Atzo, Amadou Abdraman Nigerko armadako koronelak asteazkeneko estatu kolpearen berri eman eta gutxira, Abdourahmane Tchiani jeneral eta Presidentetzaren Guardiako komandanteak bere burua izendatu zuen junta militarreko buru. Hamar urtez izan da Presidentetzaren Guardiako komandantea, baina asteon kendu behar zuten kargutik. «Armadako goi kargudunek askotan ohartarazi diete gobernuko kideei haien segurtasun neurriak eta kudeaketa ulergaitzak eta eraginik gabekoak izan direla. Azkenean, esku hartu behar izan dugu», esan zuen atzo, herrialdeko telebista publikoan egindako agerraldi batean.
«Segurtasun egoeraren okertzea» argudiotzat hartuta eman zuten amaitutzat Mohamed Bazoumen agintaldia, asteazkenean, eta CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala eratu. Gobernuburua atxilotu eta kargugabetu zutenetik, bost neurri ezarri dituzte. Horietan azkena, hauxe: alderdi politikoen jarduera guztiak «behin-behinean» etetea. Halere, ezarri eta gutxira urratu dute neurrietako bat, mugarena.
Frantziako hegazkin militar batek lur hartu zuen herenegun Niamei hiriburuko aireportuan. CNSPk ez zuen begi onez ikusi Frantziaren esku hartzea, eta «neurriak zorrotz errespetatzea» exijitu zuen. Atzo, Frantziak adierazi zuen ez duela Tchianiren agintea aitortzen.
Haren kolonia izandakoa da Niger, eta, oraindik ere, presentzia militar zabala eta interes ekonomiko handiak ditu han. Egun, Frantziako 2.500 militar inguru daude Niger eta Txad artean. Muturreko islamisten kontra borrokatzea da horien egitekoa, eta horretan ari dira, hain justu, Sahel eskualdeko bi frontetan, Nigerko hego-mendebaldean eta hego-ekialdean.
Bada, interes ekonomikoak eta militarrak tarteko, auzia arretaz aztertzen ari dira Parisen. Frantziako presidente Emmanuel Macronek Bazoumekin hitz egin zuen atzo, eta esan zuen Nigerko gobernuburua ondo dagoela. Halere, Bazoum «aske» uzteko eskatu zuen.
Militarrek «segurtasuna» erabili dute argudio gisa Nigerren kolpea emateko
Junta militarrak Nigerko alderdi politikoen jarduera guztiak eten ditu behin-behinean. Macronek Bazoum presidentearekin hitz egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu