Montenegrok konfiantza mozioa galduta, Portugal bozetara bidean da

Lehen ministroaren kontra bozkatu dute Alderdi Sozialistak eta eskuin muturrak, haren familiaren negozioen ustezko irregulartasunengatik. Presidenteari dagokio hauteskundeetara deitzea.

Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroa —erdian— gaur, Portugalgo Asanblean. ANTONIO PEDRO SANTOS / EFE
Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroa —erdian— gaur, Portugalgo Asanblean. ANTONIO PEDRO SANTOS / EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 11
21:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero bezala, Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak ez du bere kudeaketari buruzko konfiantza mozioa gainditu gaur Portugalgo Asanblean, eta, horrenbestez, ezustekorik ezean, hauteskundeetara deituko du Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidenteak; estatuburuak, azkenean, erabaki hori hartzen badu, azken bost urteotan Portugalen aurreratutako hirugarren bozak lirateke hurrengoak. Ganberaren gehiengo soila biltzea nahikoa zuen Montenegrok mozioa gainditzeko, baina, iragarri bezala, PS Alderdi Sozialistak (78 aulki) eta Chega (50) eskuin muturrekoak, besteak beste, haren kontra bozkatu dute, eta botoen erdiak baino gehiago lortu dituzte —230 aulki ditu ganbera horrek—.

Montenegrok iazko martxoaren 21ean hartu zuen kargua, eta AD Aliantza Demokratikoa koalizio kontserbadoreak gutxiengoan gobernatu du 78 diputaturekin; aurrerantzean behin-behinean jardungo du. Bere familiaren negozioei egotzitako irregulartasunek aurrean eraman dute Montenegro. Azkeneko hilabetean bi zentsura mozio gainditu ditu, eta errepikatu du konbentzituta dagoela ez duela deliturik egin, ez daukala dimititzeko arrazoirik, eta gertatutakoa «argitzeko» prest dagoela. Azalpen horiek guztiek, baina, ez dute oposizioa asetu.

Ez dute ikerketarik abiarazi kasua argitzeko —zenbait hedabidek eman dute Montenegroren jardueren berri azkeneko asteotan—, baina Fiskaltzak jakinarazi du, jada, negozio horiekin loturiko Montenegroren kontrako «salaketa anonimo bat» aztertzen ari dela; Portugalgo Asanbleako batzorde bat ere auzia ikertzen hastekoa da. TVI telebista kateak azken astean egindako inkesta baten arabera, herritarren %55k uste dute Montenegrok ez duela zilegitasunik karguan jarraitzeko; eta %59aren iritziz, ez ditu behar beste azalpen eman.

Joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak hauteskunde posible batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean

Pedro Nuno Santos PSren idazkari nagusiaren ustez, konfiantza mozio batera deitu zuen Montenegrok aurreko ostegunean, ez zelako dimititzera ausartzen. Chegako lider Andre Venturarentzat, lehen ministroak bere senideen negozioez emandako azalpenak ez dira nahikoa hari sinesteko. Montenegrori leporatzen diote, finean, lehen ministro karguak eskatzen duen esklusibotasuna urratu duela, lehen ministro izanda ere aholkularitza enpresa baten jabe izaten jarraitu duelako. 2022an, zenbait urtez politikagintzatik aldenduta egon ondoren lehen lerrora itzuli zenean, enpresa horren akzioak bere emaztearen izenean jarri zituen. Ordea, egintza nulutzat jotzen da hori, senar-emazteen artean egin zutelako salerosketa, eta irabazpidezko ondasunen erregimenean daudelako. Horrekin lotuta, pasa den astean beren semeen izenean jarri zituzten akzio horiek.

Eta, hain zuzen, joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak balizko hauteskunde batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean. Presidenteak erakutsi izan du krisi garaietan ez diola muzin egin bozkak aurreratzeari. Hori egin zuen 2021 amaieran, asanbleak atzera bota zuenean gobernuaren aurrekontu proposamena; baita iaz ere, Antonio Costa (PS) lehen ministroak dimisioa eman zuenenean (2015-2023) ikerketapean zegoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.