Moldaviako presidentearen dimisioa eskatu dute Chisinaun

Oposizioak agintariei aurpegiratzen die «gaitasunik ez» izatea energiaren garestitze handiak geldiarazteko. Poliziak, berriz, «Errusiaren laguntzarekin» eratutako sare bat desegin du, hamar bat taldekoa

Sor oposizioko alderdiko buruzagiorde Marina Tauber —mikrofonoarekin—, herenegun, Chisinauko protestan. D. D. / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Iazko udaz geroztik, Moldaviako presidente Maia Sanduk —europazalea da— dimisioa eman dezala eta hauteskundeak aurreratu daitezela eskatzen ari dira milaka manifestari, asteburuero, Chisinaun. Oposizioak agintariei egozten diete herrialdean krisi ekonomiko «larria» eragitea. Hain zuzen, elikagaien, energiaren eta zerbitzu publikoen prezioak «izugarri» igo dira; %34 iaztik.

Hori dela eta, herenegun kalera atera ziren manifestariek ebazpen bat onartu zuten, eta Moldaviako Gobernuari 24 orduko ultimatuma eman zioten: «Gobernuari eskatzen diogu herritarrei ordaindu diezazkiela neguko hiru hilabeteetako gasaren, elektrizitatearen eta berokuntzaren fakturak. Biharko [Atzoko] 13:00ak baino lehen gobernuak ez badio erantzuten gure eskaerari, eskubidea izango dugu herriaren borondatea aplikatzeko beharrezko neurriak hartzeko», esan zuen Sor oposizioko alderdiko buruzagiorde Marina Tauberrek —errusiazalea da—, elkarretaratzearen amaieran. Antolatzaileek eskaera horren aldeko 700.000 sinadura inguru lortu zituzten, Tauberrek TASS berri agentziari ziurtatu dionez.

Gobernuaren aurkako mezu ugari oihukatu zituzten manifestariek herenegun; esaterako, «kanpora diktadura» eta «kanpora Maia Sandu». Manifestazioa hiriko plaza nagusira heltzear zela, Poliziak plazarako sarbidea itxi zion, eta presidentearen egoitzarako bidea hartu zuen.

Protesten ostean, ordea, istiluak egon ziren herritarren eta estatuko indarren artean. Moldaviako agintarien arabera, gutxienez 54 pertsona atxilotu zituzten; besteak beste, 21 adingabe.

Tauberrek, gainera, salatu zuen Sor alderdiko ohorezko presidente Valeri Klimenko ere atxilotuen artean zegoela. Poliziak bileren legea urratzea eta agenteen aurka oldartzea egotzi zien. Manifestazioaren antolatzaileek, aldiz, agintariei leporatu zien ekintza «probokatzaileak eta legez kanpokoak» antolatzea, elkarretaratze baketsua «zapuzteko».

Horrekin lotuta, herenegun, Sor alderdiko buru Ilan Sorrek adierazi zuen iazko udatik abiatutako gobernuaren kontrako mobilizazioek ez dutela loturarik Errusiarekin. «Gure aldarrikapenen atzean, Moldaviako herria besterik ez dago; Sanduk, berriz, Brusela eta Washingtonen interesen alde egiten du, eta denek dakite hori. Horregatik dei egiten diot presidenteari ez ditzan estali bere politikak eta herriaren aurkako neurriak Errusiarekin, sabotatzaileekin edo beste edozerekin», idatzi zuen Telegrameko bere kontuan.

Sorrek ohartarazi zuenenez,haren alderdiak protestak antolatuko ditu aurrerantzean ere, «agintariek herritarren energia fakturak ordaintzen dituzten arte». Enpresari errusiazalea erbestean dago egun, Moldaviako auzitegi batek ustelkeria leporatzen baitio.

Larrialdi egoeran 2022tik

Moldavian duela urtebete pasatxotik dago indarrean larrialdi egoera; hain zuzen, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira ezarri zuen Chisinauk. Lege horren arabera, besteak beste, debekatuta dago ekitaldi jendetsuak antolatzea, oposizioko alderdiek manifestazioak astero egiten dituzten arren. Gainera, oposizioak salatu duenez, gobernuarekin kritiko diren zenbait telebista kate itxi dituzte agintariek azkenaldian.

Bestalde, gobernuaren aurkako protestak erabiliz herrialdea ezegonkortu nahi zuen sare bat desegitea lortu zuen herenegun Poliziak. Sare hori «Errusiako zerbitzu sekretuen laguntzarekin» eratu zen, Poliziaren buru Viorel Cernuek atzo zehaztu zuenez. Erantsi zuen sareko ustezko 25 kide atxilotu zituztela aurrez, eta herenegun beste zazpi. Chisinauren arabera, hamar bat talde eratu zituzten, bost eta hamar lagun artekoak, «Errusiatik Moldaviara joandako identifikatu gabeko herritar batek koordinatuta». Sare horretan infiltratutako agente baten bitartez lortu dute informazioa. Antza, atxilotu bakoitzak 10.000 euro inguru jaso zituen gobernuaren kontrako ekintzak antolatzeagatik.

Herenegun, gainera, segurtasun indarrek gutxienez lau bonba abisu baieztatu zituzten; horietako bat eguerdi aldera jaso zuten, hiriburuko aireportuan, La Moldavo atariak Poliziaren iturriak aipatuz jasotakoaren arabera. Aireportuko langileak eta bidaiariak berehala atera zituzten eraikinetik, eta bidaiariak erregistratzeko prozedura etenda geratu zen aldi baterako, Barne Ministerioko agenteak ikertzen ari ziren bitartean. Iluntzean egiaztatu zuten atzoko abisu guztiak faltsuak izan zirela.

Poliziak uste du desegindako sare hori dagoela mehatxu horien guztien atzean. Joan den hilean, Moldaviak Errusiari leporatu zion Sandu agintetik kentzeko konspirazioa egin izana. Bide horretan, Ameriketako Estatu Batuek konpromisoa hartu zuten Chisinauri babesa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.