Maroko Guerguerat eremuan sartu izanak piztutako gerra ez daberehalakoan amaituko, Mohamed Limam Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak ziurtatu duenez; ez, behintzat, irtenbidea horren aurreko egoerara itzultzea baldin bada.
Zein da egoera frontean?
Gerrillen arteko gerra bat da, nahiz eta Marokok esanez dagoela gerrarik, inbertsoreak ez uxatzeko. Azkenaldian larriagotu egin zaion egoera sozioekonomikoa are gogorragoa bihurtuko den beldur da. Gainera, egoera hori hedatu egin daiteke ingurura, zoritxarrez. Aljeriak, esaterako, ohartarazi du egoera honek arriskuan jartzen duela bertako segurtasuna, erreferentzia eginez Marokoren eta Israelen arteko harremanei. Diplomazia proaktibo baten beharra dugu, egoera bideratzeko. Herrialde baketsu bat gara, eta gerra guztiak besteek inposatuak izan dira, baina prest gaude gure aberria askatzeko, eta, horretan, arrazoia eta nazioarteko legedia alde ditugu.
Militarki garaitu daiteke Maroko?
Irtenbide baketsu eta iraunkor baterako borondatea adierazi genuen, Marokorekiko aurreko gerra amaitzean. Guk gure hitza bete dugu, baina Marokok, ez. Hamasei urteko gerra bati eusteko gai izan da gure herria, eta orain lehen baino gaituago gaude borrokarako. Ez gara diskurtso belikoen oso aldekoak, baina gure herrialdea defendatzeaz eta oinarrizko eskubideak eskatzeaz ari gara.
Berriki, Marokok Israelen droneak erabili ditu. Aliatuen laguntzarekin armategia handitzen ari dela esan nahi du horrek?
Droneekin eraso dute ez direlako gai lurrez egiteko. Marokok armada osatu du klase baxuko herritarrei soldata ona emanda. Horrenbestez, aurrean duguna ez da borrokatzeko gogotsu eta konbentzituta dagoen armada bat, moralki baxu eta militarki gotortuta dagoen bat baizik. Militar marokoarrak erasotzeko momentu onena aukeratu dezakegu guk, eta haiek eguneko 24 orduetan adi egon beharra dute.
Marokorekin negoziatzeko prest azaldu da gaur [atzo]SEADeko Atzerri ministroa. Bada horretarako baldintzarik?
Afrikako Batasunaren azken bileran oinarrituta daude ministroaren hitzak. Erakunde horrek ahalegin diplomatikoak handitzea erabaki zuen, krisiari irtenbide politiko iraunkor bat emateko. SEAD Afrikako Batasunaren fundatzaileetako bat da, eta Marokok haren oinarriak errespetatu behar ditu, erakunde horrekin batu baitzen. Aldiz, nahiago du auzia NBEren Segurtasun Kontseiluaren esku utzi, Frantziaren eta beste aliatuen babesa izateko.
Zer espero duzu NBEren Segurtasun Kontseiluaren bileratik?
Ez askorik. Bi urte daramatzagu NBEren mandataririk gabe, eta Marokok bere tesiekin bat egingo duen norbait nahi du. NBEk proposatutako hautagaiak ez baldin badu bide orri jakin bat eta erreferendum bat antolatzeko determinazioa, ordea, hasierako puntuan geundeke, eta horrek ez du laguntzen aldeen arteko konfiantza sortzen. Auziari heltzeko modu berri baten froga ukigarriak eta irtenbide justu eta iraunkor bat lortzeko konbikzioa ez dauden bitartean, gure posizioa ez da aldatuko.
Zertan ari da NBE gaur-gaurkoz?
Minurso [autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko NBEren misioa] helburu zehatz batekin sortu zen: autodeterminazio galdeketa bat egitea Mendebaldeko Saharan. Arazoaren parte bihurtu da, ordea, irtenbidea izan beharrean. Menia eta bake ituna ikuskatzera soilik mugatu da, eta horrek ez du inongo ekarpenik egiten. Saharako aktibisten aurkako tratu bortitza nabarmena da, esaterako, eta horren aurrean ez du ezer egin. Haren eskumenak handitzen ez badira eta eginkizunesanguratsuago bat hartzen ez badu, ez dugu uste ezertarako gai denik. 29 urte igaro dira, eta hori da horren froga argigarriena.
Mohamed Limam. Fronte Polisarioko EAEko ordezkaria
«Minurso arazoaren parte bihurtu da, irtenbidea izan beharrean»
Militarki gotortuta dago Maroko, Limamen esanetan; Fronte Polisarioa, berriz, gerran uste osoz ari dela dio, betiere, irtenbide baketsu bati eskua luzatuta. Uste du horretarako NBEk jarreraz aldatu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu