinarrizko produktuak ere falta dira, dibisak balioa galdu du, eta inflazioa gero eta handiagoa da.

Eskuina, hortzak zorroztuta

Sucre hiriko Monica Moralesentzat —etxeko langilea da—, egoera zaila da: «Nire ustez, MASek eta Evok besteek baino aukera gehiago dituzte irabazteko. Evok gehiago egin du Arcek baino, eta, orain, Arce gobernuan den honetan, krisi ekonomikoa handia da, eta prezioak gora doaz, baina soldatak ez. Chik ere babes handia du», esan du. Chi Hyun Chung enpresaburu eta artzain ebanjeliko korearraz ari da, zeresan handia eman baitu azken boladan.

Abuztuko hauteskundeei begira, «oposizioak ez du inoiz izan orain bezainbeste aukera», Gracia Landaetak nabarmendu duenez. «Evok kargua uztea eragin zuen krisi politikoan, adierazle ekonomikoak egonkorrak ziren, baina orain ez da hala, eta, beraz, baliteke beste norbait azaltzea. Bi hautagai hauek dira aipagarrienak: Cochabambako egungo alkatea, Manfred Reyes Villa, eta Jorge Tuto Quiroga presidente ohia».

Horiek horrela, eskuinak hortzak zorroztu ditu, eta Latinoamerikako proiektu progresistarik handienetakoa denak –sendoena agian–, berriz, hondoa jo du. Carlos Mesa eta Jorge Quiroga presidente ohiek, Samuel Doria Medina enpresaburuak eta Santa Cruzko gobernadore Luis Fernando Camachok akordio bat egin zuten hauteskundeetarako, eta joan den abenduan iragarri zuten. Bloke horren asmoa da MASen haustura aprobetxatu eta haztea, atomizazioa eragoztea eta hautagai bakar bat zehaztea. Nabarmendu beharra dago Camacho atxilo dagoela, 2019an Moralesen kontra eman zuten kolpea ikertzeko auziagatik.

«Oraingoz, Boliviako jokaleku politikoan bi bloke nagusi daude, eta ez dira ezkerra eta eskuina, baizik eta MASen aldekoak eta MASen kontrakoak», ondorioztatu du Gracia Landaetak. «Hau da, ikusiko dugu zer hautagai izango duen aurkari nagusi MASek, edo Evok. Era berean, garrantzitsua da ikustea zeinek lortuko duen boto gehien Santa Cruzen, hura baita hiririk handiena eta ekonomikoki garrantzitsuena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.