Modiren alderdiak gehiengo osoa galdu du, eta aliantzakideak beharko ditu gobernatzen jarraitzeko

BJPk 240 diputatu izango ditu Indiako Herriaren Ganberan, eta NDA koalizioak, 292. Oposizioak esan du boto emaileek «mezu argi bat» bidali diotela lehen ministroari: «Ez zaitugu nahi».

Narendra Modi Indiako jarduneko lehen ministroa, gaur, New Delhi hiriburuan
Narendra Modi Indiako jarduneko lehen ministroa, gaur, New Delhi hiriburuan. HARISH TYAGI / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 4a
13:30
Entzun

Narendra Modiren hirugarren agintaldiak ez du esperotako oinarria izango; ezta hasiera ere. Indiako jarduneko lehen ministroak helburutzat jarri zuen ordezkaritza handitu eta aulkien bi herenera iristea Herriaren Ganberan, horren bidez konstituzioan aldaketak egiteko nahikoa eserleku izateko. Baina ez da hala izango, 543 aulkietatik 292 izango baititu haren aldeko NDA Aliantza Demokratiko Nazionala koalizioak; 60 bat eserleku gutxiago dira, 2019ko bozetan lortutako emaitzarekin alderatuta. Eta beherakada horren erakusle, gobernuburuaren alderdiak, BJP Bharatiya Janatak, gehiengo osoa galdu duela, 240 diputatu bilduta —gehiengo osorako 272 behar dira—. Modik nahi zuen garaipen ikusgarriaren arrastorik ez, hortaz; are, politikoki ahuldu egin da.

Indiako Herriaren Ganberarako bozen zenbaketa sorpresaz beterikoa izan da, kanpainan finkaturiko kontakizunak eta inkestek bestelako jokaleku bat aurreikusten baitzuten. Berez, zalantza bakarra zen NDA aulkien bi herenera iristeko gai izango ote zen, baina emaitzek kontrako joera erakutsi dute. 2014tik honako bi legegintzaldietan Indiako jarduneko lehen ministroaren alderdiak gehiengo osoa zuen parlamentuko behe ganberan, baina hastekoa duen hirugarren agintaldian ez du halakorik izango —bi koaliziokide nagusiek gaur adierazi dute Modiren inbestidura babestuko dutela—, eta, hori aintzat harturik, jarduneko gobernuburuak inoiz baino gehiago beharko ditu NDAko beste alderdien diputatuak, horietako 32 ezinbestekoak baititu gehiengo osora iristeko.

Erlazionatuta

Eta aldaketa politiko horren atzean dago, besteak beste, oposizioko 40 bat alderdi INDIA Indiako Garapen Aliantza Inklusibo Nazionala koalizioan aurkeztu izana Herriaren Ganberarako hauteskundeetara; tartean, INC Indiako Kongresu Nazionala —Mahatma Ghandi zenarena—. Aliantza horrek espero baino ordezkaritza handiagoa izango du, 234 eserleku bilduta, aurreko legegintzaldian baino ehun inguru gehiago. INDIAren gorakadaren arrazoietako bat herrialdeko iparraldeko Uttar Pradesh estatuko emaitzak izan dira —biztanleriarik handiena duena eta, beraz, ordezkari gehien aukeratzen dituena, 80—, NDAk baino eserleku gehiago lortu baititu han; hori izan da gakoetako bat, batez ere Modiren alderdiak gehiengo osoa galtzeko.

642

Zenbat milioi herritarrek eman duten botoa. Ia 970 milioi pertsonak zuten botoa emateko eskubidea Indiako Herriaren Ganberarako hauteskundeetan; hau da, munduko biztanleriaren %10 baino pixka bat gehiagok. Parte hartzea %66koa izan da: 642 milioi lagunek eman dute botoa.

Horrek guztiak agerian utzi du, batetik, INDIAren parte diren eskualdeetako alderdi politikoek hilabeteotan egindako lanaren ondorio ere badela koalizio horrek emaitzak hobetzea —Samajwadi Alderdiaren kasua Uttar Pradeshen, esaterako—. Eta, bigarrenik, BJPrentzat ez dela estrategia arrakastatsua izan Modiren figuraren inguruko kanpaina egitea, aurten inoiz baino gehiago egon baita erdigunean.

Oposizioak Indiako jarduneko lehen ministroari leporatu dio urteotan gobernatzeko modu geroz eta autoritarioagoa izan duela, eta herrialdean etnia, erlijio eta bizimodu askotariko jendea bizi den arren, hinduismoa lehen lerroan jartzea. Eta zeresanik ez langabeziari dagokionez: biztanleria gaztea du Indiak, 35 urtetik behera baitituzte herritarren %65ek baino gehiagok, eta lanik gabe daude horien %44 inguru. Hortaz, badirudi gazteek inoiz baino gehiago egin dutela INDIAren alde, Modik esan baitzuen, 2014an agintera iristean, langabezia gutxituko zuela.

INCko Rahul Gandhiren ustetan, berriz, aintzat hartuta BJPk gehiengo osoa galdu duela, boto emaileek «mezu argi bat» bidali diote Indiako jarduneko gobernuburuari: «Ez zaitugu nahi». Modik, ordea, beste modu batera egin du interpretazioa, eta gerora adierazi du NDAk hirugarren aldiz jarraian irabazi izana «sekulako lorpena» dela.

Zazpi aste iraun duten bozak

India, azalerari eta biztanleriari dagokienez, herrialde handia da. 3.287 milioi kilometro koadro ditu, eta duela urtebete inguru bilakatu zen munduko herrialderik populatuena: 1.420 milioi biztanletik gora ditu. Erronka handia da, hortaz, hauteskundeak antolatzea, are gehiago herrialdeko parlamentuko behe ganberarako direnean; horregatik, ez dituzte bozak egun bakarrean egiten, 40 egunean baizik, zazpi egunetan banatuta, zazpi asteko epean.

Lehena joan den apirilaren 19an egin zuten, 102 diputatu hautatzeko, eta azkena, joan den larunbatean, hilaren 1ean, 57 aukeratzeko. Egun horretan argitaraturiko zundaketek Modiren alderdiaren gehiengo osoa aurreikusten zuten, baina, azkenean, badirudi ez dela halakorik gertatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.