Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak laugarrenez berretsi du sexu bereko militarrek ezin dutela sexu harremanik izan armadan. Auzitegiaren ustez, harreman horiek eragina dute borrokarako gaitasunean eta diziplinan. Sexu berekoek bi urteko kartzela zigorra jaso dezakete sexu harremanak izateagatik.
Auzitegiak Zigor Lege Militarraren 92-6. artikulua konstituzionala zela esan zuen atzo, aldeko bost botorekin eta kontrako laurekin. Artikuluak, zehazki, ez du ezer aipatzen sexu berekoen arteko harremanen inguruan, baina «erlazio analak» eta «beste edozein ekintza lotsagarri» debekatzen ditu zerbitzuan dauden bitartean. Hemezortzi eta hogeita bat hilabeteko derrigorrezko zerbitzu militarra dute Hego Korean, eta munduko armadarik handienetarikoa du —70.000 soldadu—.
Koreako Militarren Giza Eskubideen zentroko buru Lim Tae-hoonek esan du erabakia «zentzugabea, ilogikoa, erregresiboa eta aurreiritziek bultzatutakoa» izan dela. Mundua azken hogei urteetan gutxiengoen aurkako diskriminazioa borrokatzen aritu dela azaldu du Limek, baina salatu du Hego Koreako epaileen iritzia ez dela aldatu.
AI Amnesty Internationaleko Asia Ekialdeko ikertzaile Boram Jangek epaiaren inguruko idatzi bat argitaratu zuen. Bertan,LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan «atzerapauso bat» dela adierazi zuen. Erabakiak Hego Korean LGTBI kolektiboaren inguruan dauden aurreiritziak azaleratu dituela gehitu zuen Jangek, eta «erasoak eragozteko eta berdintasuna ziurtatzeko» gobernuaren «ekintzarik eza» salatu zuen.
Artikuluak «diskriminazioa instituzionalizatu» duela gehitu zuen Jangek, eta LGTBI kolektiboko jendearen aurkako biolentzia «bultzatu» edo haienganako erasoak «justifikatu» ditzakeela esan. Adierazi zuen artikuluak ez duela lekurik Hego Koreako gizartean, eta «berehala» kendu behar dela aldarrikatu zuen. Hego Koreako diputatuei dei egiten zien artikulua baliogabetzeko.
1962tik indarrean
Sexu bereko militarren arteko sexu harremanak 1962. urtetik debekatuta daude, legea indarrean jarri zenetik. Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak lau aldiz berretsi du 92-6. artikulua konstituzionala dela, 2002an, 2011n, 2016an eta aurten, hainbat herrialde eta Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen arloko agentziak aurka agertu ziren arren.
Iaz, auzitegi militar batek kartzela zigorra ezarri zien bi militarri sexu harremanak izateagatik. Militarrek sexu harreman adostuak izan zituzten armadaren instalazioetatik kanpo, eta zerbitzuz kanpo zeudenean. Auzitegi Gorenak epaia aztertu zuen, eta bertan behera utzi zuen; argudiatu zuen 92-6. artikulua ezin dela aplikatu armadaren instalaziotik kanpo izaten diren sexu harremanetan.
Militarren arteko erlazio homosexualen debekua berretsi dute Hego Korean
Auzitegi Konstituzionalak laugarrenez berretsi du sexu bereko militarrek ezin dutela sexu harremanik izan armadan, diziplinan «eragina» izan dezakeelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu