Misrata, bizia bonbapean

Libiako hirugarren hiria bi hilabete daramatza setiatuta; Misratan, hala ere, 300.000 lagunek eusten diete eguneroko bonbardaketei. Azken orduetan lagun ugari hil dira borroka frontean.

Misratako kale bat. Bonbardaketen arrastoak ikus daitezke eraikinetan. ALBERTO PRADILLA.
Alberto Pradilla.
Misrata
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ahmed Tagoimik 46 urte ditu, eta artzain zebilen Misratan, harik eta joan den otsailaren erdialdera bere artalderaino iristea ezinezko egin zitzaion arte; goiz batean, iratzarri eta ohartu zen bakartuta zeukatela matxinoen eta erregimenaren arteko borrokek. Tagoimik, baina, ez zuen amore eman; ez zuen alferrik xahutu bere dirua hiri setiatuaren mendebaldeko sarreran larratzen zeuden 300 ardi haietan.

Astebetean, egunero goizeko bostetan jaiki zen, animalia guztiak berreskuratzearren. «Lehen hiru egunetan, autoarekin ahalegindu nintzen, baina matxinoek bidea galarazten zidaten, borrokan zebiltzala argudiatuta», azaldu du gizon lasai honek, munduko gauzarik naturalena izango balitz bezala. «Konturatu orduko autoarekin ezin izango nintzela iritsi, oinez ahalegindu nintzen. Egunero hiru kilometroan ibiltzen nintzen, artalderaino iristearren». Tagoimi setatia ardiez jabetu zen. Eta, orain, portuaren eta borroka zelaiaren artean larratzen dira, matxinoek kontrolpean duten eremuan.

Duela bi hilabetetik baino lehenagotik, dozenaka bonbaren zigorra jasaten ari dira egunero Misratan. Hiri matxinoa —Tripolitik 215 kilometrora dago—, Libiako gatazkaren borroka gune nagusi bihurtu da. Zeharo bakartuta baina bizirik diraute han, oraindik ere, 300.000 bat lagunak. Bi bide bakarrik dituzte komunikatzeko: Internet —ospitaleko eta baliabide zentroetako konexioak erabiliz— eta kazetarien satelite bidezko telefonoak. Libyana telefonia konpainiak berak ere ez du estaldurarik lortu.

«Beldurrez gaude. Lehenengo, Muammar Gaddafiren milizianoak izan ziren; gu guztiok hil nahi gintuzten. Orain, bonbak ditugu». Oraindik ere zutik dirauen supermerkatu bakarrera joaten dira Abdulbukar Mahkeshould eta haren lagun Mohammed Taisef —zeina oraindik ere ikasten ari baita—. «Etxe zuloan sartuta ematen dugu egun osoa; batik bat, emakume eta haurrek. Kalera irten behar dugu janari bila, baina oso arriskutsua da».

Duela bi aste, Tripoli kale inguruan izaten ziren borroka guztiak, huraxe baita udalerriko bide nagusia, baina orain dena suntsituta dago, borroka latzak gertatu direla eta. Gaddafik aldatu egin zuen bere estrategia, ordea, eta soldaduak aterarazi zituen, hiria bonbardatzen has zitezen buru-belarri; beraz, jaurtigaien mende bizi dira herritarrak. «Borrokatzeko gauza den jendea borrokan ari da. Bestela, denok hilko gara», dio Taisefek.

Egun beldurgarriak

Leherketek baino beldur handiagoa ematen diote lehenbiziko egunetako oroitzapenek, diktadorearen miliziek etxebizitzei eraso baitzieten, dozenaka biktima eraginez. «Hara joanez gero [etxea duen lekura], hil egingo naute. Milizianoak iritsi zirenean, autoa hartu nuen, kezka bakarra buruan: zein ote da ihes egiteko errepiderik seguruena?». Egoera ikusirik, biztanle gehienek aterpe bila jo dute matxinoen kontrolpeko eremura, portutik frontera arteko hamabost kilometro ingurura.

Egunero jaurtitzen dizkiete bonbak, 13:00etatik 19:00etara bitartean; horrez gainera, argia kentzen diete, eta jatekoa urri daukate. Hiri matxinoan zeuden sei supermerkatuetatik batek bakarrik dirau zabalik, eta hantxe topo egiten dute hornigai bila irteten diren gizonezko guztiek. Haien bilgune dira okindegiak ere, zeinetan hogei ogi barra banatzen baitituzte dinar baten truke —50 zentimo baino gutxixeago—; bi orduan baino gehiagoan itxaron ohi dute ilaran. Kontua da itsasontzietan ekartzen duten giza laguntza ez dela nahikoa familia guztientzat. Eta Gaddafiren aldeko eraso taldeak portuan metatuta daudenez geroztik, gero eta urriagoak dira hornigaiak. Nahiz eta oraindik ere ez den inor geratu zer janik ez duela.

Egunero gutxienez dozenaka pertsona hiltzen dira hiri setiatuan, eta Al Hakima ospitalea da hango erreferentzia gunea. Lehen, klinika pribatua zen; baina, orain, matxinoen administrazio behin-behinekoaren esku dago. Zuzenean frontetik dakartzaten kasuak artatzen dituzten kanpadendaren aurrean ordu erdi bat egin besterik ez dago, berriz, egoeraren dramatismoaz jabetzeko.

Bost minututik behin anbulantzia bat ageri da arrapaladan. Edo pick-up kamionetako horietako bat. Hil kantikak aditzen dira. Eta lurperatzeko prestatzen dituzte hilotzak. Nahiz eta hildakoek ez duten izango bakean atseden hartzerik ere. «Bonbardaketek hilerriari erasan diote; dozenaka gorpu daude hilobietatik kanpo»; hala salatu zuen duela bi aste Karim izeneko gizon batek, osasun etxera jo zuelarik bere auzoko egoeraren berri emango zuen kazetariren bat aurkituko zuelakoan; mendebaldeko sarreran dago haren auzoa. «Toki segurua al da?». Galdera ezinbestekoa da. Hizketakidearen zalantzak ikusirik, ordea, hobe izango da hurrengo baterako uztea.

Hala ere, ia utopia bat da toki seguru batean lan egin ahal izatea amestea. Osasun langileak ere ez daude salbu. Hussein Abu Turkia da beste heroi bat, bizia ozta-ozta salbatu duten bata zuridun horietakoa. «Mediku batekin nengoen Tripoli kalearen ingurumarietan, eta eztanda bat entzun genuen. Leherketaren lekurantz joan ginen, korrika, eta hainbat lagun ikusi genituen lurrean etzanda. Altxatzen lagundu nion haietako bati, baina beste leherketa bat izan zen, eta tartean harrapatu ninduen. Gizon hura lepoan hartuta eramaten ahalegindu nintzen, baina zangoek ez ninduten eusten», azaldu du argala baino argalagoa den gizon bizardunak; metraila zatiek belauna zauritu zioten. Azkenean, gaixoak eta gaixozainak elkarrekin eta arrastaka egin behar izan zuten, bonba artean, matxinoen postu baterainoko bidea. Biak ala biak ebakuatu ahal izan zituzten.

Gerraren errutinan

Misratako egoera ez da aldatu azken egunotan, ez bada matxinoek atzo mendebaldeko eremu bat bereganatu zutelako. Suleiman al Furtija matxinoen ordezkariak jakinarazi zuen «hildako eta zauritu ugari» izan zirela. Gaddafik ultimatuma eman zuen, baina denak bere hartan dirau, eta, atzo ere, bondardaketak egin zituen. Errutina berberarekin jarraitzen dute: Gaddafiri leial zaizkionen erasoaldia; NATOren erantzuna; libiarren armadak atzera egitea; hegazkinak baseetara itzultzea. Eta hilotz gehiago Al Hakimako ospitaleko gorputegian. Horregatik, aliatuen estrategia zalantzan jartzen hasiak dira matxinoak—Sirte diktadorearen jaioterria ere erasotu du azken orduetanNATOk—. «Borrokan segituko dugu; ezin gara esperoan egon, nork noiz lagunduko», esan du ziur Husseinek, Tarek lagunaren hilotza dakarrela. Egiaz, desioa eta errealitatea lausotu egiten dizkio gerrarako grinak. Egiaz, milizianoek ozta-ozta eusten diote eraso postuetan. Hala ere, ezin etsi dute hamabost kilometroko eremuan bizitzera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.