Ministerioetatik gobernuburu izatera, okzitanieraz

Bayrou Justizia ministro izan zen 2017an, eta, horren aurretik, Hezkuntza ministro 1993 eta 1997 urteen artean; Pau herriko auzapeza da gaur egun. Ibilbide politikoan, hizkuntza gutxituen alde egin izan du; okzitaniera hiztuna da.

François Bayru, abuztuan, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
François Bayru, abuztuan, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 13a
18:58
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak François Bayrou izendatu du herrialdeko lehen ministro. 2017an, Justizia ministro izan zen Modem alderdiko presidentea, eta, gaur egun, Paueko auzapeza da —2014tik dago karguan—. Borneresen jaioa da (1951), Biarnon, eta okzitaniera hiztuna da.

Justizia ministro izateaz gain, Hezkuntza ministro izan zen (1993-1997). Garai hartan, ikastolekin elkarte kontratua izenpetu zuen, 1994an, hain zuzen; Bayrouren ministerioak hartutako erabaki horri esker, Seaskako irakasleak Hezkuntza Nazionaleko langile bilakatu ziren ofizialki. Are gehiago, 2017an Hur Gorostiaga garai hartako Seaskako zuzendariak BERRIAri adierazi zionez, Bayrouk hizkuntza gutxituen inguruko «sentsibilitatea» du. Hala ere, euskal departamenduaren kontra «sutsu» aritu dela salatu izan du euskalgintzak. Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidentea izan zen 1992tik 2001era.

Hizkuntza gutxituei dagokienez, Paueko auzapez zela okzitanieraren aldeko hainbat ekintza egin ditu. 2022an, esaterako, Hiria izeneko proiektua sortu zuen. Ekintza horren helburua okzitaniera hegemonikoa den gune bat sortzea izan zen, hiriaren barruan: sei eraikin birmoldatzean eta modernizatzean datza proiektua, eta haietan okzitanieraren alde egiten duten erakundeak eta ekintzak biltzean.

Baina, hizkuntza gaiei dagokienez, Bayrouk badu bereziki azpimarratzeko beste jarrera bat: Molac legea babestu zuen. Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea da Molac legearen izen ofiziala, eta haren helburua hizkuntza gutxituak eskola inguruan sustatzea zen. Lege horri esker, eskola ordu gehienak euskaraz, okzitanieraz edo bretoieraz egin zitezkeen. 2021eko maiatzean, baina, legea zentsuratu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak.

Garai hartan hamaika adierazpen egin zituen Modemeko presidenteak zentsura kritikatuz. L’Express aldizkarian argitaratutako elkarrizketan, esaterako, hizkuntza gutxituek «Frantziako ondarean» duten garrantzia azpimarratu zuen: «Frantziako hizkuntza ondarea osatzen duten hizkuntza horiek transmititzeko hamarkada luzez egin diren ahaleginak guztiz desagerraraztea ulergaitza, aurrekaririk gabea eta arriskutsua da».

Hizkuntza gaiez haragoko harremana du Frantziako gobernuburu berriak Euskal Herriarekin. Modem alderdikoa da Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria ere, eta biek euskal gatazkaren ondorioak konpontzearen aldeko jarrerak adierazi izan dituzte, Frantziako eta Espainiako gobernuei urratsak egin ditzatela eskatuz. Are gehiago, 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziaren inguruan mintzatu zenean, haren «garrantzia» goraipatu zuen: «Frantziako eta Espainiako gobernuek jarduera armatua uzteko ETAren engaiamendua entzun eta balioztatu behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.