Elisenda Paluzie. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea

«Molde honetako desobedientzia batek ez dakar kartzelarik»

Puigdemont inbestitzeko ahaleginean inhabilitatuak izateko arriskua har dezatela eskatu die Parlamentuko Mahaikoei. Bozak berriz eginez gero, baina, baikorra litzateke. Auzitan jarri du ERCren «inkoherentzia».

RATKA VELJOVIC.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Espainiak ez du aldatuko bere jokabidea». Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak (Bartzelona, 1969) argi dauka. «Nork ahal duen gehiago da kontua, nork duen gehiengoa. Eta Katalunian gehiengo independentista dugun bitartean, hori aprobetxatu beharra daukagu». Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko dekanoa izan zen 2009tik iaz arte, eta orain irakaslea da. Joan den martxoaren 24an aukeratu zuten ANCko presidente, hauteskundeetan nabarmen irabazita. Datuak Babesteko Espainiako Agentziak 110.000 euro bahitu dizkio elkarte zibil subiranistari, baina Paluziek argitu du horrek ez diola eragiten erresistentzia kutxari.

Barne kontsulta bat egin berri du ANC Biltzar Nazional Katalanak, eta, horren arabera, bazkideen %81ek Puigdemont orain inbestitzearen alde egin dute.

Kontsulta bat egin zen bazkideen artean, eta zuzendaritza nazionalak, bere aldetik, hausnarketa bat. Egin dugun hausnarketa da, gatazka demokratikoa planteatzeko desobedientzia ekintza administratibo bat egiteko asmorik ez badago... Kontuan hartu behar da, gainera, molde honetako desobedientzia batek ez dakarrela kartzelarik, inhabilitazioa baizik, epaiketa egin eta galduz gero.

Inhabilitatuta geratuko lirateke Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak.

Bai, ados, baina muturrera joaten ari gara, e? Gertatzekotan, urte batzuk barru gertatuko litzateke, epaiketa egin ondoren. Hausnartu dugu ea balioa eman nahi diogun erreferendumeko, abenduaren 21eko aginduari. Politikariak ez badaude prest inhabilitatuak izateko arriskua hartzeko... Azken batean, kargu politikoak beste batzuek har ditzaten uztea da. Gure beldurra da legegintzaldia autonomikoa izango dela.

Adierazi duzu alderdi subiranistek «azalpenak» eman beharko dituztela ez badute «gobernu legitimoa» berriz ezartzen.

Errepresio politikoa dela medio, dinamika autonomistetara itzultzeko arriskua dago. Puigdemont inbestitzen ez badute, alderdiek azaldu beharko digute zergatik aurkeztu ziren hauteskundeetara esanez gobernu legitimoa berrezarri behar zutela, eta zergatik azkenean ez duten bete. Kontuan hartu behar dira estatuak jarri dituen oztopo guztiak, egindako mehatxuak, baina bagenekien ez zutela erraz jarriko.

Puigdemonten inbestidura gertatzen ez bada, etsipena sentituko duzue?

Ez dakit etsipena ote den hitza... Hitza da... kezka. Izan ere, berriro hasi beharraren eta aukerak desaprobetxatu izanaren sentipena edukiko genuke.

Zer aukeraz ari zara?

Zailtasunak dakartzaten aukerak, baina aukerak. Azkeneko hilabeteotan ikusi dugu Puigdemontek nazioartean duen oihartzuna. Kanpoan, judizialki, garaipen batzuk lortu dira, eta gehiago helduko dira ziurrenik; horrek indarra ematen du, PPren gobernua eta Espainiako Estatua ahultzen diren bitartean. Beraz, jakinda nolako indarra edukiko lukeen subiranotasun ekintza batean Kataluniako Parlamentuan presidente kargugabetu baten alde bozkatzeak, pena pixka bat ematen digu aukera desaprobetxatzeak.

Subiranotasun ekintza bat egiteagatik inhabilitatuak izatera arriska daitezela, hori eskatzen ari zatzaizkie Mahaiko kideei.

Hori da. Nik badakit alderdiak oso jota daudela errepresioarengatik. Oso gogorra da hori guztia, erabat ulergarria, baina eskatu ahal zaien gutxienekoa da mehatxuarengatik hain geldiaraziak ez egotea. Espainiako instituzioek ikusten badute errepresioak emaitza politikoak ematen dizkiola, aplikatzen jarraituko dute.

Duela bi aste, Eduard Pujolek (JxC) nabarmendu zuen ez zutela behartuko desobedientzia egoerarik. JxC Junts Per Catalunyak, ordea, Puigdemont inbestitu behar dela esaten du oraindik ere. Nola interpreta daiteke hori?

Esango nuke Junts Per Catalunyaren barruan pertsona batzuk, Puigdemont bera barne, kontziente direla Puigdemonten inbestidurak duen indar politikoaz. Beraz, zalantzak dituzte, politikoki onena den erabakiaren eta hori aurrera ez eramateko jasaten dituzten presioen artean.

Joan den astean, Puigdemontekin batzartu zinen Berlinen. Zer mezu helarazi dizu?

Presidentea animatuta dago kanpoko fronte judizialarekin, eta pentsatzen du kanpoko garaipenek eragina izango dutela barruan, Espainian egingo diren epaiketetan. Era berean, berriro hauteskundeak egin eta emaitzak onak ez badira, erabakiaren erantzukizuna zamatuko lukeela sentitzen du. Dena den, baikorragoa naiz ni, pentsatzen baitut bozak berriz eginez gero independentisten emaitzak ez liratekeela txarrak izango. Oro har, halere, badago beldurra, nahiz eta iruditzen zaidan blokeoak, egiazki, estatuari egiten diola kalte, bere irudia degradatzen duela.

ERC Esquerra Republicanak, berriz, hilabeteak daramatza inbestidura «eraginkor bat» eskatzen. Filtratu denez, errepublikanoek pentsatzen dute herritarren %50 ez direla nahikoa errepublika sortzeko.

Nolabaiteko inkoherentzia bat dago, eta hala jakinarazi diet. Izan ere, argudio batzuk erabiltzen dituzte orain, eta joan den urriko azken astean presio egiten ari ziren independentzia aldarrikatu zedin. Orain ez gara orduan baino independentista gutxiago, alderantziz baizik, eta, gainera, abenduaren 21eko bozak baldintza muturrekoetan eginda. Zenbat eta babes handiagoa eduki, hobe; babes hori handitu egin behar da, bai, baina ez dut uste modu onena denik daukagun gehiengoaren indarra, meritua apaltzea.

Eta zerk eraman du ERC zuk diozun kontraesan horretara?

Erreferendumaren antolakuntza ERCk hartu zuen, nagusiki, bere gain. Bestalde, prozesuak alderdiko buruzagi askori eragin die. Puigdemontek JxC sortu zuen pertsona berriekin, independenteekin eta; horrek, nolabait, freskotasun handiagoa ematen die, hutsetik hasi direlako, ez zutelako erantzukizunik 2015-2017ko legegintzaldian. Horrek, agian, askatasun handiagoa ematen die.

2015-2017ko legegintzaldia eskutik hartuta egin zenuten elkarte zibilek, zuek eta Omnium Culturalek, eta alderdi subiranistek. Batasun hori pitzatu dela dirudi.

Tira, kontua ez da batasunik ez dagoela. Denok bat gentozen proiektu bat zegoen, eta elkarrekin lan egin genuen. Oraingo egoera berria da, hausnartu beharra dago, estrategiak findu, eta, beraz, oraindik ez daude partekatuta. Bakoitza bere kabuz hausnartzen ari da, hausnarketa horiez besteekin hitz egin aurretik. Logikoa da, neurri batean. Bitartean, gobernu bat osatu beharra dago, eta arazoa da, agian, aurretiko lan hori ez dela egin eta mundu guztia ez dela ari modu berean analizatzen urrian gertatutakoa.

Hausnarketa bat egin behar delakoan nago: negoziazio baten esperoan bazaude eta hori ez bada gertatzen, ez zaude beste jokalekurako prest. Aldebikotasuna edo aldeaniztasuna nahi badituzu, aldebakartasuna landu beharra duzu, independentzia gauzatzeko gaitasuna. Ez baduzu hori erakusten, inork ez du zurekin negoziatuko; are gutxiago Espainiaren gisako estatu autoritario eta mentalitate konkistatzaileko batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.