Gazako egunerokoa (19)

«Minutu horrexetan hil zen bera, eta salbatu nintzen ni»

(ID_13324065) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Bizi arrastoen edo gorpuen bila, Gazan, azaroaren 5ean. MOHAMMED SABER / EFE
2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Azaroak 5, igandea

Hogeita hamargarren eguna. Ezkerreko hankan zauria egin dut bart gaueko erasoan. Orain arte, sekula ez zait hain gertu suertatu aire eraso bat. Arratseko zazpiak aldean izan zen. Farajen etxetik ez oso urrun aparkatua nuen autoa, eta oinez segitzeko asmoa neukan, baina halako batean aita ikusi nuen, nire arreba Aminaren etxerantz, zeina bost solairuko eraikin batean baitago, geunden lekutik hogei bat metrora. Aitak laguntza eskatu zigun, berak bakarrik igo behar baitzituen eskailerak, ilunetan. Nire seme Yasserrek eskutik heldu zion, eta harekin joan zen. Ni zain nengoela, Fakhri ikusi nuen, aspaldiko lagun bat; beste aldera gurutzatzen ari zen, eta dei egin nion, harekin hitz batzuk egiteko. Ni baino zaharragoa da Fakhri, gure auzoan oraindik ezkerreko alderdi batera afiliatuta dauden gutxietako bat, eta justu aurreko gauean esaten aritua zitzaidan benetako ezkertiar bat sekula ez dela aldatuko fakzio erlijioso batera, haren ustez fakzio erlijiosoak berez baitira eskuindarrak. Kamarada batzuk erlijioso bihurtuak zitzaizkion egun batetik bestera, eta horri buruz ari zen. Dei egin nionean, esan zidan komunera joan behar zuela eta minutu bat barru etorriko zela. Minutu horrexetan hil zen bera, eta salbatu nintzen ni.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Bat-batean, misil burrunbatsu eta suntsigarri bat lehertu zitzaidan aurrean. Su horma batek jo ninduen, eta kea hedatu zen. Konturatu nintzenerako, hauts hodei baten erdian nengoen. Korrika alde egiten saiatu nintzen. Hondakinak erruz erortzen ari zitzaizkigun gainera. Burua eskuez babestu, eta hegoalderanzko pasaleku estu batean barna joan nintzen korrika, zerbaiten azpian gerizpetu nahian. Ez dakit nolatan, baina zapatarik gabe nengoen. Oinutsik joan nintzen lasterka, nire anaia Mohammed eta Ibrahimekin batera. Baina, berrehun bat metroren ondoren, gelditu egin behar izan nuen. Arnasberritzen ari nintzela, entzun nuen jendea etxetik irteten ari zela oihuka, haien eraikinak ere joak baitzituzten hondakinek eta hegan ateratako hormigoi puskek. Pixka bat geroago, berriz ere autora itzuli, eta zapaten bila hasi nintzen. Ordura arte ez nuen ezertxo ere sentitu, baina orduan bai: zerbait bero nabaritu neukan hankan. Odola. Odola franko. Eskuaz garbitu, eta erasoan suntsitutako eraikinetarantz jo nuen. Bost eraikin guztiz eraitsita zeuden; kalearen beste aldeko etxe gehienak ere, kaltetuta. Anbulantzia iritsi gabe zegoen oraindik; hortaz, banuen zer egina. Nire senide Fuad-en etxea garretan zegoen, partez erorita. Kosta zitzaigun sartzea. Batzuk albo bateko pareta bota nahian hasi ziren, barneratu ahal izateko. Baten batek oihukatu zuen norbait zegoela hondakinen azpian arbolatik gertu, kalean. Ahaleginak egin genituen denok hormigoia eta zementua gainetik kentzeko. Nire izugarri, Fakhri zegoen han behean. Hilda. Iritsi zen anbulantzia, eta iritsi zen Defentsa Zibileko taldea. Ohatila batean eraman genuen Fakhri. Fuad, berriz, haren etxeko atetik gertu aurkitu genuen. Zorionez, lortu genuen aurpegiaren inguruan zeuzkan hondakin batzuk kentzea, arnasa har zezan. Hamar minutu behar izan genituen, baina atera genuen azkenean. Haren emazte Maharen eta bost seme-alaben berri ere jakin genuen, ordea. Maha lehengusua du nire emazte Hannak. Dirudienez, seiak hil ziren sutean, edo lehenago. Niha, gure beste senide bat, bere logelan botata aurkitu zuten, hilda, kaleaz bestaldeko eraikin batean, erasoaren jomuga izandako eraikinetik hegan iritsitako hormigoizko leihoburu batek jota.

«Bat-batean, misil burrunbatsu eta suntsigarri bat lehertu zitzaidan aurrean. Su horma batek jo ninduen, eta kea hedatu zen. Konturatu nintzenerako, hauts hodei baten erdian nengoen. Korrik alde egiten saiatu nintzen. Hondakinak erruz erortzen ari zitzaizkigun gainera».

Halako batean, gertatutako guztiaren ondoren, leher eginda geratu nintzen, itota. Ezin nuen eraman, eta zorabiatzen hasi nintzen. Mohammedek hondakinetatik jaisten lagundu zidan, eta nirekin batera etorri zen autoraino. Esan zidan eramango ninduela ospitalera, baina zentzugabea iruditzen zitzaidan halako zauri txiki batengatik erietxera joatea, kontuan harturik beste batzuk besoak eta hankak galtzen ari direla. «Moldatuko naiz», esan nion. Farajen etxera iritsi ginenean, urez garbitu nuen zauria, eta zapi batez estali. Zauria garbitzen ari nintzen bitartean, besteek lanari ekin zioten. Izan ere, Farajen etxean ere gauza asko zeuden hondatuta: leiho guztietako beirak erauzita zeuden, eta ispilu, koadro eta are ateak berak ere, lurrean han-hemen botata. Halakoz estalirik zegoen zoru guztia, baita bestelako hondakin batzuez ere. Adham, Faraj, Yasser eta Mohammed jo eta ke aritu ziren guztia garbitzen, han lo egin ahal izan genezan. Garbitzen zuten bitartean, apenas esan genuen hitzik.

Gaur, prentsaren eraikineko ohe batean etzanda eman dut egunik gehiena. Badirudi gero eta min handiagoa egiten ari zaidala zauria. Berriz ere garbitu dut, gatzez eta urez oraingoan, eta beste zapi batez estali. Ia ez dut ezer egin egun osoan: atseden hartu, eta bezperan gertatutakoez gogoratu. Eta hil izan banintz, zer? Zeinek kontu egingo zion orduan Yasserri? Kalea gurutzatzear izan nintzen, Fakhrirengana hurbiltzeko… Erasoa segundo batzuk geroago izan balitz, neu geratuko nintzen hondakinen azpian. Lotan eman dut ia egun osoa. Gero, Jabaliarako bidean, Wissam ikustera joan naiz. Oso kostata igo ditut eskailerak. Kordea galtzear egon naiz. Ospitalean ezer ez da aldatzen, baina bai, dena areagotzen da: zauritu gehiago, min handiagoa, hildako gehiago. Kudeatzaileek kendu egin dute alboko kanpadenda zuria, gorputegi gisa erabiltzen zutena, eta behin-behineko instalazio bat jarri dute haren ordez. Baina hainbeste gorpu daude, ezen edukiontziaren kanpoaldean jarri behar izaten baitituzte batzuk. Zortea behar da hemen leku bat aurkitzeko, baita hilda egonik ere. Klaustrofobiak harturik, zerura begiratu dut, eta gogora etorri zait zer dagoen han goian.

Hanna gaixoa. Heriotza bat bestearen atzetik. Orain, lehengusina. Berriz ere entzun dut negarrez, telefonotik. Nik, ordea, hitz kontsolagarririk ez. Badakit hitzek ezin diotela lagundu. Eixaren etxera joan naiz atseden pixka bat hartzera, eta Farajenera joango naiz ondoren. Egunetik egunera tristeago gaude denok.

Hurrengo atala: «Berria jakin orduko, negarrez hasi naiz»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.