Mitina, koreografia beharrezko hori

Kanpainetako ekitaldi nagusiak dira mitinak, eta asmo «katartikoa» izan ohi dute. Batez ere, konbentzituta daudenak biltzen dituzte. Edukiak adina garrantzia du formak performance horietan.

Jessica Albiach (Comuns Sumar) sakelakoarekin selfie bat egiten, asteazkenean, Mollet del Vallesen. LEYRE P. GONZALEZ
Jessica Albiach (Comuns Sumar) sakelakoarekin selfie bat egiten, asteazkenean, Mollet del Vallesen. LEYRE P. GONZALEZ
Igor Susaeta.
Berriemaile berezia - Mollet del Valles
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Bomba Estereo taldearen Soy yo kantua jarri dute, baita ozen jarri ere, eta Jessica Albiach Comuns Sumarren Kataluniako Generalitaterako presidentegaiaren aholkularietako batek txaloak jotzeari ekin dio, erritmoa markatzeko eta zerbait hasteko helburuz. Eman du agindua, beraz. Orduan, Mollet del Vallesko (Bartzelona) kulturgune batean egindako mitinera joandakoak ere txalo jotzen hasi dira. Bertaratutakoak esertzen diren aulkien arteko lerro batetik zuzendu da Albiach oholtzarantz, kantuaren melodia dantzagarriarekin gerria eta sorbaldak apur bat mugitzen dituen bitartean. Gauza bera egin du Aina Vidal Sumarreko diputatuak, atzetik; eta Pablo Bustinduy Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren  ministroak txalo jo du, bai, baina pixkat bat mugitzera gonbidatu dutenean irribarre lotsati batekin uko egin dio. «Mitinak izaten dira, nolabait, ekintza katartikoak», azaldu du Arantxa Capdevila Gomezek, Rovira i Virgili Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak, telefonoz. Koreografia bat ere badira.

Jaume Vernet (73 urte) alderdiaren jarraitzailea da, eta mitinera joan da. Garai batean eskualdeko, hau da, Valles Oriental-eko, ICV Iniciativa per Catalunya-Verds arduraduna izan zen. «Mitinak egin behar dira, egin behar direlako», esplikatu du. «Espiritua bizirik mantentzeko». Xavier Lopezek (25) hiru urte daramatza Comukoen espazioan militatzen —lehen lerroan eseri da—, eta iruditzen zaio mitinen «alderdi komunikatiboan» aldaketak egin behar direla. Izan ere, hau azpimarratu du Capdevila Gomezek: «Mitinek balio dute, nagusiki, alderdiaren ohiko bozkatzaileak indartzeko, ikusteko bakarrik ez zaudela».

Politikarien aholkulariak, taldeko bestelako langileak eta kazetariak kenduta, 70 bat pertsona bildu ditu Comuns Sumarren ekitaldiak, hauteskunde kanpainan eskualdean egindako handienak. Atsegina da hori egiteko aukeratutako lekua: kulturgune bateko lorategia. Eguraldiarekin zer gerta ere, horko aterpe batean mintzatu zaizkie sei hizlariak bertaratuei. Ez du euririk egin: 18:30ak dira, eta udaberriko giro epela dago, haixe goxoarekin.

Atmosfera horrekin kontrastean, hizlariak sutsuki mintzo dira. Jasotzen dituzten txaloak ere erdi-koreografiatuta daude. Adibidez, une batean, hizlarietako batek esandakoagatik eszenatik kanpo dagoen aholkularietako batek hasi ditu txaloak. Beste momentu batean, txiste edo ateraldiren batek. Mintzaldi amaieretan ere ohikoak izan dira, eta aurrez abisua pasatuta iritsi dira, zeren hizlariek «bukatzeko» edo «bukatze aldera» formulak erabili dituzte. Bide batez: Bustinduy ez beste hizlari guztiak katalan hutsean mintzatu dira.

«Mitinek, balio dute, nagusiki, alderdiaren ohiko bozkatzaileak indartzeko, ikusteko bakarrik ez zaudela».

ARANTXA CAPDEVILA GOMEZIkus-entzunezko komunikazioko irakaslea Rovira i Virgili Unibertsitatean

Mitinak dira kanpainetan ikusgaitasunik handiena duten jarduerak. Capdevila Gomezen arabera, ekintza bakoitzak «funtzio bat» du. «Kartelek, adibidez, nahi dute oroitarazi eta erakutsarazi nor diren hautagaiak. Bistaratzeko balio dute. Antzeko funtzioa dute hautagaiek azoketan-eta egiten dituzten paseoek, jendeari bostekoa emanez, eta haurrei muxuak». Vernetek nabarmendu duenez, «lehen», gauak kartelak pegatzen pasatzen zituzten. «Egun, sareen bidez egiten da kanpaina. Baina tira, show-ari eusteko, eta hauen lana elikatzeko ere behar dira».

(ID_13860545) (/EZEZAGUNA) 5i9a3712copia(1)
Comuns Sumarrek asteazkenean Mollet del Vallesen egindako mitina. LEYRE P. GONZALEZ

Hauek, kazetariak dira. Bi dozena inguru daude hizlariek esandakoak jasotzen, baina, interesgarriak edo esanguratsuak iruditu ez zaizkien mintzaldi zatietan, badira memeak bidaltzeko edo sakelakoa hartzekoa aprobetxatu dutenak. Hizlarien aholkulariak eta prentsakoak ere maiz egon dira telefonoari begira. Koreografia bat da hori dena ere.

Entzuleak hizlariei begira egon dira. Haiei entzuten aritu diren edo ez, hori beste kontu bat da. «Mezuak pertsuasiozkoagoak izan ohi dira kanpainan», adierazi du Carles Pontek, Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasleak, telefonoz. Zehaztapen bat egin du, ordea. «Egia da, halere, aspalditik hitz egiten ari garela kanpaina etengabeaz, [Sidney] Blumenthalek kontzeptua sortu zuenetik [1980an]. Kanpaina etengabeaz ari garenean, azken finean, esan nahi dugu gobernua eta oposizioa saiatzen direla kanpainaz harago limurtzen». Mollet del Vallesko ekitaldiak kanpainako menua eskaini du: alderdiaren proposamenak, lehen platerean; kontrarioa gutxiestea, bigarrenean; eta, agintea hartuz gero konplituko dituzten promesak, postrerako.

«'Kanpaina etengabeaz' ari garenean, azken finean, esan nahi dugu gobernua eta oposizioa saiatzen direla kanpainaz harago limurtzen».

CARLES PONTPompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakaslea

Mitinen eta musika kontzertuen arteko paralelismo bat egin du Vernetek, Comuns Sumarren jarraitzaileak, eta argudiatu musika euskarri fisikoetan edo streaming bidez entzuteko aukera izan arren jendea zerbaitegatik joaten dela kontzertuetara. «Bada, gauza bera mitinekin. Programak irakur ditzakezu, sare sozialetan jartzen dutena ikusi, baina, azkenean, etorri egiten zara».

Musika aipatuta, kantu bat jarri dute, ozen, hizlariek, 64 minuturen ondoren, beren mintzaldiak bukatu dituztenean: Zoo taldearen Tobogan da —kanpainako ekitaldi guztiak kantu berdinekin hasi eta bukatu dituzte—. Eta hasi dute koreografia: denak, protagonistak zein ikusleak, txaloka, eta besarkadei bizkarra igurzteko keinua gehituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.