Presidentetzarako bozak Frantzian. Telebistako eztabaida

Moderazio saiakerak huts egin dio Le Peni Macronen kontrako eztabaidan

Hautagai ultraeskuindarra 2017an baino hobeto aritu da, baina ez du lortu garaitzea eta joera aldatzea, presidenteak ez baitio tarte handirik utzi argudiatzeetan

Emmanuel Macron eta Marine Le Pen, herenegun gaueko eztabaida hasi aurretik. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen arteko eztabaidaren hasieran, bi hautagaiak erosteko ahalmenaz eta Ukrainako gerraz aritu direnean, Frantziako presidenteak estrategia erabakigarria erabili du. Macronek agintaldiko bilana defendatu behar du, baina berehala jarri da erasokor, ohikoa duen harrokeriarekin, eta Le Pen blokeatu egin du Errusiarekin duen «harremana» baliatuta. Agintariak herrialde horretako «boterearekiko menpekotasuna» egotzi dio eskuin muturrekoari, haren alderdiak Errusiako banku bati eskatu zion mailegua dela eta. Le Penek ez zuen espero argudio hori, eta erantzutean deseroso zegoela nabari zen.

Hautagai ultraeskuindarrarentzat, herenegun gaueko eztabaidak kanpainako momentu erabakigarri bat behar zuen. 2017ko esperientzia txarraren ostean, Le Penek presidente izateko gai dela erakutsi nahi izan du aurten, eta, hein batean bada ere, hori egitea lortu du, hilabeteotan bere irudia zuritu baitu, eta diskurtso moderatuagoa erabili baitu —baita atzo ere—, nahiz eta haren programa betikoa izan. Presidentegai ultraeskuindarra duela bost urte baino hobeto aritu da aurten, baina ez da nahikoa izan egunotako joera elektorala aldatzeko, askotan zalantzati agertu baita, eta Macronek ez baitio tarte handirik utzi argudiatzeetan.

Ziurrenik, eztabaidaren hasierak berak iragarri du aurtengoa ere ez zela Le Penen gaua izango: eskuin muturrekoari egokitu zaio hitz egiten hastea, eta hala hasi da, baina goizegi, lehen adierazpenak egin eta berehala programaren sintonia jarri baitute. Goizegi mintzatu da, aurkezleek eztabaidako arauak azaldu aurretik. Macronek irribarre egin du orduan, ezer esan gabe.

Frantziako presidenteak lehen garaipen txikia lortu du ultraeskuindarraren hutsegite horrekin, eta hasieratik ikusi da esaten zuenaz oso konbentzituta. Ahozkoa ez den komunikazioari begiratzea besterik ez dago: lasaiago sumatu da, erosoago, bizkarra une oro eserlekuaren kontra zuela, eta, finean, horrek hainbatetan kritikatu dioten harrokeria eta nagusitasuna elikatu dio.

Eztabaidan, Macronek bestelako norabide bat hartu du 2017koarekin konparatuz gero. Duela bost urte, Le Penen kontrako botoa eskatu zuen, baina aurten bere proiektuaren inguruan elkartzera deitu du. Frantziako presidenteak kanpainan iradoki du eskuin muturra deabrutzeak jada ez duela funtzionatzen, eta fronte errepublikanoa ez dela existitzen; logika horren barruan ulertzen dira Macronek herenegun esandakoak.

Baita ez esandakoak ere, estatuburua ez baita ez arrazakeriaz, ez xenofobiaz aritu, nahiz eta Le Penen programako neurri asko izaera horretakoak diren; beste modu batera esanda: Macronen jarrerak ere lagundu du eskuin muturra zuritzen, ez baitu Le Pen ultraeskuindartzat aurkeztu. Nahiago izan du haren gobernatzeko dohainak eta proposatzen dituen neurriak zalantzan jarri.

Duela bost urteko eztabaidaren aldean, aurtengoa kortesia handikoa izan da. Kortesia handiegikoa, beharbada: bi hautagaiak pozik agertu dira, «diziplinatuago» aritu baitira denbora errespetatzen, eta txantxak egiteko tartea ere izan dute.

Europako gaiak

Aurten, EB Europako Batasunak ez du hainbesteko garrantzia izan bi hautagaien arteko eztabaidan. Eta, halere, Frantziako presidenteak gustukoen duen rola izan du: EB «eta Ukraina» defendatzearena «Errusiaren aurrean».

Le Penek bere buruaz oso konbentzituta erantzun dio eraso horri, argudiatuta Ukrainako inbasioa ez dela onargarria, eta Macroni aitortu egin dizkio auzi horretan emandako pausoak. Baina berehala hartu du kolpea: Frantziako estatuburuak oroitarazi dio haren alderdiak, Batasun Nazionalak, neurri gehienen kontra bozkatu duela. Hautagai ultraeskuindarra saiatu da bere burua defendatzen. Macroni erantzun dio antzeko jarrera duela Moskuri aurre egiteko estrategian, betiere desberdintasun batean arreta jarrita: Errusiako gasari eta petrolioari ez zaiela enbargoa jarri behar.

Le Penek berehala baliatu du gai hori bere proposamen bat helarazteko: «nazioen Europa» eratu nahi du Macronek defendatzen duen talde komunitarioaren aurka. Baina, hor ere, ultraeskuindarrak zailtasunak izan ditu bere ideia azaltzeko, Frantziako estatuburuak oroitarazi baitio gainontzeko estatu kideen oniritzia beharko lukeela hori egiteko. «Ez duzu zure proiektuaren izena esaten: EBtik ateratzea», erantzun dio Macronek.

Erretretaren auziak ere zeresana eman du, boto emaile ezkertiarren arreta bereganatu nahi izan baitute biek. Le Penek berehala kritikatu du Macronen asmoa: «Injustizia jasanezin bat da erretreta 65 urtean ezartzea»; are, «basakeria sozial» horren aurka, ultraeskuindarrak proposatu du erretiroa 60 eta 62 urteren artean hartzea. Frantziako presidenteak berehala erantzun dio adina atzeratzeak «erretreten maila hobetzeko balioko» duela, baita horiek finantzatzeko ere. Le Penek, orduan ere, ez du jakin erantzuten, kontrako argudioak ematen, eta Macronek zalantza horiek baliatu ditu erasoan jarraitzeko.

Oro har, presidentea Le Pen baino hobeto aritu da, eta hautagai ultraeskuindarra, duela bost urte baino hobeto. Neurrien eta ikuspuntuak defendatzearen perspektibatik, Macronek irabazi du, baina ultraeskuindarrak aurkariak baino hobeto konektatzen du ikus-entzuleekin, eta horrek herritar askoren arreta piztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.