Miliziano armatuek Libiako Parlamentua okupatu dute

Gaddafiren agintepean lan egin zuten kideak gobernutik botatzeko exijitu diote Zidan lehen ministroari

Erredakzioa
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Libiako Gobernuak eratu eta egun bakarrera aurkitu du lehenbiziko oztopoa, hainbat miliziano armatuk parlamentua okupatu baitzuten atzo, Ali Zidan lehen ministroak osatutako kabinetearekin ados ez daudelako. Miliziano horiek ez dute nahi Muammar Gaddafiren agintepean lan egin zuen inor Zidanen gobernuan sartzea. Zidanek osatu duen gobernuan parlamentuko bi bloke nagusietako kideak daude batik bat: Indar Nazionalen Aliantzakoak —alderdi sekularra—, eta Anaia Musulmanen Justizia eta Eraikuntza Alderdikoak.

Atzo goizetik jendetza protestara elkartu zen Tripolin parlamentuaren kanpoaldean.BBCren arabera, gutxienez dozena bat kamioi zeuden hegazkinen aurkako misilez armatuta parlamenturako bide nagusian. Diputatuak saioa egiten ari zirenean sartu ziren milizianoak. Libya Herald egunkariaren arabera, airera tiro egin zuten. BBCko berriemailearen arabera, milizianoen artean Misratakoak zeuden. Gaddafiren aurka protagonismo handia izan zuen hiri horretako miliziak, eta gaur egun boteretsuena da —joan den hileko Bani Walideko setioan erabakigarria izan da, adibidez—.

Libya Herald-en arabera, batez ere bi ministroren izendapenarengatik kexatu dira milizianoak: Abulsalam Mohammed Abusaad Erlijio Gaietarakoarengatik, eta Ali al-Aujali Atzerri Ministroarengatik. Diotenez, Abusaad Libiako espioitza zerbitzuko buruzagi ohi Musa Kusaren hurbilekoa zen, eta Al-Aujali, berriz, Gaddafiren seme Saif al-Islamen hurbilekoa.

Ezegonkortasuna nagusi

Gaddafiren ondorengo Libiaren ezegonkortasun politikoaren azken adibidea izan da parlamentuaren okupazioa. Ia lau hilabete igaro dira hauteskundeak egin eta gobernua osatu dutenetik. Praktikan, ordea, aginte zentral eraginkorrik ez dago, miliziek armak baitituzte oraindik, eta, erakutsi duten bezala, baldintzatzeko ahalmena. Zidanek gobernuan bi bloke nagusiak bildu ditu, sekularrak eta islamistak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.