Minutuero milioi bat tona izotz galdu zuen Groenlandiak 2019an

Denera 532 tona izotz galdu zituen Groenlandiak joan den urtean. Glaziarrak erabat urtu ez daitezen CO2 emisioak gutxitu behar direla nabarmendu du ikerketa batek. 

Iceberg bat Innaarsuit herriaren ondoan, Groenlandian. KARL PETESEN / EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko abuztuaren 21a
12:42
Entzun

Klima larrialdiak bereziki erasaten dio Artikoari. 2019an, minutuero miloi bat tona izotz galdu zuen Groenlandiak, eta, munduko gainerako herrialdeekin konparatuz, tenperatura azkarrago igotzen ari da han. Iazko datuak kaleratu berri dituzte hainbat zientzialarik, eta nabarmendu dute denera 532 tona gutxitu zela bertako izotz kopurua.Communication Earth & Environment aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta Nasaren Grace satelitearen bidez lorturiko irudiak erabili dituzte ikerketa egiteko.

Ikerketa egin duten zientzialarien aburuz, Groenlandiaren gainean egondako aire masa beroak izan dira iazko izotz galera handiaren erantzule nagusiak. Aire masa beroak klima aldaketaren ondorio dira, eta gero eta sarriago izaten da fenomeno hori. Gainera, aire masa beroek bertzelako ondorio bat ere uzten dute: elurte gutxiago izatea. Elur gutxi egin zuen iaz, eta, beraz, elur gutxi gehitu zaio orain arte glaziarretan zegoen izotzari.

Hala, izotz geruzaren ia %96 urtu zuen 2019ko uneren batean. 1981etik 2010era aldiz, bataz bertze %64 bakarrik urtzen zen. 1948tik aitzinerako datuak aztertuta, azken hamar urtetan neurtu dira izotz galerarik handienak. 

«Datuak aztertuta, 2019a urte etsigarria izan da», nabarmendu du datuen azterketaz arduratu den Ingo Sasgen zientzialariak. Sasgenek, ordea, dio datu txarrak ez direla sorpresa izan: «2010ean eta 2012an ere izotz anitz urtu zen. Eta urteekin gora egingo du kopuruak». Datorren urteak erabakigarriak izango direla nabarmendu du zientzialari taldeak. Urtzen den izotza ere kezka iturri dela nabarmendu du Sasgenek. Izan ere, azken urteetako beroen ondorioz, goiko geruzetan dagoen izotz zuria urtu egin da, eta horrek izotz gogorragoa azeleratu duela azaldu du. Izotz horrek gutxiago jasaten du beroa.

Azken urteetan urtutako izotz kantitatea igo egin bada ere, tartean urte hotz eta onak izan dira: 2017a eta 2018a. Alta, bi urte hotz horiek ez dute konpentsatu urte beroetan galdutako izotza. «Groenlandiaren joera aldatu da», azpimarratu du Sasgenek. Hala, urtez urteko joerak aldatu direla erran du, eta Groenlandia «bipolarra bihurtu» dela nabarmendu du.

CO2 emisioak gutxitzeko beharra

Ikerketaren arabera, azken urteetako joerak, ordea, ez du glaziarra erabat urtzea ekarriko. Horretarako CO2 kopurua gutxitu behar dela nabarmendu du Sasgenek; «CO2 kantitatea gutxitzen badugu, klima beroaldia gutxituko dugu, eta, beraz, horrek izotzaren urtzea mantsotuko du, eta uraren maila ez igotzea eragingo du. Izotzaren zati handi bat urtuko litzateke, baina prozesua moteltzea lortuko genuke» nabarmendu du Sasgenek.

Joan den astean Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketaren ondorio ezberdin bat atera du ikerketa honek. Izan ere, Artikoko izotza 2035. urterako urtu daitekeela ondorioztatu zuten bertan. Ikerlariek Artikoan duela 130.000-116.000 urte inguru zer gertatu zen hartu zuten oinarritzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.