Oraingoz, etxera bueltan dira Tirokoak

Su etenari esker, milaka herritar Tirora itzuli dira. Libano hegoaldeko hiri horretan, sekulako sarraskia egin dute, Israelgo tropek inoiz baino bortitzago bonbardatu baitute lurralde hori azken asteetan.

Zibilak Tiroko kale batean, Israelen erasoek eragindako hondakinen artean. JOAN CABASES VEGA
Zibilak Tiroko kale batean, Israelen erasoek eragindako hondakinen artean. JOAN CABASES VEGA
TIRO
2025eko urtarrilaren 3a
05:05
Entzun

Ohi bezala, eguzki ederra dago Tiron, Libano hegoaldeko hiririk handienean. Bake garaia balitz, herritarrak itsasertzean egongo lirateke, berriketan edo nargilea erretzen. Gaur, ordea, lanpetuta dabiltza asko, hondakinen artean beren gauzen bila eta hobi komunetan hildakoak saminez agurtzen.

Israelen eta Hezbollahren arteko menia dela eta, milaka zibilek Tirora itzultzeko aukera izan dute. Israelgo tropen ankerkeria agerikoa da: zenbait auzotan ez dago kalerik eraikin guztiak osorik dituenik. Tirora itzuli berri diren bizilagunek ez dakite nola topatuko duten etxea. Fatimak, berriz, itzultzerako bazekien bere etxearen erdia falta dela.

Azaro erdialdean, Fatimak eta haren familiak Tirotik alde egin zuten, sekulako sustoa hartu ondoren. Israelgo armadak bonbardatu egin zuen haien etxetik hurbil dagoen eraikin bat. Bizitegi eraikin bat Fatimaren etxearen zati baten gainera erori zen zuzen-zuzenean. Zortea izan zuten. Fatimaren bi anaiek arreba konbentzitu zuten gau hartan haien logelan lo egin zezan —amak eta bi semeek logela berean egiten zuten lo—. «Gau hartan betiko lekuan egin izan banu lo, orain hilda nengoke», adierazi du Fatimak.

«Inoiz ez dute hain gogor bonbardatu. 2006ko gerra herrietan gertatu zen, baina inoiz ez dut gerra neure kalean ikusi»

SALWATiroko herritarra

Halaxe mintzatu da Fatima, haien etxean zutik gelditu den logela bakarreko bi oheetako baten ertzean eserita. Bonbardaketaren aurretik lau logela zituzten etxean, orain, berriz, logela bakarra dute. «50 urtez bizi izan gara etxe honetan», esan du Fatimak —50 bat urte ditu berak ere—. «Hondamendia ikusi genuenean, zur eta lur gelditu ginen». Salwak, Fatimaren amak, 88 urte ditu, eta Israelen eta Libanoren arteko gerra bat baino gehiagoren lekuko izan da, baina baieztatu du ez duela sekula horrelakorik ikusi. «Inoiz ez dute hain gogor bonbardatu», esan du Salwak, ahots ahulez. Salwa elbarri dago gaur egun, eta lehen aldiz alde egin behar izan du etxetik, Israelen bonbardaketen eraginez: «2006ko gerra herrietan gertatu zen, baina inoiz ez dut gerra neure kalean ikusi».

Hiru seme-alabek ondo baino hobeto zaintzen dute Salwa etxeko logelan, baina hortik kanpora, hiriaren martxa geldiezina da: garabiak hondakinak mugitzen, zibilak hirian hara eta hona kalteak zenbaterainokoak izan diren aztertzen, lastairaz betetako autoak erbestetik bueltan. Etengabe entzuten da kristal zatiak zapaltzean egiten den hotsa. Zeru oskarbiaren eta eguzkiaren argitan, hautsa are nabarmenagoa da airean.

Suziriak vs misilak

Tiro harrera leku bihurtu zen 2023ko urriaren 8tik aurrera, orduantxe hasi baitzen Hezbollah Israeli eraso egiten, Gazako zerrendari laguntzeko ekintza solidarioa zela argudiatuta. Harrezkero, zibil ugari lekualdatu dira gatazkaren ondorioz: aurrena, mugako herrietako milaka lagunek alde egin zuten. Urtebetez baino gehiagoz, Hezbollah eta Israel elkarri erasoka aritu dira etengabe, baina ez modu berean: miliziak suziriak jaurti ohi zituen Israelen base militarren aurka, eta Israelen defentsa sistemak suziri horietako asko geldiaraztea lortzen zuen; Israelek, berriz, misilak jaurtitzen zituen Hezbollahren posizioen aurka, eta, askotan, biktima zibilak eragin, zehar kalte gisa aurkeztuta.

(ID_14502954) Tiro. Libano.
Fatima ezkerrean, eta argazkiaren eskuinaldean Salwa bere ama. JOAN CABASES VEGA

2024ko irailaren 27an, Israelek gatazka latente hura amaitzea erabaki zuen, eta gerra zabaltzea. Egun hartan soilik, israeldarrek 500 pertsona baino gehiago hil zituzten Libanoren aurkako ofentsiban. Gerraren fase horretan, Tiro jomuga bihurtu zen, aterpe izateari utzita. Milaka familiak hiritik alde egin zuten. Beste batzuek ez joatea erabaki zuten, dela beste inora joateko baliabiderik ez zutelako, dela konbentzimenduz.

Amel erakundeko erizaina da Mahmud Latuf. Erakunde horretako kideek arta ematen diete Tiroko herritarrei eta mugako lurraldeetatik iritsitako desplazatuei. Latufen hitzetan, desplazatuak harrituta gelditzen ziren mediku talde harekin, ikusita gogor eusten ziola hirian, baita egoerarik okerrenean ere. Latufen amak eta arrebek gerra irekia piztu aurretik egin zuten ihes, eta Latufi ere Tirotik alde egiteko esaten zioten behin eta berriz. «Nik alde egiten badut, nor geratuko da? Jendeak hemen behar nau», erantzuten zien Latufek.

Orain familia berriz elkartu da Tiron. «Hura zen negarra eta poza!», kontatu du Latufek irribarrez. «Tiro erabat suntsituta dago. Eraikin asko eraitsi dituzte. Baina nire familia oso pozik dago gure etxea eta ni onik gaudela ikusita». Gehienak, ordea, ez daude hain pozik. «Gerran, asko Tirora etorri ohi ziren, etxea osorik ote zuten begiratzera. Batzuek ikusten zuten jada ez zutela etxerik, eta aterpea zuten lekura itzultzen ziren: bazekiten etxeak berreraiki arte itxaron beharko zutela».

«Batzuek ikusten zuten jada ez zutela etxerik, eta aterpea zuten lekura itzultzen ziren: bazekiten etxeak berreraiki arte itxaron beharko zutela»

MAHMUD LATUF Erizaina

Hezbollahren eta Israelen arteko su etena azaroaren 27an sartu zen indarrean, hamahiru hilabeteko borrokaren ondoren. Gerra horretan, 4.000 pertsona hil dituzte Libanon, gehienak azken hiru hilabeteetan. Hainbeste gorpu pilatu dira ospitaleetako hozkailuetan, ezen Tiron bi hobi komun ireki baitituzte. «Nire lehengusua israeldarren bonba batek hil zuen, meniaren bezperan», esan du Mahmud Fakihk, hobi komun baten ondoan. Fakihren arabera, emakume hark ez zuen Hezbollahrekin zerikusirik.

Hobi horretan 185 gorpu baino gehiago lurperatu dituzte. Atal bat Hezbollahko kideentzat da, beste bat paramedikuentzat, eta beste bat zibilentzat. Hobi komunaren inguruan bildu diren emakumeek lurrera botatzen dute beren burua, eta, negarrez, lur zati bat besarkatzen dute, norbaitek esan baitie lur horrek estaltzen duela galdu duten hurkoaren gorpua.

Su etena adostu arren, Israelek egunero egiten dio eraso Libanori. Meniak agintzen du hala Israelen tropek nola Hezbollahk atzera egin behar dutela Libano hegoaldean. Erasoak justifikatze aldera, Israelgo agintariek argudiatu dute Libano hegoaldean ituna hausten duten Hezbollahko kideen edo jardueren aurka egiten dutela eraso. Eraso horietan, dozena bat pertsona baino gehiago hil dituzte su eteneko lehen astean.

Menia hari batean dagoenez, beharbada Tiroko herritarrek laster berriz erabaki beharko dute hiritik ihes egin edo ez. «Hemengo jendeak lotura estua du itsasoarekin, etxearekin», azaldu du Latufek, hiriari gorazarre eginez. Bonbardaketak izan ziren hilabeteetan ere, bizilagun askok ez zuten hiritik joan nahi izan: «Beldurrak zeudela nabari zen, baina hemen geratu ziren, ez baitzuten Tirotik alde egin nahi», esan du erizainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.