AEBetako kostaldea jo du Milton urakanak, Florida estatuan, eta, uholdeak, txikizioak eta argindar eteteak ekarri baditu ere, haren eragina ez da espero bezain larria izan. Kostaldea jo aurretik, 4 mailakoa zen urakana, eta adituek «oso arriskutsutzat» jo zuten, baina, bart Floridan sartu orduko, 2 mailara jaitsi zen. Orain 1 mailakoa da, eta orduko 144 kilometroko haizeteak eragiten ari da. Edonola ere, agintariek adierazi dute larrialdiak bere horretan jarraitzen duela.
Milton urakanak 2,6 milioi herritar argindarrik gabe utzi ditu, batez ere Pinellas, Manatee eta Hillsborough konderrietan, eta zenbait lekutan ur hornidura ere etenda gelditu da. Txikizio batzuk ere eragin ditu urakanak: adibidez, Tampa Bay Rays beisbol taldeak erabiltzen duen Tropìcana Field kiroldegiko teilatua eraman du haizeteak, St. Petersburg hirian.
Urakana bera baino kaltegarriagoak izan dira hura iritsi aurretik sortutako tornadoak. Orotara, hogei bat tornado egon dira Floridan urakanari lotuta, eta horietako batek txikizio handiak eragin ditu St. Lucie konderrian, erretiratuentzako etxe multzo batean. Hango agintariek adierazi dute alderdi osoa txikituta gelditu dela eta «zenbait lagun hil» direla, kopuru zehatza jakiterik ez bazegoen ere. Oraingoz, baieztatuta dago gutxienez bi lagun hil direla horren eraginez.
AEBetara iritsi aurretik, Kuba jo zuen Miltonek, baina han kalteak «moderatuak» izan dira, agintariek azaldu dutenez. Uholde batzuk eta zenbait alderditan argindarra hamar orduz eten izana dira urakanak irla hartan utzitako ondorioak.