Moral bikoitzaren itzala

Mendebaldeko hainbat ordezkari politiko Saudi Arabian izan dira hil honetan. Hango errepresioa ez dutela gaitzetsi salatu du Humans Rights Watchek.

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko ordezkaritza bat Arabiar penintsulan izan da egunotan, bertzeak bertze, hango herrialdeetako agintariekin mintzatzeko Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko protesten inguruan. Iragan astelehenean, Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak adierazi zuen Saudi Arabiara egindako bisitatik «hagitz kontent» atera zela, eta horrek HRW Humans Rights Watchen haserrea sortu du, moral bikoitza ikusi baitu jarrera horretan. Izan ere, Libiako, Tunisiako eta Egiptoko egoerei buruz solasean aritu diren bitartean, Ashtonek ez dio aipamenik egin Saudi Arabiako protesten errepresioari.

HRWek dioenez, Saudi Arabian 160 disidente atxilotu dituzte iragan otsailaz geroztik egon diren protestetan. HRWek joan den igandeko atxiloketa bat ekarri du gogora, hain zuzen, Ashtonek Riadera egindako bisitaren lehen egunean gertatutakoa. Nadir al Majid idazle eta irakaslea atzeman zuten estatuko indarrek Kobarren, herrialdearen ekialdean. Hil honen hasieran argitaratu zuen artikulu kritiko batengatik preso hartu dutela uste du HRWek. Idatziak Protesta egiten dut, beraz, banaiz zuen izenburua. «EBren diplomazia buruaren bisitaren lehen egunean disidente baketsu baten atxiloketaren inguruan isilik egotea, estatu autoritario bati bizkarrean bultzadatxoa ematea da», salatu HRWen Ekialde Hurbilerako ikerketa arduradun Christopher Wilckek.

Mendebaldearen interesak

Ashtonen isiltasuna ez ezik, AEBena ere salatu Wilckek, hil honetan bertan Robert Gates Defentsa idazkaria eta Tom Donilon segurtasun nazionalerako aholkularia ere Riaden izan baitira. Mendebaldeko herrialdeek protestekiko hartu duten jokabide bikoitz horrek, baina, bertze adierazle bat izan zuen atzo, EBko ordezkaritzak GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko herrialdeekin izandako bileran —Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Qatarrek, Bahrainek, Omanek eta Kuwaitek osatzen dute GCC—. Libian indarkeria «berehala» gelditzeko deia egin zuten bi aldeek, eta Muammar Gaddafik boterean segitzeko zilegitasuna galdu duela aldarrikatu zuten. Yemenen ere indarkeriaren erabilera gaitzetsi zuten. GCCko herrialdeetan gertatukoei buruz, berriz, solas bakar bat ere ez.

Matxinadak lehertu diren bertze herrialdeekiko ezaugarri bereziak dituzte GCCkoek —monarkiak dira, eta petrolioan oinarritzen dute ekonomia—. Herrialde horietan protestak indartuz gero, Mendebaldeak eta batez ere AEBek anitz dute galtzeko, monarkiek petrolio hornikuntza bermatzen baitiete, eta Irani eta muturreko islamismoari aurre egiteko aliaturik fidelenak baitira eskualdean.

Horrela uler liteke Bahraingo kasu paradoxikoa. GCCko kideen artean istilurik larrienak eduki dituen herrialdea izan da, baina Libian ez bezala, Bahrainen atzerriko indarrak erregimena babesteko asmoz sartu dira. Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak izan dira tropak bidali dituztenak, eta Mendebaldearen isiltasunak zilegi egin du esku hartzea. Bahrain da GCCko herrialde txikiena, baina gehiengo xiita duen bakarra da. Saudi Arabiak gutxiengo xiita garrantzitsua du (%15), eta Bahraingo matxinada berehalakoan itzali nahi du, domino efektua azkartu aitzinetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.