Oraindik ez da eguzkia sortu, eta hotz egiten du, baina gosaldu zaharrak dira Ganbold eta Tungalatamir senar-emazteak. Senarra tutu malgu bat eta pala pare bat sartzen ari da kamioi zahar txikian; emaztea, berriz, ur ponpaz arduratzen da. Ez dute askoz gehiagorik behar lanerako: Mongolian, ninja deritze halakoei, alegia, urre bilatzaileak dira. Hartu beren ger edo jurta —Mongolian ohikoak dira halako bizilekuak, kanpadenda modukoak—, eta Khailaast herrixkan kokatzea erabaki dute; Ameriketako Mendebalde Urrun eta basatitik ateratakoa dirudi, non metal preziatua bihurtu baita jirabira guztien ardatz. Handik 40 bat kilometrora aritzen dira lanean, aire zabalean dagoen eta atzerriko enpresa batek gobernatzen duen meategi handi batean. Betiere inork aurkitu ez ditzan ahaleginduz, aintzira okre baten ertzean kokatzen dira biak, eta beren hornitzailearekin harremanetan jartzen. «Jende horrek meategiak bazter utzitako lurrak lapurtzen ditu, eta guri saltzen dizkigute, oraindik haietan geratzen den urrea erauz dezagun», esan du Tungalatamirrek, buruko berokia —etxean egindakoa— jantzia duela, gogotik jotzen hasia baita eguzkia, bizi-bizi.
Erraza da prozesua. Ganboldek eta haren pare bat lagunek lurrez betetzen dute ibilgailuaren atzeko aldea, eta aintziraren ertzeraino garraiatzen dute. Tungalatamirrek ur punpatiko zurrusta indartsuaz bereizten ditu tobera batean harriak, lurra eta urrea eduki lezakeen materiala. «Metala astunagoa da, eta hondoan geratzen da», azaldu du. «Gainera, ezer alferrik ez galtzearren, berriro iragazten dugu galbahe baten bidez». Lan nekagarria da, fisikoki —batez ere, hirurogei urte inguruan ibiliko den bikote horrentzat—, eta ezinago aspergarria.
Egunero, hamalau bat ordu lan eginda, lurrez betetako hamabost kamioi ere «garbitu» ditzakete, baina tona bakoitzeko ordainsaria apenas antzematen den palankana batean. Puntu urrekara batzuk baino ez dira agertzen, azkeneko hondarrak ondo garbitu eta gero. Hirurogei miligramo urre eskas. Nahikoa, senar-emazteei irribarre eginarazteko.
Egun ona: 9,4 gramo urre
Lanaldia amaitzean, azkeneko eguzki printzekin batean, balantzea egiten du Ganboldek: «Egun ona izan da: 9,4 gramo atera ditugu». Herriko janari denda txiki batean salduko dute, gramoa 60.000 tugrik inguruan (26 euro), nahiz eta azkeneko prezioa nazioarteko kotizazioaren araberakoa den. Nolanahi ere, dezenteko kopurua da, hiruzpalau pertsonari ordaintzeko lain. «Batzuetan, egunean 500.000 tugrik inguru (215 euro) irabaz ditzake bakoitzak; oso kopuru handia Mongoliarako». Hain zuzen, 4.700 euro da urteko per capita errenta. «Legez kanpoko lan bat da, baina azken urteotako klima gero eta latzagoa da, eta gero eta zailagoa abeltzaintzatik bizitzea; guk bi haurri eman behar diegu jaten, eta unibertsitatea ere ordaindu beharko diegu», esan du aitak, eguneko irabaziak koaderno batean idazten dituen bitartean. Gaueko hamaikak dira ia, eta Tungalatamir fideo zopa gertatzen ari da lapiko elektriko batean. Eguneko otordu nagusia da, eta berehala amaituko dute. Ez dute astirik alferrik galtzeko, goizeko bostetan berriro iratzarri beharko baitute, jaiki eta meategiko inguruetara itzultzeko.
Ez dira bakarrak. Beste talde batzuk ere biltzen baitira aintziraren ingurumarian. Eta beste askok ere lan berberean dihardute han-hemen, herrialde izugarri honetako bazter guztietan. Eremuz, Frantzia halako hiru da; baina biztanleriari dagokionez, Euskal Herriaren antzekoa da. 100.000 biztanle inguruk dihardute ninja gisa, eta 300.000k aurkitu dute urrea noiz edo noiz. «Hiriburuan —Ulan Batorren— bulego lanean dabilen jendea ere etorri ohi da zortea saiatzera», azaldu du Olziik, Ganboldi laguntzen dioten gizonetako batek. «Askok oporrak baliatzen dituzte, edo udako hilabeteak, aparteko dirutxo bat irabazteko».
Demidee da horietako bat. 19 urte bete berriak ditu, eta hamar opor egun aprobetxatzen ari da amari urre bila laguntzeko, Ganbold eta Tungalatamir dabiltzan ingurutik gertu. Hala ere, ama-seme horiek ez daukate ez ibilgailurik eta ez bestelako azpiegiturarik. Beraz, askoz ere sistema oinarrizkoago bat darabilte: metal detektagailu bat. Jakina, urrezko pipitarik gehienak miligramo eskas batzuetakoak baino ez direnez, emaitza nahiko urriak lortzen dituzte: «Denbora gehiegi ematen dugu ezertarako balio ez duten metalak ateratzen lurpetik», dio mutil gazteak, etsita. «Baina, batzuetan, zortea izaten dugu. Behin 2,3 gramoko puska bat topatu genuen», ekarri du gogora. Gaur, esku-hutsik doaz. «Nahiago hala, zuloak egiten hasi baino; oso arriskutsua da hori».
Ninjek, izan ere, Demideek aipatutako metodo horixe erabili ohi dute eskuarki estepan urrea erauzteko: launaka edo bosnaka ibiltzen dira toki egoki bila, begiluzeen ikusmenetik urrun dagoenen bat noiz aurkituko, eta zulatu egiten dute hango lurra, baita hogeita hamar-berrogei metro sakon heltzeraino ere. Sarritan, bizilekutzat darabilten jurtarekin estaliz ezkutatzen dute zuloa ninjek, Poliziak harrapa ez ditzan; merkurioaz eta beste hainbat gai kimiko oso kutsagarriz bereizten dute metala arrokatik. Lan egiteko modu hori, kutsagarria ez ezik, hilgarria ere bada; zuloa bertan behera erorita hiltzen dira asko, edo gaixotu egiten dira beste batzuk, substantzia toxikoak behar bezala ez erabiltzeagatik. Eta kaltegarria da ingurumenerako ere.
Kooperatiba baten gisan
Egoeraz jabeturik, 2013 amaieran Mongoliako Meatzaritza Elkarteko enpresekin bildu zen gobernua, eta erabaki zuen urrea legez erauzteko mugak murriztea ninjei. Helburua, urrearen ekoizpena arautzea eta herrialdetik legez kanpo atera dezaten eragoztea. Hala, elkarren artean bildurik, ekipamendu aurreratuak lortzeko funtsak bila ditzakete ninjek.
Halaxe egina dute Zhuunkharaa herri lokartuan, Khailaastetik 200 bat kilometrora. Ninja izandako 330 lagun elkartu dira, eta Duush Mandal Khairkhan Batasuna sortu dute, indusketa ekipamenduetarako dirua biltzeko: 250 milioi tugrik (110.000 euro) eman dizkie Txekiar Errepublikak, eta 30 milioi tugrik (13.000 euro) Suitzako Gobernuak. Eta guztien artean bildutako kapitalari gehiturik, meategi txiki batzuk jarri dituzte martxan; asko falta zaie oraindik handien tamainakoak izateko, baina aurrerapauso handia dira lehengo zulo haien aldean: «Lehenbizikoz, 2008an bururatu zitzaidan elkartu egin behar genuela, baina ordu hartan legea ez genuen aldeko, eta elkarte antzeko bat sortu genuen, legez kanpo, elkarri laguntzeko asmoz», gogora ekarri du Tuya Damdinjamts-ek, Mandal Khairkhan elkartearen sortzaile eta gaur egungo zuzendari denak. «Orain, inolako arazorik gabe lan egiten dugu», dio, pozik.
Elkarteak, batetik, urre ekoizpena hobetzea lortu du, teknologia aurreratuagoaz baliatuta. Eta, bestetik, Noyod mendia alderik alde zulatzeko baimena eskuratu du, eta mugarri bat ezarri du elkarteko kideen lan baldintzetan. «Bakoitzak hilean 53.000 tugrik (23 euro) ordaintzen ditu zergetan, eta horrek milioi erdi tugrikeko soldata ere bermatzen die (217 euro). Ez dute ezer ordaindu beharrik materialarengatik, eta osasun aseguru bat ere badagokie. Gainera, nahiz eta hilabetean jarraian lan egin, hamar opor egun dituzte gero». Formula hori baliatuz lortu dute profesional bihurtzea eskulana, eta, Tuyaren estatistiken arabera, ez da gertatu inolako istripu larririk. «Beste meatzaritza enpresa multinazional batzuk ez bezala, gu saiatzen gara ahalik eta gutxiena kutsatzen; badugu lurra birziklatzeko programa bat ere», dio, azkenik.
Hauxe da elkarte horrek eskatzen duena: biztanleei ere ematea meatzaritzako pastel gozo horren zati bat. Sektore horrek izugarrizko garrantzia hartu du 1990eko hamarkadaz geroztik —orduan utzi zuen komunismoa Mongoliak—, eta, gaur egun, herrialdearen BPGaren %20 da. Munduko Bankuak aurtengo dituen espektatibak betetzen baldin badira, Gengis Khanen herrialdeak ez du alferrik %10,4 handituko bere aberastasuna. «Arazoa da aberastasuna gutxi batzuen esku geratzen dela, eta, hala, gero eta nabarmenagoak dira gizarteko aldeak», salatu du Tuyak, zeina herriko alkatea ere bai baita. «Urrea, gainerako mineral baliotsuak bezala, Estatuaren baliabideetako bat da, eta herrialdean inbertitu beharrekoa. Atzerritarrek eraman dezaten eragotzi behar da, gure ekosistema bera ere hondatu egiten baitute. Arazoa, Gobernu barruko ustelkeria da. Mundu guztiak nahi du bere eskupekoa, eta diputatuek berek are eta diru gehiago irabazteko idazten dituzte legeak».
Tuyaren bulego txikitik 15 kilometrora, lege kontuez ezer gutxi dakite Purensuren eta Uuganbayar-ek, baina pozik daude ninjen elkarteak ekarri dien aldaketarekin. Orain, behinik behin, andrearekin luzaroago egoteko aukera dute. Gainerako orduetan, lan eta lan aritzen dira, mendi mazelan 60 metro sakon egina duten meazuloan. «Noyod mendia aukeratu genuen, bagenekielako urrea zeukala barrenean. Harri zuri asko dago, eta hori seinale ona da», dio Purensurenek, arroka zurixka bat seinalatuz. Bikoteak bestelako teknika bat erabiltzen du metala erauzteko: lehergai kartutxoz zartarazten dute arroka; semeek prestatzen dizkiete lehergaiak beren ger-ean, meazulo sarreratik metro gutxi batzuetara. Eskuz sartzen dituzte instalazio badaezpadako horretan; ez daukate ez argirik eta ez inolako segurtasun neurririk, eta, behin leherrarazita, zulo bertikal batetik ateratzen dituzte harriak, ustez baliotsuenak izan daitezkeenak. Gero, Zhuunkhararaino garraiatzen dituzte, eta, behin elkarteko instalazioetan, birrindu egiten dituzte, eta gai kimikoak erabiliz urrea eta beste metalak bereizten.
«Egunero, 20 zakukada harri ateratzen ditugu. Horietatik, zazpi-zortzi bat gramo urre aterako dira», esan du Uuganbayarrek, zulo ilun-beltzean sartu aurretik zigarreta bat erretzen duen bitartean. «Susmoek gidatuta zulatzen ditugu galeriak; ez daukagu prospekzioak egiteko beste modurik. Baina urte askoan gabiltza negozio honetan, eta badakigu non dagoen aukera handiagoa. Biek ala biek diote arriskutsua dela baina ez daukatela beste erremediorik. «Semeek laguntzen didate eskolara joan beharrik ez daukatenean; ez dut nahi haiek ere meazuloan aritu behar izatea handitzean», adierazi du Purensurenek. Gaztetan, nomada ibili zen abeltzain, Mongolian oraindik ere ibili badabiltzan 800.000 pertsona horien moduan.
Ninjen urrea bilatzeko teknika horiek guztiak gorabehera, betiere toki berera doa urrea. «Oraintsu arte, Mongoliako bankuak 300 gramotik gora bakarrik erosten zuen; kopuru hori neurriz kanpokoa zen edozein meatzari artisaurentzat», nabarmendu du Toyak. «Arazo bat dago: bankuari saldu ahal izateko, findu egin behar da urrea, eta laborategi batera eraman, lege-urre gorria dela ziurta dezan. Handiegia da burokrazia. Horregatik, Ulan Batortik datozen bitartekariei saltzen diegu». Horiexek erosten diete urrea Ganbold eta Tungalatamirri ere. Gero, hiriburura eraman eta urtu egiten dute, lingote bihurtzeko berriro saldu aurretik. Bitartekari horien bezeroek eta banku zentralarenek, ordea, ez dute inolako zerikusirik. «Txinatarrek ia dena erosten dute».
Mongolia, urre gosez
Meatzaritzaren boometik sortuak dira 'urrezko ninjak', urrezko pipitengatik Mongolian bizia arriskatzen duen jende multzoa. Hona hemen haien historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu