Mito baten erlikietatik

Astelehenean egingo ditu 50 urte Ernesto Guevara 'Che' hil zutela, La Higueran, Bolivian. Komandantea paraje babesgabe batean tirokatu zuten, urriren 9arekin, 1967an, eta mitoa jaio zen. Azken egunak pasatu zituen lekuetan izan da BERRIA.

Escuelita deritzotena gerrillariaren inguruko museo bat da egun. PABLO GARCIA.
Daniel Rivas - Pablo Garcia
La Higuera
2017ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Che denen artean zatikatu zuten: militarrek eskuak moztu zizkioten, hatz markekin erkatzeko. Burua moztea proposatu zuenik ere izan zen; halako garaikurrarekin, inork ez zien zalantzan jarriko beren balentria. Mito bat zuten aurrez aurre, jainko bat ia; beraz, burutazio ona zirudien hura gizakien mundura itzularaztea haragian zirika arituz.

Zorionez, gainerako soldaduek ez zioten jaramonik egin. Bestelako garaikur batzuekin etsi behar izan zuten, usteltzen gaitzagoak zirenekin: erretzeko pipa, erloju bat, tabakoa, eta abar. Inork ez zuen protestarik egingo. Ernesto Guevara Che hila zetzan. 1967ko urriaren 9an fusilatu zuten, La Higueran, Boliviako goi ordokiko herrixka batean. Bere erlikietatik bidaia egin du BERRIA-k.

Adobezko eta lastozko etxola batean hartu zuen azken arnasa. Itsas mailatik 2.100 metrora zeuden, bizilagun gutxiko herri batzuen ingurunean. Lurra horia eta elkorra da han, eta hautsak eta sastrakek janak dituzte bideak. Berrogeita hamar urte pasatu dira, eta, ia orduan bezala, apenas bizi diren 30 lagun La Higueran. Haurrak gutxi eta, beraz, isiltasuna nagusi; etxe txiki batzuk sailean, eta plaza handi bat, V formakoa, eta, hor, estatua bat gorputz osokoa —horkoa bai— eta busto bat Cherenak.

Urriaren 9rako jende andana espero dute La Higueran eta Vallegranden —han lurperatu zuten—, Cheri ohore egitera bilduko diren milaka erromes.

Batzuentzat, hala ere, ez da izango hain egun seinalatua, egunero gurtzen baitute hura. Hala nola Irmak, La Higuerako emakume adinekoa bera. Azal arre lakar zaildua du, larruaren tankerakoa: «Hezur-haragizko gizon bat izan zen, sufritzen ikasia. Hortaz, arren erregutzen diogu laguntzeko gure premia guztietan, gure pobrezian».

Ardiren bat edo beste animaliaren bat galtzen zaienean ere, hari otoi egiten diote inguruneko bizilagunek —«Che santua, lagunduiguzu»—; besteak beste, Aliciak. Jainko irudi bati bezala egiten dio otoi, hark esatera estatua bat baino gehiago baita: «Ez da igeltsuzkoa; horrexegatik erregutzen diot».

Zurezko eta mito bihurtzerako, hezur-haragizko komandanteak galduak zituen bere zati asko eta asko.

Hil baino bi urte lehenago, 1965eko azaroan, Latinoamerikatik urrun zegoen Che, munduaren bestaldeko muturrean. Kubako misio batean sartua zebilen Kongon, eta, dena gaizki irten zenez, ihesi zebilen. Porrot egindako iraultza batetik ihesi.

Eta, hala ere, berak ez zuen han egon nahi. Latinoamerikan zuen prestatua, «ezkutuan, gerrilla kontinentalaren partidarako jokalekua; sari gorena, berriz, sorterria zuen [Argentina]». Hala azaldua du Jon Lee Andersonek bere lanean: Che Guevara: una vida revolucionaria (Che Guevara: bizi iraultzaile bat). Venezuelan eta Perun matxinaden kontra izandako zapalkuntza militarrak aldarazi egin zion jomuga, eta, hala, Tanganyika aintzira gurutzatzen ari zen, Tanzanian ezkutatzeko asmoz.

Orduan, Guevarak zera galdetu zien bere kamaradei: «Prest al zaudete segitzeko?». Eta hari ihardetsi Pombok, bere gizonik hurbilenak: «Nora goaz?». Eta Chek erantzun: «Edonora». Lee Andersonek jasoa du elkarrizketa hori. Setakeria dirudi, baina Chek bazekien ezin zela garaitua itzuli Kubara.

Adolfo Mena, 'Che'

Fidel Castrok jendaurrean irakurria zuen Guevararen gutun bat Kubako Alderdi Komunistaren lehenbiziko batzordean. Hauxe zioen: «Formalki uko egiten diet alderdiaren zuzendaritzan ditudan karguei, […] komandante graduari, kubatar kondizioari». Haren izena bereizgarriz gabetu zuten; haren bigarren aberriari azala joan zitzaion.

Eta, beste gizon bat bihurturik, beste herrialde batean berragertu zen. 1966ko azaroaren hasiera aldean, Guevara La Pazen lurreratu zen (Bolivia), Adolfo Mena gisa. Uruguaitar bat zen, ia burusoila, eta Amerikako Estatuen Erakundeko langilea. Berezko ezaugarriak ezabatzearren, errotik atereak zituen ileak; prozesu minberatsua eta mantsoa, inondik ere.

Handik egun batzuetara, herrialdeko hego-ekialdera bidaiatu zuen, Ñancahuazu mendietara, bere gizonek hantxe ezarria baitzuten gerrillarien basea. Bizilagun gutxiko eskualdea zen, eta Santa Cruz de la Sierra hiritik 250 kilometro ingurura zegoen.

Ingurune horrexetan hiltzen dira errepide asfaltatuak, eta hil hurrean lurrezko bide bihurtzen, harik eta erabat ezabatzen diren arte. Herri eta herrixka gutxi batzuk baino ez bidelagun. Guevararen arrastoari jarraitzeko, hamar ordutik gorako ibilbidea egin behar da autoz eskualdeko hiriburutik, Santa Cruz de la Sierratik. Bidaiaren lehen zatirako, autobusa dago Vallegranderaino; eta, handik, lurrezko pista batetik bakarrik jo daiteke aurrera. Herri horretatik La Higueraraino 50 kilometro daude: hiru orduko ibilaldia; bostekoa, euriak bidea lokaztu baldin badu.

Mapako hutsarte hori ezin hobeto zetorkion komandanteari. Aukera nabarmena ematen zion: gertu zegoen Argentinatik, aberritik. Eta asmoa zuen, hain zuzen, auzoko nazioetako gerrillariak erakartzea hara, borrokan entrena zitezen. «Bolivia sakrifikatu egin behar da, auzoko herrialdeetan iraultzari ekin diezaioten», azaldu zien bere kokalekuko errekrutei.

Hala, praktikan jarri zuen bere teoria: «bi, hiru, anitz Vietnam» sortzekoa. Guevararen ustez, Hego Amerika zutituz gero, Estatu Batuek tropak bidaliko zituzten. Eta, jakina, haren ondoren etorriko ziren, hurrenez hurren, Sobiet Batasuna eta Txina. Bolivian ezarria zuen gerrillarien base txiki hartatik hasi nahi zuen III. Mundu Gerra. Eta berak Argentina gurutzatuko zuen, aberkide iraultzaileen lider izateko.

Egunez eguneko gerra

Nolanahi ere, «basamortua zen kanpamentua. Hara iritsi ginenean, ez zegoen ezer: ez jakirik, ez fusilik», dio, irmo, haren kamarada Benignok, Pacho O´Donnellen El día que asesinaron al Che dokumentalean (Che erail zuten eguna); ezta laboraririk ere.

Azal argiko kanpotar bat, esaterako, oso deigarria zen. Eta, are gehiago, hogeiren bat gizon armatu, baita westernetako kokaleku baten itxura guztia duen eskualde batean ere.

Oraindik gauza bera gertatzen da: landaredia urria denez, eta eremua menditsua, autoak eta autobusak hainbat kilometrotatik ere ikusten dira etortzen direnean. Orain, ordea, ez da gerrillaririk jaisten, baizik eta turista galduren batzuk noizbehinka, zuriak denak ere, ondo ez dakitenak nor izan zen Ernesto Guevara, baina bidaia antolatzaileek tokiraino gidatuak tokian bertan argazki bat ateratzeko. Etortzen da, ordea, bestelakorik ere: historia ezin hobeto dakiten mitomanoak.

Garai hartan, gizon armatuak ikusiagatik, tokiko bizilagunek ez zuten ohartarazi gobernua; uste zuten narkotrafikatzaileak zirela gerrillariak, kokaina landatzera etorriak. 1967an, Boliviako borroka soziala Llallagua meatze arroan egiten ari zen, ipar-mendebaldean, handik 500 kilometrora baino gehiagora.

Hala ere, gertaerak azkartu egin ziren: martxoaren 20an, Cheren bi gerrillari bolivartarrek desertatu egin zuten, eta armadak harrapatu eta galdekatu egin zituen. Handik hiru egunera gertatu ziren milizianoen eta soldaduen arteko lehenbiziko tiroketak.

Boliviako Gobernuak tropa gehiago bidali zituen eskualdera; Estatu Batuek, aholkulari militarrak. Seiehun lagunetik gora, Cheren atzetik korrika. Komandanteak «ez zuen aukerarik, borrokan eta mugimenduan segitzea eta bizirik irauten ahalegintzea besterik», kontatu du Lee Andersonek. Sei hilabetean, ihesean eta ezkutaketan baino ez ziren ibili.

La Higuerako bizilagunetako bat, Zarate izenekoa, arin dabil Quebrada del Churo esaten dioten ingurune batean barrena. «Begira harri honi, hutsune hauei; balen markak dira. Hementxe harrapatu zuten Che». Ondo ezagutzen du ingurunea, tokiko lurrak bere koinatuarenak dira eta. Ez dago bide seinalerik zidorrean; tokikoek baino ez dakite non gertatu zen dena.

Gerillariek, La Higuera gurutzatu, eta herri fantasma bat aurkitu zuten: armadak mendian atxikiak zituen gizonak; emakumeak, adinekoak eta haurrak, berriz, etxe barruan zeuden giltzapetuak. Laborariek beldur zieten.

«Hain bakartua bizi zen jende harentzat, zerbait ezohikoa zen gerrillari bizardun narras armatu haiek herrian indarrez sartzea»: argudio hori darabil Lee Andersonek. Ez ziren gai izan inor konbentzitzeko eta errekrutatzeko. «Batzuek naturaz gaindiko izakitzat zeuzkaten, sorgin modukotzat», ondorioztatu du idazleak.

Irma izeneko bizilagunak 21 urte zituen Guevara herritik pasatu zenean. «Hemengo jendeak ez zion lagundu, ez genekielako zer asmo zuen; ez zuen inorekin hitz egin ahal izan. Baina, nonbait, jendea oraintsu konturatu da lagundu izan bagenio ez ginela izango hain pobreak», ondorioztatu du.

1967ko urriaren 8an, inguruneko bizilagun batek salatu zituen gerrillariak. Haizpitarte estu batean zeuden; 50 metro zituen zabalean, eta 300 luzean. Ehizaldia azkenetan zegoen, eta Che itolarrian zebilen; asmak jota, arnasestuka, ibili ezinean. Horrez gainera, soldaduetako batzuk zaurituta zeuden; den-denak, goseak.

Quebrada del Churo inguruan, goiz erdia pasatua zelarik, soldadu bolivartarrek Cheren zutabea inguratu zuten. Guevarak tiroka ekin zion fusilarekin, ezertarako gai ez zela utzi zuten arte tiro batez; eskuin zangoa zauritu zioten, eta bala batek txapela zeharkatu zion. Zaratek erakutsia digun harri horrexetan errenditu zen. Lee Andersonek dakarrenez, zera esan zuen: «Ez tiro egin. Che Guevara naiz. Hilik baino gehiago balio dut bizirik».

Biharamunean fusilatu zuten Ernesto Guevara, urriaren 9an, La Higueran. Mario izeneko soldadu bat boluntario aurkeztu zen. Metrailadore-tiro sorta bat jaurti zuen, borrokan hil zutela antzeratzearren. Kondairak dioenez, hitzok izan ziren Cheren azkenekoak: «Badakit ni hiltzera zatozela. Egin tiro, koldar halakoa, gizon bat besterik ez duzu hilko». Eta komandantea hil egin zen.

Garaikurra santu

Cheren gorpua helikopteroz eraman zuten Vallegrandeko ospitalera. Eta nork bere kasa segitu zuen Che zatikatzen.

Moja batzuek garbitu zuten hilotza, eta bizilagunen aurrean ikusgai jarri. Mojetako batzuek, hiri kondairak dioenez, ile xerlo batzuk moztu zizkioten, eta amuleto gisa erabiltzen zituzten, Guevarak Jesu Kristoren antz handia zuela eta. Huraxe izan zen erlikia bihurturiko Cheren lehenbiziko bertsioa. Izan zen betazalak pospoloz eutsi zizkionik ere, begiak zabalik izan zitzan argazkietarako, bizirik egongo balitz bezala.

Joanak dira 50 urte Boliviaren eta Cheren historiako aldi hartatik, eta hura gogorarazteko prestatzen ari da herrialdea. Vallegrandeko bizilagunek diotenez, kanpamentu internazionalista bat jartzekotan dabiltza, bisitariak hartzeko eta Cheren pentsamenduari buruzko hitzaldiak emateko.

La Higuera izango du azken geralekua erromesaldiak; Pucaratik abiatuko da, hamabost kilometro haragotik. Ibiltariak etxe batzuen aurretik pasatuko dira, zeinetan aspalditik ageri baitituzte apaingarriak. Egongelan, logelan edo sukaldean, beti izan ohi dute argentinarraren argazki edo marrazkiren bat. Irudi horietan bizirik ageri da; izan ere, diotenez, haren arima mendialdean geratu zen, inguruko bizilagunak babestearren. Etxe batean izan ezik, Irmarenean, hark Guevara hilik ageri den argazki bat baitu zintzilikatua. Ez du kontatu zergatik.

Erromesak bikote frantses baten etxe aurretik ere pasatuko dira. Frantsesok ostatu bat gobernatzen dute. Badira hamalau urte herrian bizi direla, eta seme bat dute; Inti izenez bataiatu zuten, argentinarraren gerrillari bolivartarretako baten omenez, baina ilehoria da, herrixkako dozena erdi haurren artean aise ezagutzeko modukoa.

Azkenik, erromesak Che hil zuten etxolaraino iritsiko dira, Escuelita deritzonera, zeina gaur egun museo bat baita. Herriko bi lagunek bakarrik dute museoa irekitzeko giltza, eta txandaka aritzen dira astez aste. Bildumako pieza garrantzitsuetako bat, esaterako, atea da: paretan idatzia dagoenez, «ate honetatik irten zen gizon bat eternitaterantz». Herriko zenbait bizilagunek diotenez, baina, egur puska hori ez da benetakoa. Horren ordainetan-edo, museoan badute beste pieza bat: Che eseri zeneko aulkia. Eta dozenaka herrialdetako banderak, turistek ekarriak.

Atxilotu ostean, ofizial batek salatxo horretan galdekatu zuen Guevara. Lee Andersonek dioenez, hauxe galdetu zion: «Zer zara zu, kubatarra ala argentinarra?». Eta Chek erantzun: «Ni kubatarra naiz, argentinarra, bolivartarra, perutarra, ekuadortarra, eta abartarra. Zuk ulertzen didazu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.