Frantziako Asanblean sei urtez izan ondoren, eta Parisen eta Papeeteren arteko joan-etorria hamaika aldiz egin ostean, Moetai Brothersonek beste pauso bat emango du politikan, eta ez edonolakoa. Polinesia Frantseseko Asanbleak gaur aukeratuko du uhartediko presidentea, eta,Tavini Huira'atirak joan den hileko hauteskundeetan lorturiko gehiengo osoari esker, Brotherson estreinakoz bilakatuko da gobernuburu, eta 2013tik hona kargu hori izango duen lehen independentista.
Egunotan emandako elkarrizketak eta sare sozialetan jarritako edukia ikusirik, Polinesia Frantseseko hurrengo presidentea izango denak «lanerako» nahia erakutsi du, baina orain arteko gertutasunari uko egin gabe. Uhartediko herritarrekin mintzatzen agertu da, irribarretsu, aukera handi baten aurrean dagoela argudiatuta; Brohertsonek esana baitu bere aberria «eraldatu» nahi duela, eta zeregin hori izango duela lehentasun datozen bost urteetan.
Tavini Huira'atira alderdiaren garaipena, gauza guztien gainetik, aldaketaren nahiaren erakusle izan da. Batzuentzat, batez ere milaka boto emailerentzat, hori poztasunerako arrazoia da, baina, beste batzuentzat, ziurgabetasunerako garaia. Horren erakusle da, kasurako, gobernuburu aukeratuko dutena enpresarien ordezkariekin ere elkartu dela egunotan, lasaitasuna helarazteko.
Auzi sozioekonomikoak dira, hain justu, gobernu berriak kudeatu beharko dituen erronka nagusietako bat. Desberdintasun sozialen afera da kasu bat, Polinesia Frantseseko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle Semir Al Wardiren arabera; eta, zehazki, bizitzaren garestitzeari aurre egitea, sistema fiskala berriz eraikitzea eta ekonomia «aldatzea». Finean, uhartedia sakonki moldatzea. «Eta hori eginkizun astuna izango da».
Egoera ulertzeko, Al Wardik datu bat eman du, aberastasunaren metaketa neurtzeko balio duen Gini indizea: «Desberdintasunak neurtzen ditu, 0tik 1era sailkatuta. 1etik zenbat eta gertuago, orduan eta handiagoak dira desberdintasunak. Metropolia 0,28an dago, eta Polinesia Frantsesa, 0,4an. Hortaz, parekotasunik eza nahiko nabarmena da».
Uhartediak, hori bai, baditu tresnak eta eskumenak arazo horiei aurre egiten saiatzeko, autonomia estatutu legegile oso deszentralizatua baitu. Ikusteko dago, hortaz, Brotherson buru duen gobernua gai izango den, eskura dituen baliabideak erabilita, karguan haren aurrekoek lortu ez zutena egiteko. Horrekin lotuta, independentistentzat, helburuetako bat Polinesia Frantsesak metropoliareki duen dependentzia txikitzea izango da; ekonomiaren kasuan, adibidez, urtero 1,7 miliar euro jasotzen ditu.
Aldiz, Al Wardirentzat, deskolonizazio prozesua ez da izango legealdiko aferetako bat; ezta independentziari buruzko erreferendum bat egitea ere. «Independentistek gizartea erreformatu nahi dute independentzia galdegin aurretik. Gainera, autonomistak oraindik ere gehiengoa dira. Horregatik ez dute eskatuko hain segur galduko luketen galdeketa bat», argudiatu du Polinesia Frantseseko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak.
Brothersonek ideia hori utzi zuen agerian kanpainan, Parisi esan zionean ez direla independenteak bilakatuko «ez bihar, ezta datorren astean ere»; hori bai, agintariaren iritziz, balizko kontsulta «hamar edo hamabost urte barru» egingo lukete.
Nazio Batuen Erakundean
Bien bitartean, bada eskari bat Frantziako Gobernuari egin diezaioketena, auzi horren ingurukoa dena: Nazio Batuen Erakundearen deskolonizazioari buruzko batzordean egotea Polinesia Frantsesaren kasua aipatzen denean.
Al Wardik oroitarazi modura, «kurioski», Frantzia beti egon da hor Kaledonia Berriko ordezkariak heltzen direnean, baina ez Polinesia Frantsesaren kasuan. Eta jarrera «uzkur» horrek, besteak beste, eragin du uhartediko autonomistek beren burua behartuta ikusi dutela «bakarrik» defendatzera.
Edonola ere, Frantziako Gobernuari ez zaio komeni uhartediaren independentzia; geopolitikaren ikuspuntutik, kasurako. Kaledonia Berria bezala, giltzarri baita Indo-Pazifikoko estrategiarako, eta estatuak eremu horretan duen pisua eta eragina mantentzeko. 118 irla dira, 4.167 kilometro koadroko eremua osatzen dutena Ozeano Barearen erdian, itsasoan 5,5 milioi kilometroko eremu ekonomiko esklusiboa ere baduena.
Edo, beste modura batera esanda: Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia dagoen honetan, Frantzia da Pazifikoan kontrolpeko lurraldeak dituen Europako herrialde bakarra.
Moetai Brotherson, Polinesia Frantsesa eraldatzeko nahia
Gaurtik aurrera, uhartediak politikari independentista bat izango du gobernuburu karguan. Desberdintasun sozialei aurre egitea eta Parisekiko dependentzia txikitzea izango ditu erronketako batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu