Militarizazioaren alde egin dute Ekuadorko herritarrek

Noboak herritarren babesa jaso du erreferendumean egindako galderetatik gehienetan; soilik neurri ekonomikoei buruzkoak bota dituzte atzera. Parte hartzea %72 izan da.

arantxa elizegi egilegor
2024ko apirilaren 22a
11:25
Entzun

Daniel Noboa presidenteak aurkeztutako «segurtasun» neurriek babes zabala izan dute Ekuadorko herritarren artean. Atzo erreferendumean eta herri galdeketetan bozkatutako 11 proposamenetatik bederatzi sostengatu dituzte herritarrek, krimen antolatuaren aurkako neurriekin lotutakoak guztiak; atzera bota dituzte, ordea, estatuburuak proposatutako bi neurri ekonomikoak, nazioarteko ikuskaritzarekin lotutakoa bata, eta ordukako lan kontratuei buruzkoa bestea.

Krimen antolatuaren aurkako operazioetan militarrak eta Polizia elkarrekin aritzeari buruzko galderak lortu du babesik handiena: baiezkoak izan dira botoen %73,05. Hala, gobernuak konstituzioa moldatu ahal izango du, salbuespen egoera ezarri beharrik gabe bi indarrak elkarrekin aritu ahal izateko. Horrez gain, atzerrian delituren bat egin duten Ekuadorko herritarren estradizioa bideratzearen alde ere bozkatu dute herritarrek, betiere eskaria egin duen herrialdean heriotza zigorrik ezartzen ez bada, eta «tratu umiliagarririk edo ankerrik» hartzeko arriskurik ez bada. Ez da estradiziorik onartuko delitu politikoetan, baldin eta «terrorismoarekin edo gizateriaren aurkako krimenekin» zerikusirik ez badute. Neurri horrek %65,11ko babesa jaso du.

Erreferendumaren emaitzek argi utzi dute gaur-gaurkoz herritarren babesa duela Ekuadorko presidenteak, nahiz eta parte hartzea ohi baino apalagoa izan —herritarren %72 joan ziren bozkatzera—. Izan ere, iazko azaroan egin zuen karguaren zina Noboak, Guillermo Lassok hasitako agintaldia amaitzeko konpromisoarekin. Hala, galdeketek emandako indarra baliatuta, estatuburuak dagoeneko iragarria du datorren urteko hauteskunde orokorretara aurkezteko asmoa. «Herrialdea babestu dugu, eta orain tresna gehiago izango ditugu delitugileen aurka jo eta Ekuadorko familiei bakea itzultzeko», esan du Noboak.

Berehala indarrean

Emaitza ofizialak argitaratu bezain laster sartuko dira indarrean galdeketetan aurkeztutako proposamenetatik hiru: armadaren esku hartzeari dagokiona, estradizioena eta konstituzioarekin lotutako auziak aztertuko dituen epaitegi sistema bat eratzea aurreikusten duena. Herritarren babesa jaso duten beste sei neurriak Ekuadorko Parlamentuak berretsi beharko ditu. Horietako bat zera da, espetxeetako segurtasunaren ardura armadaren esku uztea eta krimen antolatuarekin lotutako zigorrak gogortzea.

Parlamentuak eztabaidatu eta babestu beharko du berez Polilziak eta militarrek baliatzen dituzten armak edukitzea delitutzat jotzeko neurria, baita horiek eskuratutakoan segurtasun indarren esku uzteko agindua ere.

Dena den, Noboak ez du erraza izango bidea: Asanblea Nazionalean indartsu da oposizioa —eserlekuen %38 dituzte—, eta estatuburuak kritika ugari jaso ditu azken asteetan Mexikoren enbaxadan indarrez sartu ostean —Mexikoren babes politikoa zuen Ekuadorko presidenteorde ohi Jorge Glas atxilotu zuten apirilaren 6an—.

Agintean den alderdiak ez bezala, galdeketak «porrota» izan direla ondorioztatu du oposizioko Rafael Correa presidente ohiak. Ezezkoaren aldeko kanpaina egin du hark, eta nabarmendu du neurri ekonomikoak atzera bota izanak argi uzten duela presidentearen «babes falta»: «Diktadoregai baten goraldia geldiarazi du Ekuadorko herriak».

Noboak aurkeztutako neurriez oso kritikoa da Correaren alderdia, baina ez da bakarra. Giza Eskubideen Aldeko Ekuadorko Batzorde Iraunkorrak ohartarazia du segurtasun arloko neurriek kolokan jar ditzaketela giza eskubideak, «herrialdea militarizatzea» dutelako helburu. Estatuburuak bozketan jasotako babesa ikusita, ordea, argi geratu da herritarrek eurek ere ez dutela bide alternatiborik ikusten.

Indarkeria

Galdeketa eguna ez zen erabat lasaia izan. Ekkuadorko Rodeo presondegiko zuzendari Cosme Parrales hil zuten tiroz. Bost egun ziren Parralesek espetxeko zuzendari kargua hartu zuela. Astebetean hil duten Ekuadorko hirugarren goi karguduna izan da. Joan den astean, legez kanpoko meatzaritza eremuetatik gertuko bi herritako alkateak hil zituzten.

Ohikoak dira hilketak espetxeetan, baina baita haietatik kanpora ere. Iaz, 100.000 biztanleko 45 pertsona hil zituzten batez beste. Horregatik babestu dituzte herritarrek Noboak proposatutako segurtasun neurriak. Kartzeletan, berriz, 500 preso inguru hil dituzte 2020az geroztik.

Testuinguru horren ondorioz, segurtasun neurri zorrotzak izan ziren atzoko beste protagonista. Poliziak eta militarrak zebiltzan bozkalekuetako sarrera-irteeretan, botoa ematera zihoazenei poltsak eta bizkar zorroak miatuz. Orotara, 57.000 polizia aritu ziren zaintza lanetan azken egunetan, eta atzo 500dik gora lagun atxilotu zituzten, hainbat delitu egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.