Iazko udaz geroztik, Moldaviako presidente Maia Sanduk —europazalea da— dimisioa eman dezala eta hauteskundeak aurreratu daitezela eskatzen ari dira milaka manifestari, asteburuero, Chisinaun. Oposizioak agintariei egozten diete herrialdean krisi ekonomiko «larria» eragitea. Hain zuzen, elikagaien, energiaren eta zerbitzu publikoen prezioak «izugarri» igo dira; %34 iaztik.
Hori dela eta, atzo kalera atera ziren manifestariek ebazpen bat onartu zuten, eta Moldaviako Gobernuari 24 orduko ultimatuma eman zioten: «Gobernuari eskatzen diogu herritarrei ordain diezazkiela neguko hiru hilabeteetako gasaren, elektrizitatearen eta berokuntzaren fakturak. Biharko [Gaurko] 13:00 baino lehen gobernuak gure eskaerari erantzuten ez badio, herriaren borondatea aplikatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskubidea izango dugu», esan zuen Sor oposizioko alderdiko buruzagiorde Marina Tauberrek —errusiazalea—, elkarretaratzearen amaieran. Antolatzaileek eskaera horren aldeko 700.000 sinadura inguru lortu dituzte, Tauberrek TASS Errusiako berri agentziari ziurtatu dionez.
Gobernuaren aurkako mezu ugari oihukatu zituzten manifestariek atzo; esaterako, «kanpora diktadura» edota «kanpora Maaia Sandu». Manifestazioa hiriko plaza nagusira heltzear zela, Poliziak plazarako sarbidea itxi zion, eta, beraz, presidentearen egoitzarako norabidea hartu zuen. Protesten ostean, ordea, istiluak egon ziren herritarren eta estatuko indarren artean. Moldaviako agintarien arabera, gutxienez 54 pertsona atxilotu zituzten; besteak beste, 21 adingabe. Tauberrek, gainera, salatu zuen Sor alderdiko ohorezko presidente Valeri Klimenko ere atxilotuen artean zegoela. Poliziak bileren legea urratzea eta agenteen aurka oldartzea egotzi zien. Manifestazioaren antolatzaileek, aldiz, agintariei leporatu zien ekintza «probokatzaileak eta legez kanpokoak» antolatzea, kontzentrazio baketsua «zapuzteko».
Horrekin lotuta, gaur, Sor alderdiko buru Ilan Sorrek ukatu egin du iazko udatik abiatutako gobernuaren kontrako mobilizazioek Errusiarekin lotura dutela. «Gure aldarrikapenen atzean Moldaviako herria besterik ez dago; Sanduk, aldiz, Brusela eta Washingtonen interesen alde egiten du, eta mundu guztiak daki hori. Horregatik dei egiten diot presideneari ez ditzan estali bere politikak eta herriaren aurkako neurriak Errusiarekin, sabotatzaileekin edo beste edozerekin», idatzi du Telegrameko bere kontuan. Sorrek ohartarazi du, halaber, bere alderdiak protestak antolatzen segituko duela, «agintariek herritarren energia fakturak ordaintzen dituzten arte». Enpresari errusiazalea erbestean dago egun, Moldaviako auzitegi batek ustelkeria leporatzen baitio.
Larrialdi egoera, duela urtebetetik
Moldavian duela urtebete pasatxotik dago indarrean larrialdi egoera; hain zuzen, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira ezarri zuen Chisinauk. Lege horren arabera, besteak beste, debekatuta dago ekitaldi jendetsuak antolatzea, oposizioko alderdiek manifestazioak astero egiten dituzten arren. Gainera, oposizioak salatu duenez, gobernuarekin kritiko diren zenbait telebista kate itxi dituzte agintariek azkenaldian.
Bestalde, gobernuaren aurkako protestak erabiliz herrialdea ezegonkortu nahi zuen sare bat desegitea lortu zuen atzo Poliziak. Sare hura «Errusiako inteligentziaren laguntzarekin» eratu zen, Polizia Nazionaleko buru Viorel Cernuek atzo zehaztu zuenez. Erantsi zuen sareko ustezko 25 kide atxilotu zituztela aurrez, eta atzo beste zazpi. Chisinauren arabera, bost eta hamar pertsona artean osatutako hamar bat talde inguru eratu zituzten, «Errusiatik Moldaviara joandako identifikatu gabeko herritar batek koordinatuta». Sare horretan infiltratutako agente baten bitartez lortu dute informazioa. Antza, atxilotu bakoitzak 10.000 euro inguru jaso zituen gobernuaren kontrako ekintzak antolatzeagatik.
Atzo, gainera, segurtasun indarrek gutxienez lau bonba abisu baieztatu zituzten; horietako bat eguerdi aldera jaso zuten, hiriburuko aireportuan, La Moldavo atariak Poliziaren iturriak aipatuz jasotakoaren arabera. Aireportuko langileak eta bidaiariak berehala atera zituzten eraikinetik, eta bidaiariak erregistratzeko prozedura etenda geratu zen aldi baterako, Barne Ministerioko agenteak ikertzen ari ziren bitartean. Iluntzean egiaztatu zuten atzoko abisu guztiak faltsuak izan zirela. Poliziak uste du desegindako sare hori dagoela mehatxu horien guztiaren atzean. Joan den hilean, Moldaviak Errusiari leporatu zion Sandu agintetik kentzeko konspirazioa egin izana. Bide horretan, Ameriketako Estatu Batuek konpromisoa hartu zuten Chisinauri babesa emateko.