Narendra Modi, hirugarren legealdiaren atarian

Indian gaur hasiko dituzte Herriaren Ganberarako bozak, eta sei aste iraungo dute; 968 milioi herritarrek dute bozkatzeko eskubidea. Inkesten arabera, jarduneko lehen ministroaren alderdiak aulkien gehiengo osoari eutsiko dio.

(ID_13763013) INDIA ELECTIONS
Indiako jarduneko lehen ministro Narendra Modi —irudiaren erdian—, Ghaziabad hirian, hauteskunde kanpainako agerraldi batean, hilaren 6an. RAJAT GUPTA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Gora egin du langabeziak, milioika lagun hil dira COVID-19aren pandemiaren ondorioz, eta Indiako Gobernuak gero eta jarrera autoritarioagoa duela salatzen du oposizioak; eta, halere, hirugarren legealdiaren atarian dago Narendra Modi Indiako jarduneko lehen ministroa. Asiako herrialde erraldoi horretan gaur dira hastekoak Herriaren Ganberarako bozak, eta sei aste iraungo dute. Inkesten arabera, beste behin ere BJP Bharatiya Janata alderdi hindu nazionalista eskuindarrak bilduko du boto gehien. Aurreikuspenak betetzen badira, parez pare jarriko dira BJP eta INC Indiako Kongresu Nazionala, azken hori baita hiru legealditan jarraian boterean egon den alderdi bakarra.

Itzalez eta argiz beteriko agintaldia izan du Modik. Haren jarraitzaileen arabera, jarduneko lehen ministroak nazioarteko politikaren agertokian jarri du India: azken urteotan nabarmen estutu du herrialdeak AEB Ameriketako Estatu Batuekin duen harremana —hein handi batean, biek nahi diotelako aurre egin Txinaren influentziari—; eta, joan den irailean, New Delhin egin zuten G20koen goi bilera. Hori baino zenbait aste lehenago, gainera, Chandrayaan-3 espaziontzia Ilargira bidali, eta satelitean lur hartu duen laugarren herrialdea bilakatu zen India.

Lorpen horiek ez dira nahikoa izan, ordea, herritarren kezka nagusietako bat apaltzeko: langabezia. Biztanleria gaztea du Indiak; izan ere, 35 urtetik behera dituzte herritarren %65ek baino gehiagok; baina langabezian daude horien %44 inguru. Datu horiek argi adierazten dute Modi ez dela gai izan 2014an lehen ministro izendatu zutenean egindako promesa —lanpostuak sortzea eta langabezia murriztea— betetzeko.

Hain justu, horixe da oposizioak Modiri leporatzen dizkion hutsegiteetako bat, baina ez da bakarra. COVID-19aren pandemiaren kudeaketa «kaskarra» egin izana ere egozten diote lider hinduari, baita gutxiengo erlijioen eta etnien aurkako politikak indarrean jartzea eta herrialdeko hedabide independenteak isilarazi nahi izatea ere. Eta, oposizio politikoaz gain, Modik etsaituta dauzka laborantza sektoreko herritarrak —Indiako biztanleen %55k egiten dute lan sektore horretan—; besteak beste, nekazariek gobernuari eskatzen diote sektorea babesteko neurri gehiago hartzeko, eta euren uztetarako prezio finko handiagoak ezartzeko.

Kritikak kritika, azken bi hauteskundeetan boto ugari bildu ditu Modiren alderdiak, eta, horiei esker, bi legealditan jarraian lortu du Indiako Herriaren Ganberan gehiengo osoa izatea —543 aulki daude jokoan asteotan, eta 273 diputatu behar dira gehiengo osoa lortzeko—; 282 eserleku eskuratu zituen 2014an, eta 303 eserleku 2019an. Kontrara, azken bozetan 52 eserleku lortu zituen INC alderdi laikoak, oposizioko buruak. Beheranzko joera iraultzeko asmoz, aurten INDIA Indiako Garapen Aliantza Inklusibo Nazionala osatu dute oposizioan dauden alderdiek —denera 41 alderdik osatzen dute—.

Azalerari eta biztanleriari dagokienez, herrialde handia da India. Asiako estatuak 3.287 milioi kilometro koadro ditu, eta gaur urtebete pasatxo bihurtu zen India munduko herrialderik populatuena, hots; 1.420 milioi biztanletik gora ditu. Horietatik 968 milioi herritar inguru daude botoa ematera deituta; beraz, erronka handia da Indian hauteskundeak antolatzea. Hargatik, ez dituzte bozak egun bakarrean egiten, 40 egunean baizik, zazpi egunetan banatuta: lehena bihar izango da, herrialdeko 21 estatutan —102 diputatu hautatzeko—, eta azkena, datorren ekainaren 1ean. Ordutik hiru egunera emango dituzte bozen emaitzak, ekainaren 4an.

Hinduismoaren ikur

Etnia, erlijio eta bizimodu askotariko jendea bizi da han. Erlijio nagusia hindua bada ere —herritarren %80 dira hinduak—, badira beste erlijio batzuk, hala nola islama —musulmanak %13 dira—, eta 4.000 talde etniko baino gehiago daude. Halere, Modik hinduismoa jarri du bi agintaldien lehen lerroan.

Horren adierazle da, esaterako, joan den urtarrilean Ayodhya hirian eraiki zuten tenplu hindua. BJPk duela 35 urte egin zuen tenplu hori eraikitzeko promesa, eta garrantzi handia du hinduismoaren jarraitzaileentzat, Rama jainkoaren jaiolekutzat jotzen duten eremuan eraiki baitute, nahiz eta 1992. urtera arte meskita bat zegoen hor. Modiren esanetan, tenplua mugarri da «hinduismoaren iragan loriatsua» berreraikitzeko bidean.

Hinduismoa hauspotzeaz harago, hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dute musulmanen aurkako politikak bultzatu dituela Modiren gobernuak. Zenbait GKEren arabera, jazarpen horren adibide litzateke 2019ko abenduan onartutako herritartasunari buruzko lege erreforma. Lege horrek herritartasuna eskuratzeko baimena ematen die Afganistango, Pakistango eta Bangladeshko errefuxiatuei, zenbait «erlijio gutxitutako» parte izateagatik. Legeak barne hartzen ditu hinduak, sikhak, budistak, jainistak, parsiak eta kristauak, baina kanpo uzten ditu musulmanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.