«Herrialde hau txerritegi bat da», esan du goraki ondoko gazteak. Autobusa aireportutik Chisinaurako bidea egiten ari da. Gaztea familia bisitatzera dator. Urtebete darama Britainia Handian lanean. Errumanieraz dakiten Moldaviako hainbat herritarrek bezala, Errumaniako nazionalitatea ere badauka. Nazionalitate bikoitza eskatzera bultzatu dute ez ideia politikoek, ez eta Errumaniak eta Moldaviak hizkuntzaren, kulturaren eta historiaren ikuspegitik dituzten senidetasun loturek ere, baizik eta bizirik irauteko politikak.
«Errumanieraz baldin badakizu, Errumaniako pasaportea nahiko erraz lor dezakezu, eta hori Europako Batasunean legalki lan egiteko baimena da, hau da, 1.000 euro inguruko soldata lortzeko bidea», zehaztu du. Errumanieraz ez dakitenek, hots, errusiar, ukrainar eta gagauziar jatorria dutenek, ez dute errumaniar pasaportea lortzeko aukerarik. Haietako askok Errusiara jotzen dute lan bila. «Baina Errusian batez beste 400 euro jasotzen dituzu», erantsi du, ikasle abantailatu batek bezain arin kontuak eginez.
Mendebaldea eta Ekialdea lotzen dituen zubia da Moldavia. Solaskideak esandakoari kasu eginez gero, Mendebaldeak eta Ekialdeak elkarri ipurtzuloa erakusten dioten komun zuloa da Moldavia. Independentzia lortu zuenetik, EBren eta Errusiaren arteko ez-inoren lurraldean noraezean dabil Sobiet Batasuneko errepublika ohia. Lehen ere ez zen, batzuek hala irudikatu nahi bazuten ere, Sobiet Batasuneko sukalde eta dendak ardoz, frutaz eta barazkiz hornitzen zituen baratze emankor, baketsua; baina orain, paradisuaren hipotesi komunista sobietarra ezeztaturik, baliteke Moldavia zerga paradisu bihurtzeko bidean egotea.
Paradisuak paradisu, estatistika ofizialek argi erakusten dute Moldaviak egun bizi duen infernua: ia huts egindako estatu bat da, Europako herrialde txiroena, industriarik eta nekazaritzarik gabea, jendez hustua —populazioaren % 25ek lan egiten du atzerrian—, migratzaileek bidalitako dirua BPG barne produktu gordinaren %40 da, Europako per capita errenta txikiena du eta ustelkeria oso zabaldua dago.
Horren adibide bat da mendeko lapurreta. 2014an, Moldaviako hiru bankutatik mila milioi dolar desagertu ziren, hots, Moldaviako BPGren %12. Auzia argitu gabe dago oraindik, eta lapurtutako diruaren eta erantzuleen arrastorik ez. «Agintariek ez dute hatzik mugitu, bankuak zergadunen diruaz erreskatatzeko ez bada. Hau absurdoaren errepublika da; hemen, zentzugabekeria da arau», arranguratu da bidaiari gaztea autobusetik jaistean.
Bukatu gabeko hiria
Krisi ekonomikoaren ondorioz, Chisinau hiriburua bukatu gabe utzitako eraikin mamu garaiez beteriko hiria da. Gaizki lerrokatutako haginez, hutsunez eta ordezko hortzez osatutako hortzeria zikina dirudi. Erdialdetik aldenduz gero, espaloi estu hautsiek berehala eramaten dute lorategien ordez zakartegiak dituzten auzune zaharkituetara. Chisinau txakur deslai bat da, hiriko leku bazter eta kale ilun bihurgunetsuetan barneratuz ihes egiten diena hirigintza planen ordena eta lerro zuzenei.
Haatik, hiri paisaia mortuaren erdian, bizitzak gainezka egiten du zementu zikinaren zirrikituetan. Azoka koloretsuak gizakia txiki eta ezdeus sentiarazten duten sobietar garaiko etxe orratz hitsen artean, haurrak bozkario batean garagardo potoz betetako jolastokietan, agureak xakean jokatzen zuhaitzen itzalpean.
Berdegune zabalak daude asfaltozko oihanaren erdian. «Europako hiri handien artean berdegune gehien dituen hiria da Chisinau», dio Nicolae Dabija idazle eta Literatura si arta literatura astekariaren zuzendariak. Itzal handiko idazlea da Moldavian eta Errumanian, bai eta nazioartean ere. 2011n, T'ema pentru acasa moldaviarren erbesteko memoriei buruzko nobela argitaratu zuen.
«Moldaviar idazleek errumaniar idazletzat dute beren burua. Moldavia Errumaniako lur zati bat da, lehenik errusiar inperioak 1812an eta gero sobietar erregimen autoritarioak 1940an banatu bazituen ere. Gaur egun, Europa da moldaviarrok dugun helduleku bakarra, gure belaunaldi berrientzat etorkizun hobea nahi baldin badugu», esan du erabakitasunez.
Baina idazlea beldur da ez ote den berriro iratzarri errusiar mamua. «Stalinek, hiltzear zela, egunen batean itzuliko zela agindu zuen». Moldavia Sobiet Batasuneko errepublika zenean, Dabija Unibertsitatetik kanporatu zuten errumanieraz idazteagatik. «Errumaniar literatura debekatuta zegoen. Stalinen garaian, edozein huskeriagatik erbestera zintzaketen Siberiara. Esaterako, Gora Alderdi Komunista grafia latinoan idazteagatik. Komunismo garaian errusiar chauvinismoa zen nagusi. Komunismoarekin, hizkuntza guztiak desagertu eta errusieraz hitz egingo genuela zioten. Ia lortu zuten. 1920an, Sobiet Batasunean 200 hizkuntza zeuden, baina 82 besterik ez 1989an».
Oraindik gogoan du nola Moldaviako Errepublika Sozialista Sobietarreko prokuradore nagusiak Literatura si arta astekariaren argitalpena debekatzeko eskaera egin zuen. «Baina 1989an alfabeto latinoa onar zezaten lortu genuen, eta errumaniera bihurtu zen hizkuntza ofiziala errusieraren ordez», nabarmendu du. 1989an, 270.000 aleko argitaraldia zuen Literatura si arta astekariak egun, 10.000 alekoa, eta errumanierazko poesia liburuen argitaraldia 100.000 alekoa zen. Ez alferrik, garai hartan Chisinauri poesiaren hiriburua deitzen omen zioten. «Poetak eta idazleak izan ziren, hein handi batean, 1991n Moldaviaren independentzia lortu zuen askapen mugimenduaren buruak. Portugalgoa krabelinen iraultza izan bazen, Moldaviakoa poesiaren eta abestien iraultza izan zen», esan du Dabijak barrezka, mahaitik altxatu aurretik.
EB edo Errusia
Moldaviak independentzia lortu zuenetik urte asko igaro dira, baina orain beste auzi bat dago pil-pilean. Norengana jo laguntza eske krisialditik irteteko? Mendebaldera edo Ekialdera? Europako Batasunera edo Eurasiako Batasun Ekonomikora? Ameriketako Estatu Batuen eta EBren diru laguntzak daude jokoan, bai eta Errusiaren gas eta elektrizitate hornidura ere.
Herritarren multzo handi bat—batez ere gazteak eta hirietako biztanleak— EBra hurbiltzearen aldekoa da; aldiz, beste multzo handi bat —adineko herritarrak eta landa eremuetan bizi diren laborariak nagusiki— Errusiarekin loturak sendotzearen aldekoa.
Gizartea erdibitzen duen arrakala berak zatitzen ditu alderdi politikoak. Azken urteetan, ustez EBn sartzearen aldekoak edo aurkakoak diren alderdiak boterean txandakatuta ibili dira. EBk eta Moldaviak elkartze ituna sinatu zuten 2014an, EBren eta Moldaviaren arteko elkartze politikoan eta integrazio ekonomikoan sakontzeko. Egun, Pavel Filip buru duen koalizio gobernua dago agintean, zeina Moldaviako Alderdi Demokratikoaren inguruan osatutakoa eta EBren aldekoa baita. Herritar askoren iritzian, ordea, boto-emaileak erakartzeko amarru gisa darabil Europaren bandera, eta zenbait ustelkeria kasu larritan nahastuta dago. Moldaviako lehendakaria, berriz, Igor Dodon Moldaviako Alderdi Sozialistaren buru errusiazalea da. Alderdi Sozialistak gehiengoa lortzen badu aurtengo azaroan Parlamentua aukeratzeko egingo diren hauteskundeetan, litekeena da EBtik aldendu eta Errusiara hurbiltzea.
Argigarria izan liteke Chisinauko alkatea aukeratzeko egin berri diren udal hauteskundeen emaitza. Andrei Nastase ustelkeriaren aurka borrokatzeko sortu zen Duintasunaren eta Egiaren Plataformako hautagai europazalea izango da alkate berria, botoen %52 lortu baititu. Ion Ceban Alderdi Sozialistaren hautagai errusiazaleak botoen % 47 lortu ditu.
Unean-unean agintean den alderdi politikoa gorabehera, joera bateko zein besteko politikariak negoziolari aberats eta oligarken txotxongiloak direlako iritzia oso zabaldua dago herritarren artean. Moldaviako errepublika ustelkeria sareen taifa erresuma da, non, unean uneko komenentziaren arabera, antzezle nagusiek EBren aldeko mozorroa zein Errusiaren aldekoa janzten dituzten, herritarrek ikus-entzule mutu aspertuarena egiten duten bitartean.
Hizkuntza
Baina Moldavian, politikaren eta ekonomiaren esparruan ez ezik, hizkuntzaren esparruan ere jokatzen da absurdoaren antzezlan erraldoia. «Moldaviera ez da hizkuntza bat. Izatekotan, errumanieraren aldaera litzateke», dio Inga Druta Moldaviako Terminologia Zentro Nazionaleko zuzendariak. Errumaniera edo moldaviera Moldavian hedatuen dagoen hizkuntza bada ere, lehen hizkuntza errusiera edo ukrainera duen gutxiengo esanguratsu bat dago herrialde osoan, batez ere hiriburuan eta hiri nagusietan. Transnistrian, errusiera lehen hizkuntza dutenak dira gehiengoa. Hegoaldean, Gagauziako eskualde autonomoan gagauzera hitz egiten bada ere —turkierarekin antz handia duen hizkuntza gutxitu bat—, errusiera da nagusi.
Moldavian, hizkuntzari buruzko eztabaidak soka luzea du. «1989an, hizkuntzaren legearen bidez, errumanieraren ofizialtasuna eta grafia latinoa onartu ziren. Harrezkero, errusiera ez da gehiago ofiziala Moldavian, gure herrialdeko komunitate desberdinen arteko komunikazio hizkuntza baizik. Errumanieraren zabalpena dugu helburu», dio Drutak. Lan asko dute egiteko, baina gero eta baliabide gutxiago. Errumaniako Gobernuaren laguntza giltzarria da hizkuntza normalizatzeko bidean.
Europa amets
Chisinauko antzoki nagusienetako batek Eugene Ionesco du izena, baina moldaviar absurdoaren monumentu nagusia Chisinau Circus da, Moldaviako Sobietar Errepublika ohiaren estatu zirkua izandakoa. 2004. urtean itxi zuten hormigoi-zementuzko sobietar arkitekturaren eta garai haien ikonoa, gainbeheraren ikur. Harrezkero, erdi abandonatuta dago. Beirateak hautsita, eskailerak hondatuta, fatxadako pailazoetariko bat bururik gabe. Zirkua, moldaviar errealitate gordinaren metafora.
«Hemen, gure bizitzak puskaka erortzen dira, zirkutik askatzen diren hormigoi zatiak bezala», dio haur jaioberriarekin pasieran dabilen neska batek. Senarrari Errumaniako pasaportea emango dioten egunaren zain daude, maletak egin eta herrialdetik ospa egiteko. «Asko maite dut nire herrialdea, baina alabari hemen izango duen etorkizuna baino hobea eskaini nahi diot. Nik ez dut lanik, eta senarrak 5.700 leiko soldata du [300 euro inguru]. Lansariaren erdia etxearen alokairuak jaten digu, eta horri mantenu gastuak eta atzerrian bezain garestia den arropa erosteko gastuak erantsi behar dizkiozu, bai eta eguneroko ogia diren eskupekoak ere».
Eskupekoak edozertarako eman behar dira. Unibertsitatean tituluak lortzeko, osasun publikoan ebakuntzak egiteko edo administrazioan lizentziak lortzeko. «Berdin dio nor dagoen boterean; beren poltsikoak betetzea beste xederik ez dute. Kanpora joatea beste irtenbiderik ez dugu», ondorioztatu du. Moldaviar gazteek Europako Batasunean mileurista izatea dute amets.
Moldavia, absurdoaren muturrerainoko bidaia
Europako Batasunaren eta Errusiaren artean dago Moldavia, bi blokeen erdian. Gazteek Europa dute itxaropen; zaharrek Errusiaren altzora bueltatu nahi dute. Herrialde pobrea da, eta oraindik askatzeko ditu korapilo politikoak, ekonomikoak eta hizkuntzari buruzkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu